Ekainaren 13tik 19ra Gasteiz proposamen artistiko ezberdinekin betetzeko asmoz sortu dute Zurrunbilo jaialdia. Sorkuntza garaikidea eta Euskal Herrian eta euskaraz egindako produkzioak izango dituzte ardatz. Tailer bat, sorkuntza prozesuan dauden piezen erakustaldia, umorea, musika eta errezitaldiak izango dira. "Jaialdiaren helburua euskal arte eszenikoak Gasteizera hurbiltzea da, hiriak arlo honetan sufritzen duen hutsunea bete nahi dugulako", azaldu du Unai Lopez de Armentia Baratza aretoko arduradun eta jaialdiaren sustatzaileak. Baratzak eta Parasite kolektiboak antolatu dute programazioa.
Ander Lipus aktoreak zuzenduko duen hogei orduko tailer trinko batekin abiatuko dira emanaldiak. Aktorearen dantza mekanikoa eta poetikoa izenburua jarri diote, eta bertan antzezpenerako teknika ezberdinetan sakonduko dute parte hartzaileek. Ehun euro balio du tailerrak, eta %20ko deskontua dute Baratzako eta TAE antzerki eskolako kideek.
Emanaldiak ekainaren 15ean hasiko dira. Oihander Euskararen etxean sortze-prozesuan dauden bost pieza labur aurkeztuko dituzte, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Doakoa izango da sarrera, Oihanederren egingo diren gainerako emanaldiak bezala.
Ekainaren 17an eta 18an bina antzezpen programatu dituzte. Ekainaren 17an, 20:00etan, Oh my God konpainiaren Zer duzu Amy? eskainiko du Oihanederren. Pare bat ordu geroago Anodino Teatroren Zerura eroria eramango dute oholtzara, Baratza aretoan.
Hurrengo egunean, ekainaren 18an, saio bikoitza izango da Baratza aretoan. 20:00etan Metrokoadroka konpainiaren Mr. Señora teatro errezitaldia egingo dute, eta bi ordu geroago, Atx Teatrok Bihotz salataria Edgar Allan Poeren obra ezagunaren bertsioa eskainiko du.
Emanaldien txanda ekainaren 19an, igandea, itxiko da, Tripak taldearen Aitaren larrua antzerki obra esperimentalarekin. Baratzan izango da, 19:00etatik aurrera. Jaialdia amaitzeko festa antolatu dute 20:30etan Gora tabernan, Joseba Irazoki musikariaren kontzertu batekin.
Baratza aretoan egingo diren obren sarrerak zazpi eurotan jarriko dituzte salgai. Eguneko bonuak hamar euro kostatzen ditu, eta jaialdi osorako bonuak, 22 euro.
"Euskal Herrian kalitatezko antzerkia ekoizten dela uste dugu, eta hiritarrek ikus dezaten nahi dugu", azaldu du Lopez de Armentiak, egitarauaren aurkezpenean. Aurtengoa lehenengoa izango da, baina urtero errepikatzeko asmoz sortu dute Zurrunbilo.