Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

JULEN AZPITARTE, GORKA EROSTARBE, ANDONI TOLOSA
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
CAPSULA

'IN THE LAND OF SILVER SOULS'

Bcore

Hirukote argentinar-bilbotarraren lan berria Rising Mountains arrakastatsuaren jarraipena da. Ez du ezustekorik: rock-and-roll disko sendo eta bikaina da. Baina badu ñabardurarik. Aitzinekoa baino psikodelikoagoa da. Horren erakusle lehen kantua, Wild Fascination. Horretaz gain, Capsularen lanetan agertu ohi diren zertzelada rockzaleak sumatzen dira, Let's Run Far Away, esaterako. Sonic Youth gogorarazten dute, Coni baxu jotzailearen ahotsa dela medio. Ekoizpenean, John Agnello teknikari estatubatuarraren esku fina nabari da. Disko arrokatsua bezain dinamikoa da.

TRUMBO

'TRUMBO'

Matasellos Records

Taldearen izen berekoa estreinako lana da, baina talde kideak eskarmentudunak dira musikaren munduan. Kanda kantari eta gitarra jotzaileak (Neubat, Vicepresidentes, Sorkun...), Gorka baxu jotzaileak (Kashbad) eta Eneko bateria jotzaileak (Naut) rock gordinenari heldu diote, Helmet, Dut eta Lifen oihartzunak ekarriz. Batzutan hardcoretik gertuago, bestetan heavy metaletik hurbilago —batez ere, Kandaren ahotsaren eraginez—, doinu rockeroak (Korronte beroak / Korronte hotzak), erritmikoagoak (Niagara) eta pisutsuak (Hiru Erregeen Mahaia) landu dituzte.

JUNE TABOR

'ASHORE'

Topic Records

Inork ezin du ukatu June Taborren ahotsa ez dela Ingalaterrako emakume ahots bikainenetakoa. Baina, agian, norbaitek zalantzan jar dezake denborak mesede egin dionik 70 urtetik hurbil dabilen Tabor anderearen kantaerari. Ashore hau izan daiteke bigarren ustearen aurkako txertorik hoberena. Xuxurlatzen duenean, ahotsa hegan egiten uzten duenean, bakarrik edota laguntza musikal minimalistarekin inguratuta, folkean buru-belarri eta jazz musikatik hurbil batzuetan, beti-beti jarriko dizu Taborrek oilo larrua. Zenbat kantari ezagutzen duzu hori egiteko gai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.