Literatura

Arantxa Urretabizkaia: «Eztabaida dezagun zer-nolako zahartzaroa nahi dugun»

'Zahartzaroaren maparen bila' saiakera kaleratu du Urretabizkaiak, Pamiela argitaletxearekin. Saiakera akademikotik aldendu, eta gertuko tonuan jaso nahi izan ditu zahartzaroaren inguruko hausnarketak.

Arantxa Urretabizkaia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Arantxa Urretabizkaia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko urriaren 22a
16:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zaharrak trapuak dira», esan ohi da. Askok objektuei edo gauzei buruz aritzeko baino ez dute erabiltzen zahar hitza. Arantxa Urretabizkaia idazlearentzat, ordea, pertsonez aritzeko ere balio lezake, nahiz eta badakien jende batek ez duela gustuko. Adin batetik gorakoei zahar deitzearen aldekoa da —bere burua ere zahartzat dauka—, inongo konplexurik gabe: «Hitzak ez du axola». Azken urteetan zahartzaroaren inguruko hainbat gogoeta eta aldarrikapen jaso eta zabaldutakoa da. Orain, liburu batean jaso ditu hausnarketa horiek, saiakera eran: Zahartzaroaren maparen bila. Pamiela argitaletxeak plazaratu du lana.

«Liburu honek mende laurdena badu sorreran», azaldu du idazleak. Izan ere, zahartzarora gerturatzen ari zela ikustean hasi zen gaiari bueltak ematen, eta orduan konturatu zen zahartzeko modu tradizionala desagertua zela, eta eredu berririk ez zegoela. Hortik tiraka, 3 Mariak eleberria (Erein, 2010) kaleratu zuen. «80 urtetik gorako protagonista bat zuenez liburuak, zahartzaroan aditua bilakatu nintzen, nire harridurarako». Gaiaren inguruan lanean jarraitu zuen —«ahal den neurrian ikasten»—, eta ikasitakoa hitzaldietan eta bestelakoetan kontatzen. Bitartean, hiru liburu kaleratu zituen: Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela, 2014), Bidean ikasia (Pamiela, 2016) —Literaturako Euskadi saria jaso zuen— eta Azken etxea (Pamiela, 2022) —horrek ere Literaturako Euskadi saria irabazi zuen—.

Hirugarren lanak eman zion Zahartzaroaren maparen bila plazaratzeko aitzakia. Iazko abenduan, Mexikora bidaiatu zuen Etxepare Euskal Institutuarekin, Azken etxea-ren gaztelaniazko bertsioa han aurkezteko. Urretabizkaiari deigarria egin zitzaion berak solasaldietan esandakoak zer-nolako eragina izan zuen hango jendearengan, eta ideia bat buruan zuela itzuli zen Euskal Herrira: «Hitzaldietako kontuak txukunduko banitu, eta argitaratuko banitu?».

Tonu akademikotik ihesi

Zahartzaroa ardatz hartuta, hainbat gai lantzen dira saiakeran: erretiroa, zaintza, gorputza, zahar etxeen dilema... Zahartzeko eredua azken urteetan aldatu denez, horren inguruko «maparik» ez dago, Urretabizkaiaren ustez, eta sinetsita dago belaunaldi oso baten ardura dela mapak sortzea. «Eztabaida dezagun zer-nolako zahartzaroa nahi dugun; aukeratu dezagun. Hori nobedadea da, aurrekoek ezin izan zuten eta». Lander Majuelo Pamielako editorearen ustez, nabarmentzekoa da idazleak erabilitako «gertuko» tonua: «Liburuak ez du saiakera akademiko bat izan nahi: arazo zabal eta berritu bati ematen zaion proposamen bat da».

Eztabaida hori sustatzeko ardura gizarte osoarena dela gaineratu du idazleak, ez soilik erakundeena. Gizarteak adin batetik aurrerako jendea erabakietatik kanpo uzteko duen joera salatu du: «Bidaltzen den mezua hau da: 'Zuk deskantsatu eta disfrutatu'. Baina Peñiscolan, Benidormen edo zure etxean». Nahiz eta adinekoak izan pertsona horiek erabakiak hartzeko duten gaitasuna jarri du mahai gainean.

«Ezer gutxi daukat irakasteko, eta ikasteko gogo handia dut. Lezioak jasotzea da nire zeregina»

ARANTXA URRETABIZKAIA Idazlea

Irakurleekiko harremana ere izan du hizpide idazleak. Haren hitzetan, «idazle batek ez daki zer egin duen: zer egin nahi zuen baino ez daki». Sortutako lana irakurlearekin elkartzean osatzen da erabat, haren ustez. Eta horretarako tresna egokia dira irakurle taldeak, zeinak bereziki maite dituen. Gogoan du publikatzen hasi zenean irakurlerik ia ez zegoela, eta orain taldeetan elkartzen direla ikusteak ilusio berezia egiten dio. Irakurle taldeetan jendearekin izaten duen hartu-emanak bete egiten du idazlea. 

Besteak beste hitzaldietatik abiatu zen Zahartzaroaren maparen bila sortzeko ideia. Eta, nahiz eta liburua kaleratu berri den, idazleak ez ditu alde batera utzi nahi —ondo bidean, urte berriarekin ekingo die horiei—: «Ezer gutxi daukat irakasteko, eta ikasteko gogo handia dut. Lezioak jasotzea da nire zeregina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.