Literatura

Arestiren poesiari buruzko «azterketa dibulgatiboa» osatu du Jon Kortazar ikerlariak

Idazlearen lehen poemetatik azken testuetarainoko ibilbidea hartzen du kontuan ‘Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea’ liburuak. Poetaren ibilbidea lau arotan bereizten du lanak.

Jon Kortazar ikerlaria, Bilbon, Arestiri buruz idatzi duen liburua aurkezten. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jon Kortazar ikerlaria, Bilbon, Arestiri buruz idatzi duen liburua aurkezten. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko azaroaren 18a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain izkiribatzeko oporra badadukat, eta liburu bat argitaratzeko asmoan nago, nihor orain arte abiatu ezten bide baten, sonetuak». Gabriel Aresti Segurolak Adinma Ibiñagabeitiari Guatemalara bidalitako hiru gutun topatu ditu Jon Kortazar Euskal Herriko Unibertsitateko literatur katedradunak, eta poetari eskainitako Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea liburuan eman ditu orain argitara. 1954ko azaroan bidalitakoa da multzoko lehena, eta 1955eko maiatzekoa azkena, eta, hain zuzen ere, hirugarren eskutitz horretan ematen dio sonetoen proiektuaren berri lagunari. Hasierako ilusio adierazpena, ordea, tentu bilakatzen da hurrengo esaldiaren hasieratik bertatik. «Estatuaren baimena lortzen badut, eta gero egiteko dirua iaresten badut, berze behaztopa harririk ezpadut kausitzen, argitaratukoitut nire sonetuak, eta batera nik asmatutako poesiako suerte berri bat, Rhapsodiak izendatzen dudana. Idazte dudana ezta osorik orthodoxo, Argentinako Garrigak dionoenez, bada bidali neutsozan lauzpasei sonetu, ausartatxoak (berak errana) zeritzoenak. Tamala da euskaltzaleek oraindino ez ulertzea gauza bat dela elertia eta bertze bat diferente moralitatea eta erleginoa».

Beste asmo asko bezala, erabat bete gabe geratu zen Arestiren soneto liburua argitaratzeko proiektua ere, baina, Kortazarrek dioenez, idazlearen lehen urteetako testuen berri ematen dute eskutitz horiek. Gutunez gainera, idazleari ezagutzen zaizkion lehen bi poemak ere jasotzen ditu liburuak, eta, hain zuzen ere, Gabriel Arestiren proiektu poetiko osoa aztertzea izan da ikerlariaren asmoa. Lehen testu eta asmo horietatik hasi, eta azken testuetaraino. «Liburu hau Arestiren poesiari buruzkoa da», azaldu du Kortazarrek. «Ez dago antzerkirik, ez nobelarik, ez ipuinen aipamenik ere. Arestiren poesiaren ikerketa dibulgatibo bat da».

«Liburu hau Arestiren poesiari buruzkoa da. Ez dago antzerkirik, ez nobelarik, ez ipuinen aipamenik ere. Arestiren poesiaren ikerketa dibulgatibo bat da»

JON KORTAZAR Literatur ikerlaria

Edonola ere, Arestiren obra poetikoa antolatzeko modu berri bat proposatu du Kortazarrek. Eta, azaldu duenez, hori da liburuaren berritasun nagusietako bat. «Orain arte bi edo hiru aro aipatu izan zaizkio, baina nik proposatzen dut lau aro direla».

Ikerlariaren arabera, 1954etik 1959ra doa lehen aro hori, Ibiñagabeitiari bidalitako eskutitzean aipatzen diren soneto eta rapsodiekin. 1959tik 1961era artekoa da poetaren bigarren aroa; bertsolaritzaren eta poeta zaharren eraginpean idatzitako testuekin. 1961etik 1962ra doan aroan idatzitakoari poesia politikoa deitu dio Kortazarrek. Eta, azkenik, harriaren zikloa deitutakoak hartzen du 1962tik 1970erako aroa.

1936ko gerrak Arestiren testuetan duen presentzia ere aztertu du Kortazarrek, bai eta Javier Batarritaren hilketak idazleari eragindako mina ere. Motozikleta enpresa bateko burua zen Batarrita, baita bizikletazale porrokatua ere. 1961ko martxoaren 27an hil zuen Poliziak, Bilboko Bolueta auzoan, eta gertakari haren aipamen zuzena bildu zuen Arestik Egan aldizkarian Zuzenbide debekatua izenburu pean argitaratutako poema bilduman. «Ezpainetan zuen tango baten soinua,/ polizia batek gelditzeko haltua/ mitralleta batekin eman zionean./ Dokumentazio identikaria/ eskatu zioten: Atera zuenean,/ ezpainetan ziarto isildu zitzaion/ haren tangoaren musika dotorea».

Hilketa horren epaiketako artxiboak miatu ditu Kortazarrek, eta tiroketaren ostean Batarritaren autoak zuen itxura erakusten duen argazki bat ere topa daiteke liburuan.

«Gabriel Aresti Bilboren memorian bizi da. Bilbok Gabriel Arestiren obran daukan eragina funtsezkoa da poeta eta pertsona hau ulertzeko»

EIDER INUNZIAGA Bilboko udaleko Euskara zinegotzia

Idazlearen estetika, gizartearekin zuen harremana eta haren ideologia ere aztertu ditu ikerlariak atalez atal, eta bertsolaritzarekin izan zuen harremana ere aztertu du. Kortazarrek gogoratu duenez, herrian murgiltzea izan zuen idazleak asmoetako bat —«gu geu ere herria izateko»—, eta bere testuak gizartean txertatzeko baliatu zuen «estrategietako bat» ere aipatu du. «Nik genero pobre deitu ditudan testu motak erabili zituen horretarako: postalak, garrasia, aipuak, telegramak, Bibliatik hartutako pasarteak, koplak,… eta horien guztien bidez bat-bateko lotura lortzen zuen bere gizartearekin».

Bilboren memorian

Kortazarrek aurrez hainbat aldizkaritan argitaratuak zituen liburuan biltzen diren testuak, eta sakabanatuta kaleratutako hori bildu du orain. Eta testu horietako gehienak Euskal Herritik kanpo aurkeztu izan dituela azaldu du Kortazarrek, eta, horregatik, haren hitzetan, Arestiri buruz egindako lan hori guztia «etxeratzeko» modu bat izan da liburua osatzea. Antzera osatu zuen Estepan Urkiaga Lauaxeta idazleari eskainitako Lauaxeta. Poesia, Artea, Ideologia liburua ere, eta Arestirekin egin du ariketa orain. Bi lanak «bizkiak» direla dio egileak, horregatik.

Bilboko Udalak argitaratu du lana, Pamiela argitaletxearen bidez. Hain justu, poetak hiriarekin duen lotura nabarmendu du Eider Inunziaga Bilboko Udalako Euskara, Herritarren eta Partaidetza zinegotziak: «Gabriel Aresti Bilboren memorian bizi da. Bilbok Gabriel Arestiren obran daukan eragina funtsezkoa da poeta eta pertsona hau ulertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.