Arantxa Urretabizkaiak jasoko du Anton Abbadia saria

Euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortuko diote idazleari. Abenduaren 2an jasoko du saria, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan.

Arantxa Urretabizkaia idazlea, aurtengo irailean, Hondarribian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko azaroaren 12a
15:30
Entzun

"Urretabizkaiak bizitza osoa darama euskararen alde lanean, baita egoerarik zailenean ere. Euskara batuaren erabilera normalizatzea lortu zuen, eta gure hizkuntza aro modernora ekarri zuen belaunaldiaren ordezkaria da". Hitz horiekin azaldu du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak 2019ko Anton Abbadia saria Urretabizkaiarentzat (Donostia, 1947) izatearen erabakia. Genero ikuspegitik begiratuta, euskal letrei egindako ekarpena ere azpimarratu du bozeramaileak: "Aitzindaria izan da euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan".

1979an plazaratu zuen bere estreinako lana Urretabizkaiak: Zergatik panpox, euskal literaturan emakume idazle batek plazaratutako lehen nobela. Poema liburu bat kaleratu zuen hurrena, 1982an, Maitasunaren magalean, baina, batik bat, prosa landu du idazleak. Horien artean ditu, besteak beste, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983), Saturno (1997), Koaderno gorria (1998) eta 3 Mariak (2010). Azken urteetan, bi kronika lan eman ditu argitara: Zuri-beltzeko argazkiak (2014) eta Bidean ikasia (2016). Emakumeak Hondarribiko alardean lehen aldiz atera zireneko lekukotza eta ordutik hona egindako urratsak jaso zituen azken horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996az geroztik banatzen du Anton Abbadia saria, euskararen normalizazioaren alde diharduten norbanako zein elkarteei aitortza egin asmoz. Azken urteetan saria irabazi dutenen artean daude, besteak beste, Ahotsak.eus ataria, Ibon Sarasola, Moriarti ekoiztetxea, Kike Amonarriz eta Ixa taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.