Bertsolaritza

Arkaitz Estiballes Bizkaiko txapeldun, bigarrenez jarraian

Bertsolari galdakoztarra Igor Elortzari nagusitu zaio buruz burukoan.

Igor Susaeta.
2012ko abenduaren 15a
21:51
Entzun

Estiballesek 899 puntu pilatu ditu, eta Elortzak, berriz, 896. Zuriñe Iarritu aurkezlearen ahotik txapelduna dela jakin duenean negarretan lehertu da irabazlea, eta eztanda batean, berriz, Bilbo Arena pabiloia. Zaleek goraino bete dituzte Miribillako harmailak, eta 5.000 lagun bildu dira.

Buruz burukoan aritu diren bi bertsolarien atzetik sailkatu dira Fredi Paia (506,5), Jone Uria (500), Onintza Enbeita (494,5), Miren Amuriza (490,5) eta Iratxe Ibarra (485,5). Orain bi urteko txapelketan  buruz burukora heldu zen Etxahun Lekue, baina gaur azkena izan da 474 puntu batuta.

Irabazlea txapela janzteko nagusietako bat zen, faborito argi-argirik ez zegoen arren. Batetik, 2010ean ere bera nagusitu zelako; eta bestetik, finalaurrekoetan puntuazio altuena lortu zuelako.

Hartara, gaurko garaipenarekin Unai Iturriagaren (1994 eta 1996), Balendin Enbeitaren (1958 eta 1959), eta Jon Enbeitaren (1990 eta 1992) pare jarri da Estiballes. Oraindik ere urruti dauka, ordea, Elortzaren bost txapeleko marka. Estiballesek 35 urte ditu, eta 2000 urtetik gaurdainoko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final guztietan lehiatu da.

Finaleko aurkezle lanetan Zuriñe Iarritu aritu da. Joxe Agirre bertsolari zendu berria gogoan izan du sarrerako hitzetan. Gai-emailea Bernardo Mandaluniz izan da, eta epaimahaikideak Josu Telleria, Jon Jaio, Gorka Intxaurbe, Jurgi Fuentes, Mirari Azula eta Iñaki Aurrekoetxea dira.

Jon Lopategik jantzi dio txapela garaileari. Bertsolaritzaren transmisioan egindako lana eskertu nahi diotelako aukeratu du Bertsozale Elkarteak Lopategi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.