Eskuin muturraren ideiak eta jarrerak eremu publikoan gero eta «konplexu gutiagorekin» adieraziak direla nabarmendu du Basaizea elkarteak, eta azpimarratu du horren aurka egiteko euskara eta euskal kultura biziaraztea etengabeko lana dela, «erresistentzia fronte» bat. Bide horietarik tiraka hasi zen Kulturaldia Baigorri aldean (Nafarroa Beherea) joan den aste hondarrean, eta apirilaren 30era bitarte iraunen du. Basaizea elkartekoek dagoeneko egin dute ohartarazpena: «Indartsu heldu da».
Izeba Txirrita antzezlanak zabaldu zuen Kulturaldiaren egitaraua apirilaren 4an. Sei eguneko tartea hartu ondoan, Xabier Itzaina ikerlariaren Ttunttuneroen gizartea liburuaren aurkezpen musikatua egin zuten atzo, Baigorriko Urdozeko kaperan, 19:30ean. Boga irakurle taldeak antolatu zuen jarduera, eta Xabi Etxeberrik musikatuko zuen saioa. Bihar berriz, Nor Naizen Baneki antzezlana emanen dute Baigorriko Plaza Xokon, 18:00etan. Axut eta Artedrama konpainiek ondu pieza da, zeinetan antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatua den.
Kneecap filmaren proiekzioarekin segituko du Kulturaldiak apirilaren 17an, Baigorriko Bil Etxean, 19:30ean. Izen bereko rap hirukote irlandarrak irlanderaren aldeko borrokan ukan eragina eta giroa jorratzen du ikus-entzunezkoak. Euskarazko azpitituluekin proiektatuko dute. Biharamunean, apirilaren 18an, Altxalili kabareta antolatu dute Aldudeko Alfaroinean (Nafarroa Beherea), 21:00etan. 2022ko Bekaturos egunean zenbait pertsona queer-ek osatu kabareta da. Ondotik, Julen Labaka eta Uxue Kerejetak eman erromeria aditzeko parada izanen da.

Nafarroaren Egunaren bezperan, ohi bezala, Musikaldia eginen dute, Baigorriko elizan, 20:00etan. Bi partetan iraganen da. Batuz koruaren emanaldia izanen da lehenik. Errenteriako Zaria (Gipuzkoa) eta Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko (Nafarroa Beherea) koruen arteko topaketaren emaitza izanen da. Bigarren partean, Iparraldeko Orkestrak Emakumende deitu kontzertua emanen du. XIX. mendetik egundainoko euskal artxiboetarik tiraka, emakumeak, ahotsak eta musika batzen dituela zehaztu dute. Apirilaren 30ean berriz, Xak, Paxkal Irigoien musikariaren proiektu berria entzuteko parada izanen da, Aldudeko Alfaroinean, 20:00etan.
Nafarroaren besta
Egunerako muntatu duten egitaraua Basaizearen webgunean beha daiteke, baita ekitaldietarako sarrerak erosi ere. Edonola ere, hauek dira antolatu dituzten jardueretako batzuk: 09:00etan, indarrak hartzeko, askaria izanen da ikastolan. Ondotik, 11:00etarik aitzina, desfilea eginen dute behereko plazatik gaineko plazara. Hainbat dantzarik hartuko dute parte —Agoitzeko eta Irisarriko dantza taldeetako kideek, adibidez—, eta, gero, ekitaldia eginen dute gaineko plazan.
Eguerditik aitzina, behereko plazan izanen dira jarduera gehienak. Herri bazkaria eginen dute 14:00etan, eta dagoeneko txartelak salgai dira. Hainbat kontzertu programatu dituzte 03:00ak arte. Hauek ariko dira, besteak beste: Xibalet, Jarauta, Elektrotxorongo, Goxua’n salsa, Puntu ta koma eta Estelle D.

Ohi denez, propio haurrei eskaini xoko bat ere prestatu dute Nafarroaren Egunerako. Puzgarriak, aurpegi tindaketa eta Itzuli Mitzuli kolektiboaren zirku emanaldia izanen dira. Baita bertso saio musikatu bat ere. Onintza Enbeita, Sarai Robles eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak ariko dira kantuan, Ainhoa Elizondok musikatu saioan.
Autobusak Baigorriraino
Basaizea elkarteko kideek autobusak antolatu dituzte Baigorrira joateko. Baionatik eta Donibane Lohizunetik (Lapurdi) joan ahalko da egunean berean, 09:00etan partiturik. Atharratzetik (Zuberoa) bertze autobus bat antolatu dute 08:30ean, eta Iruñetik ere bertze bat tenore berean.Â
«Belaunaldiz belaunaldi, herriko kondairek eta bizipenek ahozkotasunari esker iraun dute bizirik»

Aline Etxeberri (Urepele, Nafarroa Beherea, 1993) kantaria eta antzerkilaria da. Azkenaldian Axut konpainiarekin aritu da hainbat antzezlanetan. Lurrez estali antzezlanean aritu ondotik, Axut eta Artedrama konpainien Nor Naizen Baneki antzezlanean ari da, bertze sei antzerkilarirekin batera. Baigorriko Kulturaldiaren karietara, bihar dute emanaldia, 18:00etan.
Euskaldunen memoria kolektiboa eraikitzeko behar hori nola gorpuztu duzue Nor Naizen Baneki antzezlanean?
Irulegiko eskuaren atzemateak piztu zien Ximun Fuchs eta Harkaitz Canori antzerki honen idazteko tirria. Aurkikuntza arkeologikoa haritzat harturik, gure herriaren historiaren indusketa proposatzen du antzezlan honek. Arkeologo talde baten egunerokoa segituko du ikusleak antzoki bat eraitsiko dutelako. Geruzaz geruza, aurkikuntzaz aurkikuntza, euskal lurren historiaren interpretazio bat eskaintzen entseatzen gara.
Iraganaren eta orainaren arteko joan-jinak eginez eraikitzen duzue memoriaren jokoa. Iragana aitzinean ematen duzue, eta, alta, etorkizunari begira jartzeko usaia dugu. Nola landu duzue aldaera hori?
2.000 urteren historia kontatzen du antzezlan honek: erromatar garaitik gaur egun arte, denboran joan-jinak eginez. Iragana aitzinean ezartzeak galdera andana bat ekar dezake gogora: bakoitza zerk eraikitzen edo identifikatzen ote du? Arbasoen bizipenek zer heinetarainoko eragina ote dute egungoan? Ikusleari arkeologo lanean parte hartzea proposatzen diogu, bere barne indusketan baita herriarenean ere parte hartuz. Taula gainean, berriz, argiztapenak, arropen aldaketa bizkorrek eta musikaren lanketek laguntzen dituzte denborarekin joan-jinetan jostetan ibiltzen.
Argi joko berezi batean oinarritzen da Nor Naizen Baneki-ren eszenografia. Nola jostatu zarete horrekin? Erronka bat izan da hain elementu gutirekin eta argi joko handi horrekin aritzea?
Apustu bat izan da 2.000 urteko historia kontatzea laserren bitartez. Acronica taldekoak ari izan dira gaitzeko lanean. Entseguak eginez bezala, josteta bihurtu da dena. Liluragarria iruditzen zait oraino ere, nola laser horiek segundo batez espazio eta mundu ezberdinak sor ditzaketen.
Kantuak presentzia handia du antzezlan horretan. Momentu kolektibo batzuk irudikatu nahi izan dituzue? Zergatik ematen zaio hainbertze leku kantuari?
Geruza anitz ditu obra honek, eta kantua haietariko bat da. Antzezlanean ikusia edota entzuna izana dena osa dezake, historiaren bertze kontatzeko manera bat emanez. Horrez gain, kantuak arnasgune emozionalak ere izan daitezke memento zenbaitzuetan. Kantuak garrantzi handia du gure herriaren istorioen kontaketan. Belaunaldiz belaunaldi, herriko kondairek eta bizipenek ahozkotasunari esker iraun dute bizirik. Memoriaren transmisio tresna bat da. Lanketa berezi bat izan dugu Garazi Navas musikariarekin kantu hauei gorpuzkera baten emateko eta hein horretan kantuen antzezteko. Aldaketa ttipi batzuei esker, arnaskeran edo tonuan adibidez, kantuek arrunt bertze izaera bat hartu izan dute, pertsonaien bizipenei edo emozioei bertze kolore bat emanez.
Bertzalde, Amaia eta Ainhoa dira zure pertsonaiak antzezlanean. Amatasunaren aldaketa bat erakutsi nahian ibili zarete bi pertsonaia horien bidez?Â
Antzezlan honetan, zazpi aktore agertzen gara taula gainean. Denek pertsonaia bat baino gehiago antzezten ditugu, eta, arestian erran bezala, joan-jinka aritzen gara denboran, eta, ondorioz, pertsonaia batetik bertzerat. Gaur egungoan, Ainhoa izeneko arkeologo bat antzezten dut, eta iraganean berriz Amaia, Oihandar familiako alaba zaharrena. Biek amatasunari buruzko gogoeta dakarte. Ainhoak bakarrik haur bat ukaiteko hautua egiten du. Amaiari berriz, bortxaketa batetarik sortuko zaio haurra. Pertsonaia hauek amatasunaz duten esperientziak galdera anitz sor ditzakete: bakoitzaren nortasunaz, transmisioaz, barne gatazkez. Pertsonaia horiei estuki lotu natzaiela erran dezaket. Horien kezka, duda eta gorabeherak eneganatuz hein batean.