Literatura

Antxiñe Mendizabalek ‘Katona’ bere bigarren nobela argitaratu du

Egunerokoaren eta mitoen artean egiten du aurrera kontakizunak, errealitatearen eta fantasiaren artean, eta hainbat gairi buruz hitz egiteko bidea eman dio horrek egileari. Consonni argitaletxearekin plazaratu du lana idazleak.

Antxiñe Mendizabal, 'Katona' eleberriaren ale bat mahai gainean duela, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Antxiñe Mendizabal, 'Katona' eleberriaren ale bat mahai gainean duela, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko urriaren 6a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Behin bazen...» esaldiarekin abiatzen da Katona nobela; «ipuinak hasten diren moduan», Antxiñe Mendizabalek ohartarazi duenez. Eta kontakizunaren nondik norakoak azaltzeko, argumentuaren hasiera irakurri du segidan egileak: «Behin bazen umetxo bat jaio orduko Txerrenek bahitu zuena, eta berarekin hiru egun eta hiru gau kontsolaezin intzirika eman ondoren etxera itzuli behar izan zuena. Berekin geratu eta maitasun istorio eder bat elkarrekin biziko zuten asmoz eraman zuen. Eta eman zion neska jaioberriari idazle-arima, egunen batean euren amodioaren kontakizuna idatzi zezan, eskaintza ahaztezin batekin. Haurra itzuli behar izan zuen, ordea, eta, zapuztuta, mendekua hartu zuen». Egunerokoa eta mitoa, errealitatea eta fantasia uztartu ditu idazleak bere bigarren eleberrian, eta Consonni argitaletxearekin plazaratu du, Ana Juanek ilustratutako azalean bilduta.

Odolekoak (Elkar, 2020) izan zuen Mendizabalek estreinako nobela, eta lan berria oso bestelakoa dela azaldu du. «Liburu hau eleberri batean gertatzen den ipuin bat da, eta ipuinak ez-leku eta ez-denbora batean gertatzen dira». Aitortu du ez dakiela zehatz nola egin zuen batetik besterako jauzia. «Gogoratzen naiz idazten jarraitzeko gogoa nuela, eta bat-batean konturatu nintzen errealismoak edo hizkuntza naturalistak ez ninduela betetzen, eta begi-bistan daukagunak modu horretan kontatzeak pixka bat aspertu ere egiten ninduela. Eta orduan, beste norabait egin nuen salto».

Mitoak eta errealitatea nahasten diren lurralde lauso batera egin zuen jauzi hala, eta, idatzi bitartean, «pentsamenduari, arrazoiari eta logikari oso leku gutxi» eman zien testuan. Saiatu zen, halaber, emozioei ere ahalik eta toki txikiena uzten. «Istorio hau bihotzetik dago idatzita. Ikasi dut bihotzak orekatzen dituela pentsamendua eta emozioak, eta ariketa hori egin nahi izan dut bizitzan eta literaturan. Idaztea delako niretzat bizitzea; bizitzeko denbora da niretzat idazteko denbora». Aitortu du, halere, «bihotzaren hizkuntza ezezaguna» zitzaiola orain arte, eta istorioa sortzeko «ahots propio bat bilatu» behar izan duela.

Ahots horretatik idatzitako kontakizuna lau ataletan banatu zuen. Lehenak protagonistaren haurtzaroa eta nerabezaroa ditu hizpide; bigarrenak gaztaroa eta helduaroaren hasiera; hirugarrenak zahartzaroaren atarian uzten du emakumea; eta laugarrenean betetzen da haurra zeneko protagonistaren ametsa. «Irakurleak deszifratu beharko du amets hori zein den, zer sorgin hizkuntzaz dagoen idatzita».

«‘Katona’ idaztea eta argitaratzea maitasun eta desobedientzia ariketa bat izan da»ANTXIÑE MENDIZABAL Idazlea

Protagonistaren ibilerei segika ibiliko da irakurlea testu osoan. Mendizabal: «Txerrenekin hitzarmena egin ondoren, proba bat baino gehiago gainditu beharko du, hondoa joko du hamaika bider, ezagutuko ditu ilusio berriak, erdituko da eta erdibituko da, aurkikuntza liluragarriak egingo ditu, ezagutuko du gerra, erronka ezinezkoei desafio egin beharko die...». Eta etsaiak zein lagunak aurkituko ditu bidaia horretan. Hezur haragizkoak izango dira batzuk, alegiazkoak beste batzuk. «Funtsean, istorio hau da jaiotza ugariren eta heriotza askoren kontakizuna».

Testua sinbolismoz betea dagoela azaldu du egileak, irudimena izan baitu lanabes nagusi. Eta haurtzaroa, heriotza eta maitasuna ez ezik idazletza ere liburuaren gakoetako bat dela. «Esango nuke Katona idaztea eta argitaratzea maitasun eta desobedientzia ariketa bat izan dela».

Gotikoaren berrikuspena

Orain arte itzulpen lanak plazaratu izan ditu Consonnik —tartean, Mendizabalen Odolekoak gazteleraz eman zuen 2022an, Bego Montorioren itzulpenean—. Euskaraz idatzitako nobelak biltzen dituen sail berria abiatu du oraintsu, eta bilduma horretako bigarren lana da Katona.

Argitaletxeko editore Maria Murren hitzetan, «Odolekoak errealista zen neurrian, Katonak-k, aldiz, intimitate sakonago batera egiten du jauzia. Antxiñek fantasia erabiltzen du egia kontatzeko eta bere arima biluzteko».

Liburua oso garaikidea dela eta euskal literaturari «ekarpen berezi eta baliotsua» egiten diola ere adierazi du editoreak, gaur egun literatura unibertsalean jorratzen ari diren gai eta formatuak ekartzen dituela iritzita. Gai horietatik bi nabarmendu ditu: ekofeminismoa batetik, eta eleberri gotikoaren berrikuspena bestetik. Hain zuzen, «gotiko berri horrek ikuspegi feminista eta kritiko sakona» duela azaldu du, eta ildo hori lantzen ari diren nazioarteko beste idazle batzuen obren artean kokatu du Mendizabalen liburu berria.

Egileak irri artean aurreratu du, «maitagarrien ipuinen antzera, ondo» bukatzen dela nobelakoa ere, «protagonistak bere buruari egin dion etorkizuneko promesa, itxaropen ariketa» baita istorioa bera. Eta hala, honako esaldiarekin itxi du liburua: «Hala bazan, ez bazan, hala izan dadila».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.