B FACHADA
'E PRA MENINOS'
Mbari
Urte osoa alde batetik bestera eman ondoren (40 emanaldi baino gehiago), B Fachada kantautore portugaldarrak iazko urtearen amaieran haurren kantuez betetako diskoa eskaini zigun. Askatasun sortzailea tresna bikaina dela erakusten digu lan honetan, non teklatuak, melodia ederrak eta hitz jostalariak diren nagusi. Elektronikoegia kantautore akustikoentzat, hizkuntza pertsonala garatzen ari da B Fachada eta bere mundu horretan kantu eta istorio ederrak daude. Comelade, Sergio Godinho eta Zapparen artean, nonbait kokatu beharko disko hau. Irribarrea esnatzen duten kantu bilduma horietakoa da.ANDONI TOLOSA
JONNY
'JONNY'
Alsatian
Norman Blake eskoziarra (Teenage Fanclub) eta Euros Childs galestarra (Gorky's Zygotic Mynci) elkartu dira bi taldeon pop onenaren esentzia (Circling the sun eta English lady, hurrenez hurren) gordetzen duen kolaborazio honetan. Hala ere, ez dira klixeak errepikatzera mugatu, eta helburu nagusia ondo pasatzea izan dutela agerian uzten duten hainbat kantu fresko eta bat-bateko grabatu dituzte bi musikariek, melodia leun(I Want to Be Around You), rock-and-roll (Wich is Wich, Cave Dance), garage (Goldmine) edota The Beatlesen eraginekin (Waiting Around for You) jokatuz eta jolastuz. Txikia baina balekoa. JON ESKISABEL
ERIZO
'NO MIENTES LA BICHA'
Autoekoizpena
Gasteiztarrek lehen grabazio profesionala argitaratu dute biniloan, 2008an lokalean grabaturiko Disparando a perros haren ostean. Orduko post-punk giro ilunak dirau. AEBetako after-punk tradizioa da trikuaren oinarria, Mission of Burma edo Hüsker Dü-ren erara —biak ala biak hirukote, arabarren antzera—. Hala ere, punk rocka egiten dutela diote. Gitarra urratuek eragindako zurrunbiloak, riff moztuekin eta sikuekin jositako tentsio uneak, eta oinarri erritmiko bihurriak dira nagusi. Hitzak irudi poetikoz beteta daude, baina Asierren intonatzeko moduak entzulea apur bat harritu dezake. Nortasun handiko lana da. JULEN AZPITARTE
Musika
Argitaratu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu