Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

JULEN AZPITARTE, MIKEL LIZARRALDE, JON ESKISABEL
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
MAKALA

'UNEXPECTED TAPAS'

Lovemonk

Makalak aperitifa sorta zaporetsua prestatu du udarako. Hala, bere sukaldean ohikoak diren karibetar osagaiak birrindu (latin, cumbia, rumba), eta oinarri elektronikoekin maneatu ditu. Meneito Magistral doinuan, esaterako, boogaloo erritmoak pil-pilean ondu ditu, eta gero pista hori deseraiki erremixa dela medio, Ferra Adriak egingo lukeen bezala. Kutsu latinoez gain, Ustekabeko Pintxo hauetan swing eta ska zantzuak ere antzematen dira, Happy Sound eta Friendly Fire, hurrenez hurren. Menu oparo hau prestatzeko zarauztarrak lantalde handia izan du ondoan; tartean, Jimmy Bidaurreta (Gasteiz Big Band). Saborrrrrr!

CRAFT SPELLS

'IDLE LABOR'

Captured Tracks

Captured Tracks zigiluko kide Wild Nothing taldeak bezala, Craft Spellsek 80ko hamarkadako popean dauka oinarria. Sintetizadoreekin egindako pop emozionalean, hain zuzen. Craft SpellsJustin Paul Vallesteros kaliforniarraren proiektua da, eta lehenengo disko honetan malenkoniaz jositako doinu dantzagarriak bildu ditu. Ezer berririk ez, baina, hala ere, Idle Labor oso gustura entzuten den diskoa da, horretarako soinu mota hauetan interesa izan behar bada ere. Eta popak beharrezkoa duen txispa hori behin baino gehiagotan azaleratzen da: Scandinavian Crush, After the Moment eta nire faborito You Should Close The Door newordertarrean, esaterako.

GREGG ALLMAN

'LOW COUNTRY BLUES'

Universal

Hamalau urteko etenaldiaren ostean, bluesaren klasikoak biltzen dituen disko batekin itzuli da Gregg Allman. Abiapuntua ez da oso erakargarria, baina emaitza bai. T Bone Burnett ekoizlea arduratu da diskoari soinu klasiko baina zaharkitu gabea emateaz, eta luxuzko talde bat osatu du Allmanen inguruan: Dr. John, Jay Bellerose… Denen artean, eta Allmanen ahots bikainak gidatuta, disdira berria eman diete Skip James (Devil Got My Woman), Muddy Waters (I Can't Be Satisfied), Bobby Bland (Blind Man), Otis Rush (Checking On My Baby) eta besteren kantuei. Adi, hilaren bukaeran Azkena Rock jaialdian izango da-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.