Literatura

Arestiren mailua entzuten da oraindik

Gabriel Arestiren ekarpenei buruz hainbat belaunalditako sei poetak egindako hausnarketak jaso ditu Euskaltzaindiak ‘Gabrielen ispiluetan barrena’ koadernoan.

Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Miren Agur Meabe idazlea, gaur goizean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Miren Agur Meabe idazlea, gaur goizean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko azaroaren 14a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izan daiteke mende erdi pasatuagatik ere aditzen den mailu baten soinua. Edo izan daiteke harri bizi bat, Orixek oihartzunaz hitz egiteko erabilitako sinboloa. Edo izan daiteke oraindik isla ematen duen ispilu bat. Edo izan daiteke beste edozer, noren ikuspegitik begiratzen zaion Gabriel Aresti poetaren (Bilbo, 1933-1975) ekarpenari. Euskaltzaindiko idazkari eta idazle Miren Agur Meabek galdera bera egin zien hainbat belaunalditako sei poetari: «Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?». Eta Edorta Jimenez, Tere Irastortza, Harkaitz Cano, Sonia Gonzalez, Iñigo Astiz eta Leire Vargas idazleen erantzunekin osatu dute Euskaltzaindiaren Galda bilduma berriaren lehen alea: Gabrielen ispiluetan barrena. Akademiaren egoitzan aurkeztu dute gaur, Bilbon.

Harkaitz Canoren arabera (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975), euskara ikasteko ez ezik, poesia idazteko ere eredu ona dira Arestiren lanak, «software librearen antzekoa» baitira: «Irakurtzen duen edonork sentitzen du formula hura berrerabil dezakeela bere kasa». Edorta Jimenezen berbetan (Mundaka, Bizkaia, 1953), Arestizalea den idazle orori gertatu zaio poeta bilbotarraren estilotik eta hitzetatik ezin ihes egitea. Hark ere izan zuen bere garaian «Aresti lar eta lar Aresti», eta arrastoa utzi zuten ezinbestean Jimenezen alter ego Omar Nabarroren poemetan Zorrotzako (Bilbo) portuan atrakatzen zuen aleman barkuak, aitaren etxeak eta mailuak, besteak beste.

Harkaitz Cano, Gabriel Arestiren inguruko jardunaldian, gaur. EUSKALTZAINDIA
Harkaitz Cano, Gabriel Arestiren inguruko jardunaldian, gaur. EUSKALTZAINDIA

Nabarro urte askoz mututu zenean ere, poesia zer zen eta zertarako balio zuen jakin nahian, Arestirengan topatu zuen babesa ostera: «Esaten dute/ hau/ poesia/ eztela,/ baina nik/ esanen diet/ poesia/ mailu bat/ dela», idatzi zuen Harri eta Herri-n. «Esaldi horrek markatu du euskal poesiaren historia», Jimenezen esanetan, baina ezkorra da, halere. «Gaur egun, ezinezkoa da poesia mailu bihurtzea. Zer poetak kolpatzen du euskal kontzientzia Arestik bezala?».

Eta zer zarata ateratzen zuen mailu hark, bada? Tere Irastortzaren aburuz (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961), egia da Arestiren poetikaren ardatzetako bat. Eta ni-a zuen munduari neurria hartzeko tresna. «Arestik ez zuen idazten bere burua eta bizipenak islatzeko bakarrik, baita mundua ulertu eta helarazteko ere». Maldan behera bildumako ahapaldi batzuk hartu ditu Irastortzak eredu gisa: «Nire buruaz mintzatzen naiz, naizelako/ munduaren neurria». Hala, Arestiren ni-ak errealitatearen galbahe modura jokatzen du, eta hori dela-eta da hain zehatza, Irastortzaren irudiko. «Egiaren beharrean zegoen gizarte baten parte zen Aresti».

«Korapilo etiko eta moralak»

Hainbat kolpetan barneratu zuen Canok bilbotarraren poetika. Haurra zela izan zen lehen astinaldia, eta ordurako hamar urte ziren Aresti hila zela. Oskorri taldearen abesti bat izan zen mugarria. «Kristau prestu bat bailitzan/ asto bat dago elizan». Eta Canori «intriganteak» iruditu zitzaizkion hitz horiek, artean jakin gabe Arestiren poema batetik hartuak zirela. Nerabezaroan izan zuen bigarren kolpea, mailuarekin egin zuenean topo, hain justu. Canok gogoan du garai hartan gaztelaniaz heltzen zitzaizkiela «benetako izarrak», Edgar Allan Poe, Mary Shelley eta Julio Cortazar, kasu baterako, baina Arestiren mailuak euskarazko sorkuntzarekiko interesa piztu ziola. «Nerabezaroak eskatzen duen apurtzeko gaitasun hori ematen digu poesiak». Eta, hala ere, gustukoagoa du Aresti sotilagoa, «aitaren etxearen defentsa sutsua baino xeheagoa egiten duen beste hori, ‘etxe zaharraren teilatuaren/ azpian iraunen dut...’ dioena; poeta bat maitatzen dituena baita bere ganbarako hondakinak ere».

«Gaur egun, ezinezkoa da poesia mailu bihurtzea. Zer poetak kolpatzen du euskal kontzientzia Arestik bezala?»

EDORTA JIMENEZ Idazlea

Euskara etxean jaso ez, eta gerora hura ikasteko hautua egin zuen Sonia Gonzalezek (Barakaldo, Bizkaia, 1977); Arestik egin bezala, hain justu. Eta biengan izan zuen eragina giro industrial batean hazi izanak. Hala ere, ñabardura egin du Gonzalezek idazleari idatzi dion gutunean: «Agian, ondo ezagutzen ez nautenek pentsatu ahal dute zure ispiluan poesia soziala bilatzeari ekin izan diodala. Baina ez, poesia biluzian atsegin hartzea dut gustuko». Aresti poeta lakonikotzat jo izan duten arren, Gonzalezentzat zabala da haren poetika, askea. «Ez dago gauza eder eta zailagorik pentsamendu sakon bat sinpletasunez adierazten asmatzea baino».

Poeta unibertsala zen Aresti, liburukian parte hartu duten poeten berbei erreparatuta; atenporala, nolabait, ekarpena egiten die-eta oso bestelako jatorria, adina eta egoera duten sortzaileei. Eta, aldi berean, ezinbestean dago kokatuta historiako garai jakin batean, eta nahitaez baldintzatu zuen testuinguruak bere poetika: frankismoak, alegia. Adam Zagajewski poetaren adierazpen batzuk baliatuta, Arestirengan «poesiaren marmarra eta historiaren arnasestua» daudela uste du Iñigo Astizek (Iruñea, 1985). Josepa Mendizabal Zaldibian olerkian nabarmen islatzen da uztarketa hori. 1974an idatzi zuen, ETAk Madrilgo Rolando kafetegian ipinitako bonbaren ondorioz, seguruenik. «Arestirena proiektu etikoa delako, bere poemetan planteatzen dituen korapilo etiko eta moralak dira niretzat bere lanaren alderdirik interesgarrienetako bat», onartu du Astizek. Olerki haren bost ahapalditan jarri du arreta: «Etarren amek/ asko sufritzen dute,/ semeak hiltzen dizkietenean/ eta batez ere/ semeek hiltzen dutenean...». Baita bukaerako etenpuntuetan ere. «Etorkizunaren atarian dago hor Aresti, eta gaur eguneraino luzatzen dira hiru puntu horiek».

«Ez dago gauza eder eta zailagorik pentsamendu sakon bat sinpletasunez adierazten asmatzea baino»

SONIA GONZALEZ Idazlea

«Gabrielek ziona irudikatzen dut nik ere», borobildu du ekitaldia Leire Vargasek (Durango, Bizkaia, 2002): «Egun batean/ eztu inork/ ezer erosiko;/ egun batean/ ezta merkatuetan/ sagarrik salduko./ Egun batean/ guztiok/ izanen gara/ zoriontsuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.