Antonio Zabala (Tolosa, 1928) jesulagun, idazle eta euskaltzaina atzo hil zen Iruñeko San Miguel erietxean, eta bihar arratsaldeko 16:30ean egingo dituzte haren aldeko hiletak Xabierko monastegian (Nafarroan). Izan ere, azken hamarkadan han bizi izan da Zabala.
17 urterekin sartu zen Jesusen Lagundian, eta Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen. 1959an egin zen apaiz. Handik 5 urtera, 1964an, euskaltzain izendatu zuten, eta 1999an Honoris Causa doktore Deustuko Unibertsitateak.
Nolanahi ere, Zabalak ekarpenik handiena herri literaturaren arloan egin zuen. Bertsoetarako zuen zaletasunak bultzatuta, bertsopaperak biltzen hasi zen 50.eko hamarkadan, eta zeregin horretan ez du inoiz atsedenik hartu.
Besteak beste, bilketa lan horren ondorio izan zen 1961ean Auspoa bilduma sortzea. 40 urtetik gorako bidean 300dik gora liburu argiratatu zituen: bertsolarien bertso bildumak, biografiak eta pasadizoak; erriko jendearen kontakizunak; garai bateko bizimoduaren berri ematen duten liburuak; erromantzeak; narrazioak... Euskal herri literaturaren gordailurik oparoena da gaur egun Auspoa liburutegia, eta bertsolaritzaren ikuspegitik ez ezik, antropologiaren, historiaren, soziologiaren eta literaturaren ikuspegitik ere berebiziko garrantzia du. Biltzaile, ikertzaile eta eragile izan da Zabala. Izan ere, biltzen eta ikertzen ez ezik, lan handia egin du zer kontatua zeukan jendea bilatzen eta horiek idaztera bultzatzen.
Heriotza
Antonio Zabala idazle, herri literatuaren biltzaile eta euskaltzaina hil da
Iruñeko San Migel erietxean hil da jesulagun tolosarra, 80 urterekin, azken urteetan Xabierko monastegian bizi izan ondoren. Han egingo dituzte hiletak bihar arratsaldean. Herri literaturaren gordailu handienetakoa den Auspoa bildumaren sortzaile eta gidaria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu