Arestiren omenezko obra bat estreinatuko du Joxan Goikoetxeak ostegunean, Bilbon

Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenaren harira, 'Gabriel Aresti Mug(h)arri' ikuskizuna ondu du musikariak, eta musika eta antzerkia uztartu ditu. 28 eszena ditu obrak.

Beñat Egiarte eta Amaia Azkue, 'Gabriel Aresti Mug(h)arri' obraren entseguan. BERRIA
Beñat Egiarte eta Amaia Azkue, 'Gabriel Aresti Mug(h)arri' obraren entseguan. BERRIA
Odile Bourguignon Goñi
2025eko abenduaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Arestiren aldarrikapenek erabateko gaurkotasuna dute». Horixe baieztatu du Joxan Goikoetxea musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 1967), eta horixe frogatzen ahaleginduko da ostegunean, Bilbon. Izan ere, Aresti hil zenetik 50 urte bete dira aurten, eta haren omenezko obra bat ondu du: Gabriel Aresti Mug(h)arri. Musika eta antzerkia uztartu ditu, eta Arestiren obran eta pentsamenduan murgilduko dira aktoreak zein musikariak. Ostegunean estreinatuko dute, BBK Salan, 19:00etan. 

Orain bi urte sortu zuen EHUk Gabriel Aresti katedra, eta hasiera-hasieratik izan dute harremana Goikoetxearekin. Aurten, zerbait berezia egin nahi zuten urteurrenaren harira, eta Goikoetxeari pasatu zioten enkargua. Kostata eman zuen baiezkoa hark: «Urrun ikusten nuen Aresti, Bilboko hiri handi hartan», aitortu du. «Errespetua» zion Arestiri, baina ezaguna zuen haren obra, eta emanaldi bat prestatzeari ekin zion; Gabriel Aresti Mug(h)arri izan da emaitza. EHUren bultzadaz gain, Euskaltzaindiaren babesa ere izan du.

«Zaila da Arestiren dimentsioa obra bakar batean laburbiltzea. Izugarria da hogei urtetan egin zuen lana»

JOXAN GOIKOETXEA Musikaria

Hasieratik sumatu zuen Goikoetxeak Arestiren omenezko emanaldi batek «musika eta zerbait gehiago» beharko zuela; izan ere, Arestik berak poesiaz gain antzerkia ere idatzi zuen, besteak beste. Horregatik, musika emanaldi bat baino gehiago, pieza eszeniko bat ondu du musikariak. Gabriel Aresti Mug(h)arri opera moderno bat izango da, 28 eszenakoa; halere, ikuskizuna ez da ikuskizun biografiko bat izango, ez baitu helburu Arestiren bizitza kontatzea. «Zaila da Arestiren dimentsioa obra bakar batean laburbiltzea. Izugarria da hogei urtetan egin zuen lana», aitortu du Goikoetxeak.

Opera moderno bat

Emanaldian Goikoetxearekin batera ariko dira Euskameratako kideak: Beñat Egiarte —tenorra—, Xabier de Felipe —biola jolea—, Xabi Paya —errezitatzailea— eta Amaia Azkue —abeslaria eta aktorea—. Gainera, badago partaideen artean berezitasun bat: Oskorri taldeko sortzaile eta abeslari Natxo de Feliperen semea da De Felipe. «Norbaitek bereziki musikatu badu historian Aresti, Natxo de Felipek musikatu du. Horregatik, niretzat zentzu berezia du Xabier de Felipek biola jotzeak», kontatu du Goikoetxeak. 

(ID_17645833167785) (/EZEZAGUNA) Joxan Goikoetxea eta Amaia Azkue
Joxan Goikoetxea eta Amaia Azkue, Gabriel Aresti Mug(h)arri obra prestatzen. BERRIA

Euskal musika tradizionala jotzeko asmoz Italiara joan ohi ziren urtero hango eta hemengo hainbat musikari; tartean, Goikoetxea. Halaxe sortu zuten Euskamerata taldea, orain 30 bat urte. «Atzerriko jende asko batu, eta euskal musika egiten genuen; baina musika tradizionala izanik ere, berrinterpretatu eta gauza bitxiak sortzen ziren», azaldu du Goikoetxeak. Geroztik, izen hori erabili du proiektu bereziak egiteko, nahiz eta taldeko partaideak aldiro aldatu egiten diren; «konpainia» batean bezala.

Egia eta libertatea

Arestiren obra aztertzeaz gain, haren pentsamoldeari ere erreparatu dio Goikoetxeak. Ondorio bat atera du: Arestiren aldarrikapenek gaurkotasun handia dutela: «Finean, justiziaren, libertatearen eta egiaren aldeko aldarrikapenak dira», esan du. Beste poema askoren artean, Egiaren osasuna izan da musikatu duenetako bat, eta ziur agertu da Aresti bere garaiari aurreratu zitzaiola. «Guztiz baztertua, kritikatua eta iraindua izan zen, eta, oraindik ere, harrigarria da zer gutxi dakigun Arestiri buruz». Hala, justizia sozialari, langileen egoerari eta emakumeen aldeko borrokari buruz ariko dira ikuskizunean. 

«Guztiz baztertua, kritikatua eta iraindua izan zen, eta, oraindik ere, harrigarria da zer gutxi dakigun Arestiri buruz»

JOXAN GOIKOETXEA Musikaria

Hitzaldi bat eman zuen Arestik 1967an, Hernanin: Euskal literaturako izen poetikoak izenekoa. Eta, hain zuzen, eztabaida sortu zuen Arestiren euskarari buruzko iritzi politikoak. Dena den, gertatutakoa ilusioz gogoratzen du Goikoetxeak: «Hernaniko gazteriak kultur aste bat antolatu zuen, eta niretzat oso berezia da gertatutakoa. Urteak pasatu ditut halakoak biltzen eta ezagutarazten». Etxean gordeak ditu egun hartako hitzaldiaren jatorrizko grabazioa eta Euskal harria mailu batekin izeneko eskuizkribua. Inspirazio iturri izan ditu oraingoan: «Urteetan egon naiz hitzaldia entzun eta entzun, eskuizkribua irakurri eta irakurri. Banekien noizbait egingo nuela zerbait horrekin guztiarekin, eta azkenean iritsi da noizbait hori».

Baina obra berria zeinentzat den zalantza egin du Goikoetxeak; izan ere, publiko berria erakarri nahiko luke, «oso zaila» edo «ezinezkoa» dela uste duen arren. «Publiko berriarengana heltzeko saiakera egiten segitu behar dugu; hurrengo belaunaldiei jasota utzi behar baitiegu erreferente hauen ondarea». Hain zuzen, orain arte ezkutuan egon diren beste obra batzuk biltzen aritu da musikaria; zehazki, Lurdes Iriondoren ipuinak eta antzezlanak berreskuratu ditu, eta abenduan argitaratuko du Ipuinak eta antzezlanak izeneko antologia. «Dena eginda dagoela pentsatzen dugun arren, dezente dago egiteko, bai Iriondoren kasuan, baita Arestiren kasuan ere». Horretarako eta kontzientziak pizteko asmoa du Gabriel Aresti Mug(h)arri obrak, dioenez, «ur tanta txiki bat» besterik izango ez bada ere. 

Gainera, pertsonaia epikotzat du Aresti Goikoetxeak: «Atxagak zioen euskaldunok erreferenteak baino gehiago, epopeiak behar ditugula, epika pixka bat. Arrazoi zuen, eta Aresti bada nolabaiteko pertsonaia epiko bat. Euskaldunon eta euskararen epopeia sufrimenduz labratutako epopeia da. Halaxe aurkeztu behar dugu, eta erakargarri egin». Emanaldia estreinatzeko atarian, musikariak aitortu du Arestiren poemak berrikusten diharduela baina, gaur-gaurkoz, patxada handiagoaz: «Oraintxe ari naiz Arestiren poesiarekin gozatzen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.