Jakinarazi dituzte Donostiako Zinemaldiko beste sail bateko nondik norakoak: WIP Latam irailaren 21etik 23ra bitarte egingo dute, eta sei film aurkeztuko dituzte bertan. Horietatik bi Kolonbiakoak dira, beste bi Argentinakoak, bat Mexikokoa eta beste bat Brasilgoa. Filmak postprodukzio fasean daude, eta Zinemaldiaren Industria jardueren esparruan aurkeztuko dituzte denak, profesionalen aurrean. Bi sari edukiko dituzte jokoan: WIP Latam Industria saria eta WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria saria. Azken horrek 30.000 euroko ordainsaria emango dio film irabazlearen ekoizle nagusiari.
Tatiana Huezo salvadortarrak laugarren aldiz hartuko du parte Zinemaldian. Oraingoan, Galerna aurkeztuko du: bi lagunek Mexikon egingo duten bidaia bati buruzkoa da; zehazki, zientzia fikziozko film baterako aktore naturalen bila egingo duten bidaia bati buruzkoa, eta, bertan, pertsonaiek topo egingo dute euren beldurrekin eta aurreiritziekin. Bestalde, Mariano Luque argentinarrak berak ekoitzitako fikziozko hirugarren lana aurkeztuko du festibalean: Viajes y placeres / Travel & Pleasure. Film hori Donostiako Zinemaldiko 2022ko Europa Latinoamerika Koprodukzio foroan izan zen hautatua, aurtengo WIP Latam sailean aurkeztuko dituzten beste bi lanekin batera: Juan Sebastian Mesaren Lovers go home (Kolonbia) eta Beatriz Seignerren O último canto dos pássaros / The Last Song of the Birds (Brasil).

Eta badira bi zinemagile lehenengoz ariko direnak Donostiako Zinemaldian: Matias Italo Scarvaci argentinarra eta Tiagx Velez kolonbiarra. Lehenak bere laugarren film luzea aurkeztuko du: La cuestión criminal / The Criminal Matter. Pelikulak hilketa kasu bat izango du hizpide: herritar talde batek epaimahai bat osatuko du ezkutuan, hilketa horri buruz epaimahai ofizialarekin eztabaidatzeko. Horrek agerian utziko ditu justiziaren ertzak. Velez zinemagileak, berriz, bere bigarren film luzea jarriko du mahai gainean: Todos los lugares a donde ir / All the Places to Go. Bertan, Miguel izeneko mutil bat izango da protagonista. Haren mutil laguna desagertu egingo da tekno festa batean, eta Miguelek telefonoan gordeta dauzkan irudien bitartez segituko du aurrera.