Joan den urtean aurrenekoz Zarautzen egin ondoren —lehen Larrabetzun antolatu ohi zuten—, Literaturia literatur topaketak urrats bat egin nahi du aurten eta indartuta eta sendotuta egingo da maiatzeko azkeneko asteburuan, Odolean daramagu lelopean. Orain arte ez bezala, eta topaketari batasun bat emateko asmoarekin gai bat aukeratu dute antolatzaileek aurtengo ekitaldirako: ardoa. Hain zuzen ere, lau egunetan egingo diren ekitaldi askok hori izango dute ardatz.
Literatur topaketa izanik, literaturatik abiatu dira antolatzaileak hainbat sortzaileri propio Literaturiarako emanaldiak prestatzeko eskatzeko orduan. Horien artean izango dira, besteak beste, Harkaitz Canok eta Mursegok elkarrekin prestatutako Porto ikuskizuna, Itxaro Bordak eta Itsaso Gutierrezek egingo duten saioa eta Edorta Jimenezek ondutako Mormoien bisita (Nora Barnacleren omenez) ekitaldia. Saio horretan Jimenezek James Joyce idazlearen emazte Nora Barnacle izango du ardatz, AurresQ taldearen doinuez eta dantzez lagunduta.
Literariaren barruan beti ere, bertso saio literarioa egingo da Putzuzulo gaztetxean Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Iñigo Manzisidor ‘Mantxi’ eta Unai Iturriaga bertsolariekin, eta azkeneko egunean solasaldia Arantxa Urretabizkaia eta Karmele Jaioren artean Arantxa Iturbek gidatuta.
Bertso saioa izan ezik, gainerako ekitaldi guztiak Modelo aretoan egingo dira.
Hona hemen egitarau osoa.