Antzerkizale Sarea jarri du abian EHAZEk, egiten diren lanei ibilbide bat emateko

Gilkitxaro, Bina-bina, Txirene, Kukuka eta Koldarrak taldeen emanaldiekin osatu du irail eta urriko egitaraua

EHAZEko kideak, sare bat irudikatzen, atzo Usurbilen egindako aurkezpenean. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Usurbil
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Zarauzko antzerki taldea Oiartzunen, Oiartzungoa Lasarte-Orian, Lasarte-Oriakoa Donostian, Azkoitikoa Usurbilen… Antzerkizale Sarearen programazioak hurrengo egunetan eskainiko dituen emanaldietako mugimendu horiek ederki islatzen dute EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak sare horrekin zer lortu nahi duen, Alex Tello EHAZEko Sustapen taldeko kideak azaldu duenez. «Herriz herri giro baten premia dagoela ikusten dugu. Programazioaren kopuruek behera egin dute, obrak estreinatzen dira, baina gero ez daukate emanaldirik… Antzerkizale Sarearen helburuetako bat da estreinatutako obrek ibilbide bat izan dezaten lortzea».

Horrekin batera, «herrietan giro bat sortu» eta «zaleek astero-astero zaletasunarekin eta maitasunarekin egindako euskal antzerkia aurkitu ahal izatea» ere nahi dute. «Antzerkizaleen, antzerki taldeen eta antzerkiaren eragile eta babesleen arteko elkarlana beharrezkoa izango da horretarako». Ekimenaren barruan talde amateurrek zein profesionalek hartuko dute parte, azken batean euskal antzerkia indartzea baita garrantzitsuena.

Irailaren amaieran jarri zen abian Antzerkizale Sarearen egitaraua Andoaingo Bastero aretoan, Bilboko Gilkitxaro taldearen 8 begi obraren emanaldiarekin. Urrirako lau emanaldi daude programatuta; sarrerak oso merkeak dira: hiru euro baino ez. Oraingoz,emanaldi guztiak Gipuzkoan programatu dira —eta Gipuzkoako taldeekin, Gilkitxaroren kasuan izan ezik—, baina aurrerantzean gainerako herrialdeetara zabaltzeko asmoa dute.

Azkoitiko Koldarrak taldearen emanaldia estreinaldia izango da. Koldo Campos idazlearen Izan bedi emakumea emango du Koldarrak taldeak Usurbilen, hilaren 26an. Latinoamerikako hainbat lekutan arrakastaz emandako obra da, orain euskarara itzulita aurkeztuko dutena.

Urte osoko egitaraua

Datorren urtean, 2013an, «urte osoko egitaraua josten» ahaleginduko direla agindu dute EHAZEko kideek. «Egon, badago antzerkia, baina lotura bat falta dela iruditzen zaigu, eta sarearen asmoa lotura hori gauzatzea da», azaldu du Tellok. «Denborarekin, ekimen honek indarra hartu ahala, gero eta talde amateur gehiago izatea espero dugu. Egia da antzerki lan batzuk urtean behin egitekoak direla, ikasturtearen amaieran, baina beste batzuek bilatzen dute ibilbide bat, eta merezi dute. Horiei beren obra zabaltzeko aukera eskaintzen saiatuko gara».

Antzerkizale Sarearen irail eta urriko programazioa amaitu eta gero ere, urtea amaitu arteko tartean ez du zeregin faltarik izango EHAZEk: azaroaren 3an Antzerkizale Eguna ospatuko da Usurbilen, Antzerki zaitut leloarekin, EHAZEk Usurbilgo Noaua! Kultur Elkartearen eta Txerriki antzerki taldearen laguntzaz antolatua. Ondoren, EHAZEk Azpeitiko Antzerki Topaketetan parte hartuko du —han emango da Antzerkizale Saria— , eta abenduan Durangoko Azokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.