Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

JULEN AZPITARTE, MIKEL LIZARRALDE, JON ESKISABEL
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
MERCHANDISE

'(STRANGE SONGS) IN THE DARK'

Katorga Works

Tampa (Florida) hiriko bikotea da Merchandise, Jesus and Mary Chain osatu zuten Reid anaien antzera. Egitasmo honetan noise rock distortsioak, shoegaze giroak eta 90eko hamarkadako indie rock melodia itsaskorrak dira ardatzak, taldekideek jatorri hardcore punka izan arren. Lan zikina da, burrunbatsua, baina eztia. Ahotsak, gainera, asko laguntzen du samurtasun horretan, What was left behind doinua kasu: ematen du Morrisey ari dela abesten feedback burrunbaren gainetik. Hau ez da iruzkinduko dudan Katorga zigiluaren disko bakarra.

SR. CHINARRO

'PRESIDENTE'

Mushrom Pillow

El fuego amigoeta El mundo segúndisko garrantzitsuak izan ziren Sr. Chinarrorentzat, mundu pertsonala mantenduta, Antonio Luquek molde klasikoko pop kantu koloretsuak egin zitzakeela erakutsi zutelako. Musikari sevillarrak garai bateko iluntasuna orain urte batzuk atzean utzi zuela berrestera dator Presidente. Arazoa da kantu bilduma berria aspaldian idatzi duen eskasena dela, eta kantuen ekoizpen kargatuak ez diela laguntzen, ezta Luquek idatzi dituen hitz zenbait erridikuluek ere. Baditu une politak (Un final feliz), baina sentimendu nagusia etsigarria da.

LOW

'C'MON'

City Slang

Elektronikaz zikindutako disko haserretu eta hertsi bat, Drums and Guns bikain hura egin ondoren, hirukotea soinu espazio handietara itzuli da. Beharbada inoiz grabatu duen diskorik garbiena da C'mon, gitarretan ñabardura berriak ekartzen dituena (Nightingale), Neils Clineren (Wilco) kolaborazioa tarteko (Nothing but heart). Aldatu ez dena hunkitzeko gaitasuna da, melodia argitsuen (You try to sleep, You see everything) zein bi bozetara abesturiko kantu larrien bidez (Done, $20). Baina berriz ere Mimi Parkerren ahotsarekin jotzen du diskoak goia, Especially me zoragarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.