Antzerkia, eraldaketarako tresna gisa

Elkarbizitza sustatzeko xedez, 'Antzerki forum' proposamenean ehun saiotik gora egingo dituzte Donostia 2016 proiektuaren barruan

Inesa Ariztimuño, Xabi Paya, Elena Aranbarri eta Iker Uson, atzo, Donostia 2016ren gunean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gatazka baten erdian dagoenak ez du kanpotik begira ari denaren ikuspegi bera izango. Ezinezkoa da. Baina kanpotik, batzuetan, errazago ikusten dira auzi hori konpontzeko aterabide posibleak. Bestearen lekuan jartzea izaten da kontua, bestearen azalean sartzea. Eta ariketa horixe proposatzen die ikusleei Antzerki forum: eta hik zer? egitasmoak. Donostia 2016ren barruan, ehundik gora antzerki saio egingo dituzte; bakoitzean, publikoaren parte hartzea ezinbesteko oinarria izango da, gatazka jakin horiei irtenbideak proposatzeko eskatuko baitzaio ikusleari. Egitasmoaren bidez, elkarbizitza hobea sustatu eta gizartea eraldatzea bultzatu nahi da, Xabi Paya Donostia 2016ko Kultura zuzendariaren hitzetan.

Antzerki mota bat ez ezik lan metodo bat ere badela esan liteke antzerki foruma edo zapalduen antzerkia deritzona. Augusto Boal pedagogo, dramaturgo eta idazle brasildarra izan zen ildo horren sortzailea. Pentsatzen zuen antzerkiak bazuela gaitasunik gizarte eraldaketak sustatzeko, eta 1960ko hamarkadan antzerki ikusezinaren, periodistikoaren eta beste hainbat ildoren inguruan teorizatu zuen. Ildo horietako bat dago egitasmo horren oinarrian. «Antzerki forumaz proposatzen zuen teknika dramaturgikoek aukera ematen zuten gizarteko zenbait arazo eta gatazkari alternatibak bilatzeko, arazo sozial eta interpertsonalei nolabait bidea emateko», azaldu du Payak. 2008an Bakearen Nobel sarirako hautagai izan zen Boal, eta haren metodologia mundu osoan aitortua dela zehaztu du Payak.

Elena Aranbarri aktorea aditua da metodologia horretan, eta, May Gorostiagarekin batera, saioetan antzezle jardungo du. Bi orduko saioak izango dira, bi zatitan banatuta. Lehenean, sei eszena interpretatzen dituzte aktoreek, elkarren artean ezberdinak, baina denak egunerokoan edozeini oso ohikoak gertatuko zaizkionak eta erabat ongi bukatzen ez direnak —familia batean gertatzen da bat, autobus geltoki batean beste bat, azokan...—. Saioaren bigarren zatian, eszenetako bat aukeratu eta alternatiba bat proposatzeko eskatzen zaio publikoari. Iritzi horietatik batzuk aukeratu, eta boluntarioek, inprobisazioz, interpretatu egingo dituzte. «Publikoak pertsonaiekin konektatzea da xedea, enpatizatzea», Aranbarriren esanetan. «Halako saioetan, ikusi dugu nola erortzen diren gure lubakiak, eta nola, publikoari esker, elkartasun ekintza bat gauzatzen den».

Donostia 2016ko gune nagusian ez ezik, beste hainbat lekutan ere egingo dituzte saioak. Izan ere, edozein eragile edo elkarteri halako saio bat antolatzeko aukera eskaintzen dio proiektuak.

Baketik-ekin lankidetzan

Baketik fundazioarekin elkarlanean gauzatu dute proiektu jakin hau. Iker Uson fundazioko kideak azaldu duenez, 2006an Irlandan izan ziren, eta antzerki foruma ezagutzeko aukera izan zuten. «Eskoletan arrazismoari edota jarrera bortitzei aurrea hartzeko, antzerki foruma erabiltzen zuten, eta oso metodo berritzailea eta interesgarria iruditu zitzaigun». Hala, gurera ekarri, eta lehen proba egin zuten 30 eskolatan, 1.300 ikaslerekin. Izandako arrakasta ikusita, erakundeekin elkarlanean, urtero antolatzen dituzte halako saioak eskoletan, eta 25.000 lagunek parte hartu dute jada, askotariko gaiak jorratzeko: arrazakeria, bullying-a, bizikidetza, familia aniztasuna, bide segurtasuna... «Gizartean dauden arazo, gatazka eta errealitate ezberdinei aurre egiteko oso tresna baliagarria da», Usonen ustez. Bereziki, bi gaitasun ikusten dizkio metodologiari: ikusleak, parte hartzaile zuzena izanik, egoera eraldatzen zuzenean esperimentatzen duela, batetik, eta aldaketak eragitea posible dela frogatzen dutela, bestetik. «Mezu zuzena dago hemen: denok gara eraldaketarako subjektu».

Hiriburutzaren barnean, Bakearen Itsasargia ardatzean kokatu dute antzerki forumaren egitasmoa. «Giza duintasuna errespetatzea eta giza eskubideak sustatzea» du oinarri, Inesa Ariztimuño arduradunaren hitzetan.

Zenbait saio egin dituzte dagoeneko, eta heldu den asteazkenean izango da hurrengoa, Elgoibarren (Gipuzkoa). Saioetan parte hartu, saio bat antolatu edo informazio gehiago eskuratzeko, teatroforum.dss2016.eu atarian sartzera gonbidatu dituzte sustatzaileek herritar zein eragileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.