Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialean lehiatuko diren beste lau filmen izenak iragarri ditu. Honako hauek egongo dira 68. jaialdiko Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien artean: Danielle Arbiden Passion simple, Eduardo Cresporen Nosotros nunca moriremos, Harry Macqueenen Supernova eta Julien Templeren Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan. Lehiaketatik kanpo, baina Sail Ofizialean hori ere, Matt Dillonen El gran Fellove egongo da ikusgai; Emanaldi Berezien barruan emango dute Francisco Fellove (1923-2013) musikari eta abeslari kubatarrari buruzko dokumental hori. Ezaguna zaio aktore estatubatuarrari Zinemaldia, 2006an Donostia saria eman baitzioten bere antzezle ibilbideagatik. Aurten, kameraren beste aldean egindako lan batekin aurkeztuko da, zuzentzen duen bigarren pelikularekin, hain zuzen.
Dillonen ekoizpena ez da izango musikaren inguruan arituko den bakarra, Julien Templerenak ere adierazpide bera baitu mintzagai. The Pogues taldeko abeslari eta konpositore Shane MacGowan du protagonista zinemagile britainiarraren Crock of Golden lanak. Johnny Deep aktoreak ekoitzi du, eta taldearen eta MacGowanen familiaren artxiboko irudi argitaragabeen eta Ralph Steadman ilustratzailearen animazioen bitartez ondu du lana Templek. Hark ere ez du lehen aldia izango Zinemaldian: 1989an, Epaimahai Ofizialeko kide izan zen, eta, 2010ean, The Filth and the Fury dokumentala proiektatu zen .doc – Ez fikzioaren bide berriak atzera begirako tematikoan.
Abeslari eta poeta irlandarraren inguruko obra ez-fikziozko bakarra izango da, baina Danielle Arbiden Passion simple-k ere asko du errealitatetik: Annie Ernauxen izen bereko eleberri motzean oinarrituta dago, eta liburu horrek, idazle frantziarraren gainerako obra guztiek bezala, egilearen beraren bizitza du lehengai. Zinemagile frantziar-libanoarraren pelikulan, gizon batekin joan-etorriko harreman bat duen andre baten istorioa kontatzen da; apenas ezagutzen duen amorante horren zain dago emakumea, harekin bizitakoak eta hura bera burutik kendu ezinda. Cannesko Zinemaldian zen estreinatzekoa, baina, koronabirusaren eraginez, bertan behera utzi zituzten jaialdiko emanaldiak. Horrenbestez, Donostian ikusi ahal izango da lehen aldiz Canneseko jaialdiaren zigilua daraman lan hori.
Harry Macqueen britainiarraren Supernova filmak ere bikote bat du ardatz, baina Samek eta Tuskerrek hogei urteko maitasun harreman sendoa dute. Bi urte atzera, fase goiztiarreko dementzia diagnostikatu zioten Tuskerri; oraindik aukera dutenez, errepideko bidaia bat egitea erabakitzen dute, lagun eta senideekin berriro ere elkartzeko eta iraganeko lekuak bisitatzeko. Bidaiak hainbat irakaspen utziko dizkie: konturatuko dira etorkizunari buruzko ideia desberdinak dituztela, bestearen sekretuak jakingo dituzte...; bakoitzaren plan pribatuak agerian geratuko dira, baina baita elkarri dioten maitasuna ere.
Eduardo Crespo argentinarraren hirugarren filmak, Nosotros nunca moriremos izenekoak, familia du ardatz. Haur batek eta haren amak bidaia bat egingo dute, seme nagusia hil den lekura, hain zuzen. Han, doluaren hasiera igaroko dute; Rodrigo izeneko haurrak haurtzaroa atzean utziko du konturatu gabe, eta haren ama semearen heriotzaren ingurukoak argitu nahian ibiliko da.
Sail Ofiziala, osatzen
Bost filmak aurreko asteetan jaialdiak iragarritakoei gehitu zaizkie. Sail Ofiziala osatuko duten lanen atzean, hainbat zinemagile entzutetsuren izenak ageri dira: besteak beste, Pablo Aguero (Akelarre), Sharunas Bartas (In The Dusk), Naomi Kawase (Asa Ga Kuru), Antonio Méndez Esparza (Courtroom 3H), François Ozon (Été 85) eta Thomas Vinterberg (Druk) izango dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Horiek baino ibilbide laburragoa duten errealizadoreak ere badira zerrendan, tartean, Dea Kulumbegashvili (Dasatskisi) eta Takuma Sato (Nakuko wa ineega).
Woody Allenen komedia berriarekin, Rifkin´s Festival-ekin, hasiko da Sail Ofiziala. Lehiaketatik kanpo emango dute Allenen lanik berriena. Bi telesail ere izango dira ikusgai aurten: Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios eta Aitor Gabilondoren Patria. Irailaren 18tik 26ra egingo dute aurten jaialdia.