«Euskal musikagintzaren iraganaz, orainaz eta geroaz hausnartzeko egitasmoa». Definizio horrekin sortu zen, orain hamabost urte, Aho bete doinu proiektua, Entzun! aldizkariaren ekimenez. Euskal musikaren panoraman zeresana zuten hogei pertsona elkarrizketatu zituzten hainbat kazetarik, eta liburu batean jaso zuten materiala. Argazki bat musikaren orduko egoerari. Orain, egitasmoa berreskuratuko du aldizkariak, eta, Iñigo Martinez koordinatzailearen esanetan, duela hamabost urtekoaren «helburu bera» izango du bigarren aleak ere: «Iruditzen zaigu normalean halako hausnarketetarako tarte gutxi egoten dela. Komunikabideetan musikariek duten ikusgarritasuna haien lanari buruzkoa izaten da normalean. Egitasmo honek, ordea, teknikariei, managerrei, musika kazetariei eta abarrei ere ematen die hitza, profila pluralagoa izan dadin. Eta ez zaio bakoitzari bere lan zehatzari buruz galdetzen, bere lanetik panorama nola ikusten duen baizik».
Panorama orokor horren berri ematea izango da, beraz, egitasmoaren ardatza, hainbat ahotsen bitartez, eta iritziak jasotzeko formula berria erabiliko dute oraingoan: lau mahai inguru antolatu dituzte, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, musika eszenaren arlo ezberdinak uztartzeko. Azken emaitzan, 2016ko abenduan argitaratuko duten liburuan, eztabaida horietan egindako ekarpenak jasoko dituzte, parte hartzaile bakoitzaren elkarrizketarekin batera. Izan ere, Martinezen ustez, «elkarrizketak hausnarketa bakartuak» dira; mahai inguruan, ordea, partaideen artean «solasaldiak sortzen dira, eta, alde horretatik, ideia aberatsak». 2001ean argitaratutako liburuan bezalaxe, orain ere «alde grafikoari garrantzia» eman nahi diote. Horretarako, Gari Garaialderen argazkiak baliatuko dituzte.
Hamabost urteko aldea
Gasteizko Oihaneder aretoan egin zen solasaldietan lehena, joan den astean. Gaur Bilboko Kafe Antzokian izango da; bihar, Donostiako Garoa liburu dendan; eta etzi, osteguna, Iruñeko Katakraken. 19:00etan izango dira saio guztiak. Aurrerago, Baionan beste mahai inguru bat antolatzeko asmoa ere azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek, baina zehaztu gabe dute noiz.
Bi arrazoik bultzatu dute egitasmoa berreskuratzeko ideia. Batetik, «liburua argitaratzen denean hamabost urteko efemeridea beteko duela». Bestetik, «eta gehienbat», igaro den denbora horretan «gauzak ikaragarri aldatu direla». Bi alde horiek azaldu ditu proiektuaren koordinatzaileak: «Aurreko liburua 2001ean argitaratu zen, eta 2000. urtea izan zen Espainiako estatuan disko salmentak hazteari utzi zion lehen urtea. Hau da, diskogintzako krisialdiaren hasiera zen, baina oraindik ez zegoen igartzerik norainokoa izango zen tsunamia». Bitarte horretan, «musikak gizartean presentzia» galdu duela uste du Martinezek, eta musikariak kulturgintzan eta gizartean duen pisua «lehengoa baino urriagoa» dela dio.
Paradigma berria aitzin, beraz, hausnartzeko bideak proposatuko ditu egitasmoak. Solaskide talde askotarikoa bildu dute horretarako. Besteak beste, hitza emango diete Joseba Irazoki eta Jon Basaguren musikariei, Iker Arroniz areto programatzaileari, Luis Gomez managerrari eta Fermin Etxegoien kazetariari. Ahots berriak nahi dituzte antolatzaileek, «iraganaren pisu handiegia» ez dutenak, «batzuetan egon daitekeen nostalgia saihesteko».
Argazki bat musikari
Lau mahai ingurutan, euskal musikagintzaren egoera aztertuko du 'Aho bete doinu' proiektuak.Liburu batean jasoko dituzte ondorio nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu