Itzal handiko Argia

Argia dantza taldeak eta San Telmo museoak 'Argiaren itzala' erakusketa ondu dute. Argiak azken 60 urteetan izan duen bilakaera islatzen du. Ekainaren 21era bitarte egongo da ikusgai, museoko Laborategia aretoan.

'Argiaren itzala' erakusketa osatzen duten jantziak. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Argiaren itzala' erakusketa osatzen duten jantziak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko apirilaren 24a
18:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guk, gaur egungo euskaldun gisa, dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baina horretarako, lehengo gure dantzak aztertu eta ikertu nahi ditugu». Hala esan zion behin Juan Antonio Urbeltzek Rikardo Arregi zenari. Argia dantza taldearen hastapenetik, 1966tik, bertako zuzendari lanetan dihardu Urbeltzek, Marian Arregirekin batera. 60 urte bete berri ditu taldeak, eta gaurdaino egindako lana eskertu nahi izan dio Donostiako San Telmo museoak. Argiaren itzala izenpean, Argiak izandako bilakaera ardatz hartu, eta euskal dantzaren ibilbidea ulertzeko gakoak bildu dituzte erakusketa batean. Besteak beste, Frantxi Lopez Loiarte Argiako kidea ibili da erakusketa prestatzeko lanetan, Susana Soto San Telmoko zuzendariarekin batera; biak mintzatu dira 60 urteko ibilbidearen inguruan. Ekainaren 21era bitarte egongo da ikusgai erakusketa, museoko Laborategia aretoan.

Argia gabe «ezin» uler daiteke zein izan den euskal dantzaren bilakaera, Lopezen aburuz. Are gehiago, adierazi du dantza taldea «mugarri» izan dela euskal dantzaren historian. «Jorge Oteizak euskal eskola garaikideko partaide izendatu zuen Argia dantza taldea, beste hainbat talderekin batera: Gaur taldea, Jarrai antzerki taldea, eta Ez Dok Amairu. Eta horietatik bizirik dirauen bakarra da Argia». Azaldu du erakusketa garai eta gertaera baten isla dela, «mikrohistoria bat» den arren: «1960ko hamarkadan euskal kulturan gertatu zenaren eragile eta lekuko zuzena dugu Argia». Sotok, bestalde, taldearen garrantzia nabarmendu du, eta 60 urteko lanaren aitortza gisa ikusten du erakusketa. Aipamen berezia egin nahi izan die Ane Albisuri, Iñaki Arregiri eta Mikel Urbeltzi, horiek ere osatu baitute lantaldea.

«1960ko hamarkadan euskal kulturan gertatu zenaren eragile eta lekuko zuzena dugu Argia»

FRANTXI LOPEZ LANDATXE Argia dantza taldeko kidea

Euskal Herrian zehar Argiak egindako ikuskizunetan, ikusle gisa egon izan da Lopez, txikitatik. Bertan ikusitako guztiaren harira, taldearen hiru ezaugarri nabarmendu nahi izan ditu. Batetik, honako hau: «Gerra ondoren euskal dantzaren egoera larria zen arren, Urbeltzek Nafarroako eta Iparraldeko errepertorio ezezagunak ikuskizun bihurtu zituen». Horri esker, euskal kultura tradizionalaren ikuspegia «zabaldu» zuela esan du. Bestetik, talentua eta alde artistikoa azpimarratu ditu: «Urbeltzek izugarrizko ahalmena du dantzak sortzeko eta birsortzeko, tradizioari uko egin gabe, gainera. Gai da, halaber, balio unibertsalak izaten dituen ikuskizunak taularatzeko ere». Azkenik, arrakastaren inguruan mintzatu da, eta ikus-entzuleek erakutsitako «harrera beroa» goraipatu du.

Hiru gune

Erakusketa San Telmon egin izana ez da kasualitate hutsa: museoaren eraikin zaharra dantza taldearen egoitza izan zen 1968tik 1985era bitarte. Bertan egiten zituzten bai entseguak, bai ikerketa lanak, eta bi horien arteko harremana da erakusketaren zutabeetako bat. Denbora lerro baten bitartez islatu dute, eta Arkupea izeneko gunean kokatu —Laborategia aretoaren hasieran dago—. Beste denbora lerro bat ere gehitu dute, euskal kulturan gertatzen ari ziren mugarriak azaltzeko: pentsamenduak, literatura, musika, bertsolaritza, euskara... Horrez gain, egoitzan zeuden bitartean sortu eta ekoitzi zituzten hainbat lan ere bildu dituzte gunean.

Plaza da erakusketaren bigarren geldialdia. Lau dantza mota bildu dituzte bertan: Axuri beltza, inauteriak —Zuberoako maskarada, Lapurdiko kaskarota eta Nafarroa Behereko kabalkada—, ezpata dantza eta soka dantza. Honela definitu ditu Lopez Loiartek: «Axuri beltza emakumeen dantza bat da, eta euskal kulturan txertatu eta zabaldu dute; ezpata dantza protokolo duin bihurtu da, zeremonietarako; inauteriek bizipoza eragiten dute; eta soka dantzak pertsonak eta taldeak lotzen ditu».

Laborategiaren ondoko patioan, berriz, Argiak urte hauetan guztietan egindako eta erabilitako jantzi eta objektu andana bildu dituzte, biltegi ikusgarri modura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA