Argizagiak argituko du

Dominika Etxart kantaria hil da, Zuberoako herri kantu zenbait berreskuratzen lan handia egindakoa, 79 urte zituelaIa 40 urte egin zituen Parisen, sakristau lanetan, eta 1992an itzuli zen Euskal Herrira

gorka erostarbe leunda
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Nola bestela. Familiakoek eta adiskideek kantuan egin diote azken otoitza Dominika Etxarti. Mauleko belategian zen atzo eguerdian haren gorpua, eta taldekako kantu soinu ondo elkarretaratua entzun zitekeen. Haren seme Niko Etxartek eman dio kazetariari telefonoz kantu hori aditzeko aukera. «Entzuten duzu? Kantuan ari zaizkio...», esan dio, hunkidura apar bat eta naretasun jakintsu bat ahotsean nabari zaiolarik. Dominika bera ere «iaz azken hatsa eman arte» kantuan aritu omen da: «Bisitan joaten gintzaizkiolarik, beti egiten genuen kantuan, azken hiru bat egunetan salbu». Ostiral gauez zendu zen Dominika Etxart kantaria, Olorueko erietxean (Biarno, Frantzia), gaixoaldi luze baten ondorioz, 79 urte zituela. «Lasai joan da». Gaur egingo diote hileta elizkizuna, Altzürüküko elizan (Zuberoa), 15:30ean.

Kantua izan zen Dominika Etxarten pasioa bizi osoan. Kantuan bizi izan zen, bai gaztaroko lehen urteetan, bai Parisera bizitzera joan eta han emandako ia lau hamarkadetan, baita erretiroa hartuz geroztik berriro Euskal Herriratu osteko denboraldian ere. Niko Etxartek «aldi gorabeheratsuak» izan zituen Dominika aitarekin, batez ere gaztaroan. «Guk aski goizik ukan dugu telebista, baina asteburuetan telebista debekatua zen. Hiru seme-alabek hartu behar izaten genuen koaderno txiki bat eta beti kantu berri bat kopiatzen genuen, eta aitarekin trebatzen ginen. Aitak beti erakusten zizkigun gauzak, euskal kantuak, eta, batez ere, zubereraz».

Hiru seme-alaba izan zituen Dominika Etxartek, Madalene Jarragoienekin batera: Niko zaharrena; Jean, hura ere kantaria eta Altzürükütarrak taldeko partaidea; eta Katti gazteena, dantzaria. Niko Etxartek oroitzen du txantxetako tonuan beti esan izan duena: «Gure aita ultra-zuberotar bat izan da. Parisen Altzürükün balitz bezala bizi zen, txapela buruan zuela. Berak ez du sekula izan gose handirik museoetan ibiltzeko, adibidez. Beti jaioterria gogoan».

Hiru seme-alabetan Niko izan zen Altzürükün jaiotako bakarra, urtebete zuela gurasoekin Parisera joan baitzen. Dominikak 21 urterekin hartu zuen Frantziako hiribururako bidea. Han 37 urte egin zituen lanean —50eko hamarkada erdialdetik 90etako hasierara bitartean—, eliza handi bateko sakristau modura. «Lan ibilbide osoa han egin zuen».

Erretiroa hartu zuen Dominikak, eta jaioterrira itzuli ere bai 1992an. Ordurako aita-semeak «oso adiskideturik» ziren. «Nik 28 bat urte nituela, aita konturatu zen ni fermuki ibiltzen nintzela neure gauzatxoetan». Rocka zen gauza horietako bat. Orduz geroztik, elkarrekin «hogei urteko» ibilaldia egin zuten aita-semeek, «Euskal Herria kantuz zeharkatuz».

Kantu berreskuratuak diskoan

«Gure etxean, jai egunetan beti izan da betebeharra bazkaria edo afariak kantu batekin amaitzeko, eta horretan aita beti izan da lehena bultzatzeko», gogoratu du Nikok. Erdi galduak ziren herri kantuak berreskuratzen lan aparta egin zuen Dominika Etxartek. Niko semearekin eta Robert Larrandaburu suhiarekin batera Eperra diskoa kaleratu zuen 2004an, Elkarrren eskutik. Hamazazpi kantu ditu diskoak, horietako asko herri kantuak — Argizagiak argitzen dizü, Bazterretik bazterreala, Sor leküari, Ai! ardoa, Eperra...—, guztiak a capella kantaturik.

Larrandaburuk «lagun min» bezala du akorduan Dominika Etxart. «Dominikak ahotsa zuen maite oroz gain, ahots hutsez kantatzea. Musika tresnarikez zuen nahi izaten». Niko Etxartek eta Robert Larrandaburuk ezin konta ahala kantaldi egin zituzten Dominikarekin. Eta biek ala biek harekin kantatzeko abesti kutunena Argizagiak argitzen dizü dute: «Hainbestetan kantatu genuen. Beti hasten genituen emanaldiak kantu horrekin». Honela dio kantu horrek: «Argizagiak argitzen dizü /Gaiaz zoharbi denian. /Nik ikhusi dit ene maitia /Dantzan plazaren erdian; /Izar eder bat üdüri zian/Beste ororen artian». Argizagi bat gehiagok argitzen du kantuaren lurraldea ostiral gauaz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.