Antzerkiaren ertz guztiak arakatuko dituzte Azpeitian, 30 urteak ospatzeko

'Publikoari gorroto' emango du gaur Huts Teatrok, eta hilaren 9an Galder Perezek 'Su txikian' estreinatuko du

Ugaitz Alegria eta Martxelo Rubio aktoreak, Su txikian obraren entsegu batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azpeitiko (Gipuzkoa) Euskal Antzerki Topaketek 30 urteko bidea egin dute, eta antolatzaileek zalantzarik ez dute. «Urteetan Azpeitiak kulturaren alde egin duen apustu sendoaren emaitza dira, eta herrian guztiz finkatuak daude», esan du Eneko Etxeberria alkateak. Egitarau mamitsua osatu dute urteurrena ospatzeko. Antzezlan ugari izango dira gaurtik azaroaren 18ra bitartean. Obra amateurrak eta profesionalak tartekatuko dituzte, euskarazkoak guztiak ere.

Estreinaldien aldeko apustua egingo dute, beste behin ere. Hala, atzo Luhuson (Lapurdi) Ander Lipusen Huts Teatroak estreinaturiko Publikoari gorroto lanarekin emango diete hasiera, gaur, topaketei.

Heldu den ostiralean, berriz, Galder Perezek zuzendutako Su txikian obraren estreinaldia izango da Azpeitian. Loiolako elkarrizketen inguruan sortutako lana da Su txikian. Eta Glu-Glu konpainiak Soreasu antzokian erakutsiko du aurrenekoz, hilaren 9an. ETAren jardun armatuari amaiera emateko lagungarri izan ziren Loiolako elkarrizketak, baita bake prozesua abiarazteko oinarri ezinbesteko ere. Martxelo Rubio, Joxe Mari Carrere, Mañu Elizondo, Patxi Gonzalez, Gabriel Ocina, Libe Aranburu eta Ugaitz Alegria aktoreek jokatuko dituzte bilera horietan parte hartu zuten EAJko, PSE-EEko eta ezker abertzaleko politikarien rolak.

Goenkale telesail arrakastatsuak telebistatik antzerkirako jauzia egin du. Telesailaren ikus-entzuleei 18 urtean gertatutako gorabeherez zuzenean gozatzeko aukera emateko lana da, eta Jokin Oregiren zuzendaritzapean iritsiko da Azpeitira, bihar.

Orobat, Tartean taldeak Lingua Nabajorum emango du helduentzat, hilaren 10ean. Haurrentzat ere eskaintza zabala izango da: Patata tropikalaren Zapata gorriak (hilaren 4an), Panta Rheiren Auzokideak (hilaren 11n) eta Tartean-en Alabatxo (hilaren 18an) ikusi ahal izango dira.

Antzerkiaren ertz guztietara heldu nahi dute topaketen antolatzaileek. Eta, era berean, antzerkia ertz guztietara helarazi. Hala, Azpeitiko taldeek euren tartea izango dute egitarauan. Hilaren 15etik 18ra egingo dituzte saioak.Koldarrak taldeak Izan bedi emakumea aurkeztuko du, eta Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrak, Bai, nahi dut. Horretaz gain, eskoletako umeentzako saioak izango dira, hilaren 12tik 15era.

Azpeitiak euskal antzerkigintzan daukan garrantzia gero eta handiagoaren seinale da, Imanol Amenabar Kultura zinegotziaren esanetan, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak egoitza herrian izatea. Topaketetan ekarpena egin, eta mahai inguru bat antolatu du. Nola erein euskal teatroa izenburupean mintzatuko dira Patxo Telleria, Esther Uria eta Mikel Martinez.

Informazio gehiago eta egitarau osoa eskura izateko, bisitatu webgune hau:

www.azpeitia.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.