Irati Majuelo: «Arbuioz eta beldurrez begiratu zaio hiriari»

Ikuspuntu feministatik, euskal eleberrigintzan hiriak nola irudikatu diren aztertu du Majuelok tesian. ‘Flâneuse’-aren figura aldarrikatu du.

(ID_13530162) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-01-24, Iruñea. Euskal eleberrigintzari buruzko doktoretza tesia ondu du Irati Majuelo ikerl...
Irati Majuelo ikerlaria eta BERRIAko literatur kritikaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko urtarrilaren 31
05:10
Entzun

Euskal nobeletako hiriak eta horiek «ibiltzeko» manerak ikertu ditu doktoretza tesian Irati Majuelok (Iruñea, 1993): Euskal eleberrigintza urbanoaren irakurketa feminista bat (2023). Bost nobela izan ditu oinarri literaturaren kartografia egiteko. 

Masterrean zinelarik piztutako kezka bat izan zen tesiaren bultzatzaile: eleberrigintzak hiriarekin duen harremana ez ote den oso diferentea euskal literaturan eta Mendebaldean. Zer zantzu ikusten zenituen?

Mendebaldeko eredu nagusiak XIX. mendearen bueltan garatu ziren batez ere, potentzia nagusietan. Horregatik, Mendebaldeko eleberrietako irudikapenek beti izan dute lotura estua metropoli handiekin. Agerikoa da gure literatura ez dela horrelakoa izan, eta, askotan, hortik ondorioztatu da gurea ez dela literatura urbanoa, baina ez da egia.

Nahitaez, Euskal Herriaren ezaugarriek baldintzatu dute.

Estaturik gabeko literatura bat da, hizkuntza gutxitu batean idatzia, literatur sistema oso ahula duena; horrek nahitaez eragin du. Euskal Herriko morfologia urbanoa ere bada baldintzagarri.

Ez baitira berdinak Paris eta Gasteiz. 

Azken batean, Mendebaldeko metropolietan izandako eraldaketek idazteko estilo berri batzuk sortu zituzten, iruditeria berriak eta pertsonaia berriak, eta gehiago sakontzen hasi zen norbanakoaren psikologian, adibidez. Hiriaren sorgortasunak eta homogeneizazioak eragiten dizkieten gatazkei aurre egin nahi dieten pertsonaiak azaltzen dira, antiheroi moduko batzuk... flâneur-aren figura oso esanguratsua da. 

Zer da hori?

Paseatzaile ere esan izan zaio. Forma diferenteak har ditzake, baina hirian zehar paseatzen den pertsonaia bat da, behatzen duena: zilegitasun osoz dabil hirian barrena, jendetzaren artean, aparteko kezkarik gabe. Teoria feministak kritikatu egiten du, ordea, paseatzaile-aren figura horrek gizonen esperientzia urbanoa erakusten duelako bereziki, eta emakumeen esperientzia urbanoa itzalean utzi, ikusezin.

Hain zuzen, «irakurketa feminista bat» egin duzu zuk.

Nola mugitzen garen, zer espazio hartzen dugun eta zein ez dugun hartzen... Generoak eragin zuzena du espazioarekiko harremanean. Beraz, beharrezkoa iruditu zait, batez ere kontuan izanda hiriari buruzko irudikapen alternatiboak bilatu nahi nituela.

Protagonistak emakumeak ziren bost nobelatan bilatu dituzu irudikapen horiek. 

Euskal eleberrigintza urbanoaren berezko ezaugarriei behatu nahi nien, eta, protagonisten kontuarekin, badago hari bat. Besteak beste, euskal eleberrigintzan hiri modernoa agertzen den lehenbiziko lanetan, emakumeak dira protagonistak, eta horrek aski bereizten gaitu beste literatura batzuetatik.

Paseatzaile andrezkoak dira?

Batzuk bai, baina aintzat izan behar da flâneuse-a ez dela flâneur-aren bertsio emakumezkoa. Espazio publikoan ibiltzen den emakume bat da, baina zenbait arau hausten dituena edo beregandik espero dena guztiz bete ez, eta harago joaten dena. Horri esker, askotariko pertsonaietan ikus daiteke figura hori: ama langile batean, punki batean, gaixo dagoen gorputz batean...

Hauek aztertu dituzu: Egunero hasten delako (1969), Zergatik panpox (1979), Ugerra eta kedarra (2003), Jenisjoplin (2017), eta Neguko argiak (2018). Iragan mendekoak  bi, XXI.ekoak beste hirurak. Bada alde nabarmenik?

Uste dut eleberrigintzaren bilakaeran badagoela bi aldi bereiztea. 1960ko eta 70eko hamarkaden artekoa litzateke bat: haustura handia gertatu zen ordura arteko eleberriekin, gaitegian, estiloan, idazketan... eta hiria beste modu batera azaltzen hasten da, gatazkatsua ez den modu batean.

Zer da, ba, modu gatazkatsuan irudikatzea? 

Landa eremuaren eta hiriaren arteko kontrakotasuna hauspotu izan da luzaroan, baita literaturan ere. Arbuioz eta beldurrez begiratu zaio hiriari. Gurean, joera zegoen landa eremua idealizatzeko, edo berdin arrantzale herriekin, garaiko moralak hori defendatzen baitzuen: euskalduntasun purua eta langile ona, herrian.

Eta zer topatu duzu Egunero hasten delako-n eta Zergatik panpox-en?

Zergatik panpox-en ama bat da protagonista; langilea, berarentzat ez denborarik ez espaziorik ez daukana. Galdera oso interesgarriak jartzen ditu mahai gainean: adibidez, nola ibiltzen du hiria horrelako batek? Egunero hasten delako-n, haurdun dagoen eta haurdun egon nahi ez duen gorputz bat da protagonista, eta horrek hainbat gatazka ekartzen dizkio espazio publikoan: begiradak, epaiak, zalantzak.

«Eleberri batzuek erakusten dute emakumeentzat hiria ez dela soilik arau eta zigor iturri, eta borrokarako eta plazererako espazio ere badela, nahiz eta ez izan gatazkarik gabea».IRATI MAJUELOLiteratur kritikaria eta ikerlaria

Eta XXI. mendean nolakoa da eleberrigintza urbanoa?

1990eko hamarkadatik aurrera, euskal eleberrigintzak errealismorantz jotzen du, hiriak forma zehatzago bat hartu, eta gehiago hausnartzen da espazioari buruz. Eleberri batzuek erakusten duten emakumeentzat hiria ez dela soilik arau eta zigor iturri, eta borrokarako eta plazererako espazio ere badela, nahiz eta ez izan gatazkarik gabea.

Literaturak flâneuse gehiago behar ditu?

Bai, eta pixka bat harago ere joan gintezke. Ez baita bakarrik hirian dagoen emakume paseatzailea, izan daiteke emakume bidaiari bat, izan daiteke taldean hiria ibiltzen duen emakume talde bat. Eta ongi legoke ikustea ea sortzen dugun bestelako flâneuse-rik ere: bada flâneusequeer-ik? Flâneuse bollerarik? Hortxe galdera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.