Literatura

Antoñanaren azkenekoa, euskaraz

Pamielak euskarara ekarri du Pablo Antoñanaren azken eleberria: 'Odola oroi'. Bigarren Karlistaldian eta 1936ko gerran jazotako bi gertakaritan oinarrituta dago

Ane Eslava.
Iruñea
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
1874ko karlistaldia eta 1936ko gerra. Hirurogei urteren tarteak bereizitako bi gerra; «ezberdinak, baina oso antzekoak». Historiaren bi une horiek harilkatuz ondu zuen Pablo Antoñana (Viana, 1927 - Iruñea, 2009) idazle nafarrak Relato cruento izeneko eleberria, 1977an. Familia baten istorio pertsonaletik abiatuta, historia ofizialera jauzi egin zuen; gerraren erdian gertatzen diren gerra pertsonalak islatuz, orduko gizartearen ezaugarriak erretratatu zituen. Antoñanaren azken eleberria izan zen hura, eta haren idazteko era borobildu zuen. Orain, idazlearen heriotzaren hamargarren urteurrenarekin bat eginik, Pamiela argitaletxeak euskarara ekarri du eleberria, Odola oroi izenburupean. Luis Mari Larrañagak euskaratu du lana, eta iragan astean aurkeztu zuen, Elvira eta Blanca Antoñana idazlearen alabekin eta Toño Murorekin batera, Iruñeko Katakrak liburu dendan.

«Aita harro sentituko litzateke bere seme kuttun bat euskaraz ikusteagatik». Esaldi horrekin zabaldu zuen Elvira Antoñanak aurkezpena, eta euskara —aitak zahartzaroan ikasitako hizkuntza— haren «pasioa» zela nabarmendu zuen. Odola oroi ez da, halere, euskaraz irakur daitekeen Antoñanaren lehenbiziko lana. 2015ean, Pamielak Kronika txikia eleberria ekarri zuen euskarara, kasu horretan ere Luis Mari Larrañagaren eskutik. Baina bigarrena izanagatik ere, idazlearen alabentzat «pozgarria» da aitaren eleberri bat euskaraz aurkeztu ahal izatea, eta, bera «harro» legokeen modu berean, alabak ere «harro eta eskertuta» daude.

Jendartean arrakasta handirik lortu ez bazuen ere, kritikak txalotu egin zuen Odola oroi eleberria: Nafarroako Narratiba saria jaso zuen 1977an. Liburua bi gerra horietako antzeko bi gertakaritan oinarrituta dago. Lehenbiziko pasartea Bigarren Karlistaldiko testuinguruan militar batek egindako bortxaketa batekin abiatzen da. Gertakari horrekbiktimaren familiaren mendeku gogoa pizten du, eta «gerra pertsonal bat sortzen da gerra baten barnean», itzultzaileak aurkezpenean adierazi bezala. Bigarren pasarteak, berriz, 1936ko altxamendu militarra kontatzen du, familia bereko kide baten bizipenetatik abiatuta.

Gerra da, beraz, liburua zeharkatzen duen gaia. «Gerra eta odola», Larrañagaren esanetan, «nahiz eta parte hartzaileek ez dakiten zergatik egin behar duten gerra». Mende erdik bereizten dituzten gerra horiek badituzte elementu komun batzuk, haren iritziz: «Jainkoa, aberria eta eliza». Eta hirugarren horrek, Elizak, gerra garaian hartutako rola erakusteko, itzultzaileak liburuko pasarte bat ekarri du gogora, apaiz baten hitzak erabilita: «Elizaren ahotsak agintzen du, eta gaurtik aurrera 5. agindua, Ez duzu inor hilko, eten egingo da». Adierazpen horietan ikus daiteke gerraren «zentzugabekeria», haren irudiko.

Galtzaileen eta garaileen logikatik aldenduta, Antoñanak harago begiratu eta gerraren garrazkeria erakusten du lanean: gerraren miseria fisikoa eta morala. Gerra erretratatuz, gainera, orduko gizartearen erradiografia bat egiten du idazleak, Larrañagak azaldu zuen moduan: «Nagusien eta morroien arteko harreman desorekatua, landa eremuaren antolaketa soziala eta gizarte garaikideago batera igarotzeko trabak islatzen ditu». Hori dela eta, ororen gainetik, «historia eskola bat» da Antoñanaren azken liburua.

Hizkera «zorrotz eta aberats» batekin idatzi zuen horretaz guztiaz Antoñanak. Murok eta Larrañagak nabarmendu egin dute haren idazkera bikaina. «Valle-Inclan izan zen haren maisurik handiena, eta hark erabiltzen zituen hitz batzuk erabili zituen Antoñanak; horrez gain, idazkaria zen, eta paper zaharretatik ere inspiratu zen lexikoa osatzeko», adierazi du Murok.

Harekin bat dator Larrañaga: «Ez da xehetasunetan murgiltzen eta lardaska hasten; gauzak argi eta garbi adierazten ditu, soberako apaingarririk gabe; bai, ordea, hizkera aberats eta zehatzez». Horren ondorioz, liburua euskaratzea «lan konplexua» izan dela gaineratu du itzultzaileak, eta irakurketa ere, hortaz, ez dela samurra izango. Beraz, historia eskola bat den moduan, «hizkuntza eskola bat» ere bada Antoñanaren lana.

Idazlearen azken nobela «mugarria» izan zen haren ibilbidean; idazlearen heldutasun garaiaren isla izan zen. Antoñanaren obra aztertu zuen Murok doktore tesi batean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bi garai identifikatu zituen haren ibilbidean. Lehena 1960ko hamarkada da; garai hartan, Antoñanak lau eleberri ondu zituen: El capitán Cassou, No estamos solos, La cuerda rota, eta El sumario. Bigarren garaian, berriz, bi lan baino ez zituen idatzi: Kronika txikia eta Odola oroi. Horiekin lortu zuen «nobelagile gisa heldutasunera heltzea». Bi obrek antzekotasunak dituzte, biek kontatzen baitute familia baten barne gatazka, gerra testuinguruan —lehena 1936ko gerran girotuta dago—.

Testuinguru historikoa

Bi eleberri horietan erabilitako estetikan ikus daiteke idazlearen heldutasuna, Muroren ustez: «Idazleak orduan lortu zuelako konfiantza bere indar literarioan». 1962tik aurrera Diario de Navarra egunkarian igandero idatzi zituen artikuluek ere eragin handia izan zuten idazle gisa izan zuen garapenean. «Lexiko eta sintaxi oso aberatsa zuten artikuluek». Zehazki, adituaren ustez, 1968. urtean lortu zuen bere estiloa guztiz osatzea.

Garai hartan, gainera, aldaketa handiak egon ziren gaztelaniazko literaturan, Hegoamerikako idazleen gorakadaren eta errealismo magikoaren agerpenaren eraginez. Antoñanak berak onartu zuen errealismo magikoaren estetikatik elikatu zela. Hain zuzen, 1977an Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak sari bat eman zion Antoñanari Odola oroi eleberriarengatik, eta epaimahaikide zen Victor Manuel Arbeloak idazlea «gure García Marquez» zelaesan zuen.

Haren ibilbidearen azken aldian lortutako heldutasuna ulertzeko, Murok garrantzizkotzat jotzen du testuinguru historikoa aintzat hartzea. Trantsizio garaian ondu zituen azken lanak, eta, garai hartan, idazlea Jose Maria Jimeno Jurio historialariarekin elkarlanean aritu zen, gerra garaiko errepresioaren inguruan ikertzen, Iruñeko udal artxiboan. «Eta horrek eragina izan zuen eleberri honetan».

Larrañagak, Murok eta idazlearen alabek adierazi bezala, liburu hau da, Kronika txikia-rekin batera, Antoñanaren lanik «bikainenetakoa». Eta orain euskaraz irakur daitezke biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.