Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

ANDONI TOLOSA, MIKEL LIZARRALDE, JULEN AZPITARTE
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
AZIZ SAHMAOUI

'AZIZ SAHMAOUI & UNIVERSITY OF GNAWA'

Genesiz Production

Orchestre National de Barbes taldeko kantari gisa ospetsu egin zen Aziz Sahmaoui, eta urteak eman ditu Joe Zawinulekin lanean. Bere bakarkako lanak arrakasta lortzeko osagai guztiak ditu. Ekoizle trebea, Martin Meissonnier —Fela Kuti eta Khaledekin lan eginikoa, besteak beste—, musikari iaioak eta Marokoko gnawa kofradien musikari beste buelta bat emateko gaitasuna. Emaitza ez da harrigarria, baina bai gozatzeko modukoa. Espero zitekeena baino jazz zapore gutxiago dauka, Weather Reporten Black Market-en bertsioa egin arren.

TIMBER TIMBRE

'CREEP ON CREEPIN' ON'

Arts & Crafts

50eko hamarkadako musikak bere alderdi iluna izan zezakeela erakutsi zuen The Crampsek. Timber Timbre Kanadako hirukotearen musikak ez du zerikusirik Lux Interior zenduak egiten zuenarekin, baina, nolanahi ere, doo-wop-aren eta rockabillyaren eragina erakusten du, era berean iluna izateari utzi gabe. Roy Orbison eta Scott Walkerren ikasle bikaina da Taylor Kirk abeslaria —nahiz eta oraindik bere ahotsari nortasun puntu bat falta—, eta ederki moldatzen da vintage ukitua duten melodia eta moldaketa hauekin. Taldearen laugarren diskoa da honako hau.

GAROTAS SUECAS

'ESCALDANTE BANDA'

Vampisoul

Neska Suediarrak Sao Pauloko seikote tropikalista da. 60ko hamarkadan beren herrikideek abiaturiko Tropicália mugimenduaren jarraitzaile sutsuak dira; besteak beste, Os Mutantes, Gilberto Gil eta Caetano Velosorenak. Dena dela, hamar kantuak pop garaikidez zipriztinduta datoz. Dantzagarria, exotikoa eta askotariko lana da. Hala, Tudo Bem kantuak soul haizeak barreiatzen ditu; Sunday Night Blues jazz kutsuko bossa pieza eztia da; eta Mercado Roque Santeiro doinuak funk erritmoak birrintzen ditu. Hondartzako gauak girotzeko lan bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.