Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

ANDONI TOLOSA, MIKEL LIZARRALDE, JON ESKISABEL
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ANTONIO ZAMBUJO

'POR MEU CANTE'

World Willage 2011

Antonio Zambujok erroetara egiten duen itzuleraren modukoa da bere azken disko hau. Dagoeneko lortu du Portugaleko kantaririk estimatuenetakoa bilakatzea. Nolabaiteko fado berritzailearen ikur nagusienetakoa izatea. Azken-aurreko diskoak Guía fado, folk, chanson eta pop nahasketa bikaina eskaini zigun. Azken honetan, ordea, etxeko leihotik begira jarri eta postal akustiko eder, biluzi eta dotorea burutu du. Fado tradizionaletik hurbilago, disko txikia da, agian auzotik hurbilagokoa, baina ez du galtzen Zambujoren maisutasunaren ukiturik.

MARISSA NADLER

'MARISSA NADLER'

Box of Cedar

Bosgarren diskoa du hau Marissa Nadlerrek (1981), eta weird-folk-aren ahotsik berezienak nekez harrituko du norbait dagoeneko. Songs III: Bird On The Water (2007) eta Little Hells (2009) lanetan interesa jarri zuenak, baina, arretaz jarraitu beharko luke estatubatuarraren lan berria ere. Ohiko letania folk ia txamanikoei (In Your Lair, Bear), ukitu elektroniko oso xumeak ere gehitu dizkie Nadlerrek, eta agian, horregatik, bere diskorik zuzenena atera zaio. Misteriotsua izaten jarraitzen du, baina orain gertuagokoa ematen du. Biziagoa. Benetakoagoa, agian.

PAUL SAN MARTIN

'TRACKS'

Gaztelupeko Hotsak

Stay Blueseko kideak pianoa eta ahotsa baino ez ditu erabili bere lehen bakarkako diskoan. XX. mendeko lehen hamarkadetan sorturiko hainbat pieza ezagun hartu ditu (On the Sunny Side of the Street, 44 Blues, Rum & Coca Cola, Isn't This a Lovely Day...)eta bere egin ditu Paul San Martinek, musikari donostiarrak pianoa jotzeko eta abesteko duen berezko estilo garbi, atsegin eta leunez. Jazz, blues, kalypso edota gospel doinu hauetan New Orleans hiriaren musika aberastasunari egindako omenaldi xume eta zintzoa dago, eta merezi du haietara gerturatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.