'Antiquity' aldizkariaren bermea jaso du Irulegiko aztarnategian egindako lan arkeologikoak

Aranzadi elkarteak egindako indusketaren nondik norakoei buruzko artikulu bat argitaratu du arkeologiari buruzko agerkari prestigiotsuak, eta Irulegiko Eskuaren baskoierazko idazkiari buruzko hainbat zehaztapen bildu ditu, besteak beste.

Irulegiko Eskuaren irudia
Irulegiko Eskua
Inigo Astiz
2024ko otsailaren 20a
12:30
Entzun

Lehen mailako zigilua jarri dio Aranzadi Zientzia Elkarteak Irulegiko indusketa gunean egiten dabilen ikerketari. Arkeologiaren arloan erreferentziazko zientzia aldizkaria da Antiquity, eta Aranzadikoek Arangurenen (Nafarroa) egindako aurkikuntzei buruzko artikulua dakar otsaileko zenbakian. 2021etik gaur arte egindako aurrerapenak kontatzen dituzte bertan Mattin Aiestaran Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak, Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko Latindar Filologiako katedradunak eta Joaquin Gorrotxategi EHUko Indoeuropar Linguistikako katedradunak.

Aurrez, Gorrotxategik berak eta Ekaitz Santazilia Nafarroako Unibertsitateko filologo eta hizkuntzalaritzako doktoreak editatuta, lehen lerroko hainbat hizkuntzalarik Irulegiko Eskuko idazkunei buruzko beren hipotesiak eman zituzten Fontes Linguae Vasconum aldizkarian, eta BERRIAk zabal jorratu zuen gaia. Aditu horien hitzetan, oraindik ezin zen loturarik egin eskuan ageri zen testuaren eta euskararen artean. Eta ikerketa haien berri ere badakar orain argitaratu duten artikuluak.

Baskoierazko lehen testu osoa

Eta, hain zuzen ere, Irulegiko Eskua da Antiquity aldizkariko artikuluaren ardatz nagusia ere. Tituluan bertan dakar testu horri buruzko erreferentzia: A Vasconic inscription on a bronze hand: writing and rituality in the Iron Age Irulegi settlement (Ebro Valley) (Inskripzio baskoniko bat brontzezko esku batean: idazkuntza eta erritualtasuna Irulegiko Burdin Aroko herrixkan [Ebro Ibarra]). Eta, Aranzadi zientzia elkarteak argitalpenaren berri emateko zabaldutako prentsa oharraren arabera, hari buruzkoak dira artikuluan datozen pasarteetako asko ere.

Eta testua baskoieraz dagoela dio artikuluak. Velazak berak BERRIA egunkariari aurreratutako hipotesia berretsiz, alegia.

Eskua azpisistema grafiko paleohispaniko batean idatzita dagoela dio Antiquity-ko artikuluak, eta hori dela orain arte dokumentatu den epigrafia baskoiaren lehen testu osoa. Eta, horren arabera, artikulua sinatu duten adituen hitzetan, eskuak ziurtatzen du baskoiek bazekitela beren hizkuntzan idazten. Eskuarekin batera indusketetan topatu dituzten beste idazketa tresna batzuek ere indartzen dute hipotesi hori. Izan ere, adituek jakinarazi dutenez, eskua berreskuratu zen etxearen barruan, inskripzio esgrafiatuak dituzten bi zeramika ez ezik, oholtxoetan idazteko erabiltzen zen stilus bat ere topatu dute, besteak beste.

Baskoiek euren hizkuntzan idazten bazekitela berresten dute industegian topatutako idazketa tresna batzuek, 'Antiquity' aldizkariko artikuluaren arabera.

Pieza bigarren aldiz zaharberritu ondoren, Gorrotxategik eta Velazak egindako transkripzio zehatza ere badakar artikuluak. Hala, Irulegiko testuak bi berritasun ditu: batetik, lehen hitzaren irakurketa bereizia da, bertsio esgrafiatua (sorioneke) eta punteatutako bertsioa (sorioneku) baitaude; eta, bestetik, bigarren lerroko lehen zeinuan aldaketa bat izan da, eta orain «te» hitzaren ordez «ku» hitza transkribatu dute.

Ihesaldi baten aztarnak

Irulegiko aztarnategiari buruzko kontestualizazio sakona ere egiten du artikuluak. Zehazten denez, Brontze Aroaren erdialdean sortu zen —K.a. XVI.-XII. mendeen artean— eta K.a. I. mendearen lehen hereneraino izan zituen biztanleak, harik eta eraso baten ondoren herritarrek alde egin zuten arte. Eta garrantzitsua da eraso hori, neurri batean, berehala ihes egin beharraren ondorioz mantendu direlako garai hartako bizitzaren arrastoak aztarnategian.

Ikerketa arkeologikoari «bultzada bat» ematen dio artikuluak, Aranzadi zientzia elkartearen hitzetan, eta lanen maila zientifikoa berretsu du.

Eraso hori Sertorioren gerraren testuinguruan kokatzen dute artikuluaren egileek, K.a. 82. eta 72. urteen artean. Erromatarren arteko gerra zibila izan zen gatazka hura, eta herrixkaren suntsipena gerra kanpainaren testuinguru horretan interpretatu behar dela azaldu dute. Aranzadi zientzia elkarteak argitalpenaren berri emateko zabaldutako oharraren arabera, Kinto Sertorio gobernadorearen eta Gneo Pompeio Magnoren arteko liskarrarekin sortu zen kanpaina hori, eta Iberiar penintsulako zati handi batera zabaldu zen, bereziki Ebrora. Eta, diotenez, Irulegi suntsitu eta abandonatu izanaren zantzuak argiak dira, Aiestaranen taldeak 2018az geroztik aztarnategiko hiru eraikinetan eta kale nagusiko zati batean egindako indusketen arabera.

Aranzadiren hitzetan, Antiquity aldizkarian argitaratutako artikuluak «bultzada berria» eman dio ikerketa arkeologikoari, eta Aiestaranen taldeak erabilitako metodologiaren maila zientifikoa berresten du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.