Hotel barruko egongelan zain dago. Baretasuna darion aurpegiera, leihorantz begira. Argi leun bat sartzen da leihotik. «Argi egokia. Gaur egungo eraikin askotan argi gehiegi dago. Argia behar du gizakiak, baina ez argia bakarrik. Argiaren eta iluntasunaren arteko konbinazioa behar da». Cristinaenea fundazioak gonbidaturik dago Donostian Juhani Pallasmaa (Haemeenlinna, Finlandia, 1936). Munduko arkitektorik estimatuenetakoa da, ez soilik bere lanengatik, egungo arkitekturaz egin dituen gogoetengatik ere bai. Hamaika artikulu idatzi du gai horren inguruan, eta hamaika hitzaldi ematen du munduan barrena. Zinema eta arkitekturaz aritu zen atzo Donostian.
Esan zenitzake arkitektura interesgarri bat islatzen duen film bat eta kontrakoa, arkitektura kaltegarri bat islatzenduen beste bat?
Zinemak bere baitan darama arkitektura. Arkitekturatik gertuen dagoen arte sorkuntza musika dela diote askok. Nire ustez, zinema oraindik eta gertuago dago. Zinema zuzendari batek beti leku bat hautatzen du pelikula bat filmatzeko, eta leku horrek beti erakutsiko du arkitektura proposamen bat. Zinema zuzendari batek ezinbestean hartzen ditu erabaki arkitektonikoak. Niri asko interesatzen zait zinema zuzendariek nola erabiltzen dituzten arkitekturak, lekuak, kokapenak, geometriak, argiak... emozioak eta atmosfera jakin batzuk lortzeko. Film zuzendariak sarri arkitektoak baino sentiberagoak dira atmosferak sortzen.
Esaterako?
Nire zuzendari gustukoenetakoa Andrei Tarkovski da. Haren filmek oso egitura arkitektoniko sendoa dute, eta gure memorian iltzaturik geratzen dira. Haren arkitekturan zerikusi handia du naturako elementuen indar sinbolikoak; euriak, esaterako, baita geldotasunak ere... Arkitektura oso modu desberdinean erabiltzen zuen, bestalde, Alfred Hitchcockek. Baina oso interesgarria da hark egiten duen erabilpena ere. Haren filmetan arkitekturak oso zeregin zehatza izaten zuen, beldurrezko atmosfera bat sortzeko...
... nola sortzen zuen giro hori?
Oso modu interesgarrian, oso arkitektura arrunta erabiliz. Arkitektura arranditsuagoak erabili izan balitu, ez zukeen lortuko guregan halako beldurra sorraraztea, baina haren arkitektura hain da arrunta, egunerokoa, ezen guztiongan sortzen baitu ikara.
Arkitektura garaikidea nartzisista eta nihilista dela esan izan duzu. Noiztik da horrela?
Uste dut eraikin nartzisistak modernitatearekin azaldu zirela, baina azken hamarkadetan geroz eta indar handiagoa hartu dute. Eta gaur egungo arkitektura horrekin oso kritikoa naiz; batez ere, aldizkari espezializatuetan goratzen den arkitektura horrekin. Arkitekto arduratsu eta fin ugari dago munduan barrena, baina laudatuenak direnak nartzisistak dira, baita nihilistak ere...
Zein zentzutan?
Ez dutelako batere laguntzen taldetasuna edo kolektibitatea garatzen. Ez dute gizartea kontuan hartzen, baizik eta indibidualtasuna. Eraikin hori egiteko eskatu dion apetatsuaren eta arkitektoaren beraren indibidualtasuna, batez ere. Arkitekturak ez ditu gizarte ideiak barneratzen, baizik eta ideia indibidualak.
Adibideren bat eman al zenezake?
Ez dut izenik eman nahi, horietako asko nire lagunak dira eta [barreak].
Arkitektoaren izena, sarri, eraikina edo obra bera bezain ezaguna edo ezagunagoa da gaur egun. Baina hori bera gertatzen da beste arte adierazpide gehienekin ere...
Jakina daudela oso artistak eta sortzaileak eta interesgarriak diren arkitektoak. Baina kontua da balio indibidualak bultzatzen direla gehiago. Eta indibidualtasunetik nekez gara litekeela gizarte bat. Arkitektura gizarte horren isla da, hain zuzen ere gizarte hori arkitektura horren barruan baitago. Munduaren komertzializazioaren ondorio da. Dena da negozio, eta dena da abiadura. Baina indibidualtasuna ideia bortxatu bat da, eta kulturaren aurka egiten du.
Arkitektoek ikusmena ez beste zentzu guztiak ahaztu dituztela ere esan izan duzu. Zer esan nahi duzu?
Gizakiaren zentzumenik garrantzitsuena ukimena da, nire ustez. Errealitatearekin lotura estuena ukimenak du. Gure gorputza munduarekin harremanetan jartzen duen zentzumena da. Gaur egungo arkitekturak gorputza alienatu egiten du, arrotz bihurtu du. Ez dio gonbit egiten mundua eta errealitatea ukitzera. Ondorioz, gauzekiko, errealitatearekiko intimitatea galtzen dugu. Arkitektura oso emana dago narratibitate bisual batera, eta errealitatetik ihes egitera gonbidatzen zaitu. Nik uste dut arkitekturak lagundu behar lukeela errealitatean barneratzen eta ez handik ihes egiten. Arkitektura ez da fantasia; errealitatea da.
Beraz, gaur egungo eraikin arkitektoniko gehienak produktu bisualak dira.
Ez nuke esango gehienak hala direnik. Inguruan dugun arkitektura gehiena ona da; batez ere, aspaldikoa delako. Eta gaur egungo asko ere ona da, tradizio bati jarraitzen diotelako, baina izena eta sona hartzen duen arkitektura gehienaren izaera kritikatzen dut nik.
Zein da arkitekturaren egiteko nagusia?
Gizakiari ingurunearekin eroso sentiaraztea, eroso eta bizirik; hura errealitatearekin harremanetan jartzea. Gauzak eta errealitatea ulertzeko zubi izan behar du arkitekturak, kultura aldetik eta sozialki probetxugarri izango bada.
Emango zenituzke arkitektura probetxugarri horren adibide batzuk?
Dozenaka eta dozenaka arkitekto on dago, eta probetxuzko eredu mordoa. Esaterako, nire gustuko arkitekto batzuk dira Renzo Piano italiarra, Glen Murcutt australiarra... Azken hamarkadetan gehien gustatu zaizkidanetako bat Luis Barragan mexikarra da, errealitatean erabat txertatuz amets egiteko aukera ematen baitu haren arkitekturak. Eraikin onek ametsetarako bidea ere eskaini behar dute. Alvar Aalto herrikidearen lan gehienek ere horretarako aukera ematen dute.
Zein harreman dago jendearen eta arkitekturaren artean. Herritarrek nola bizi dute arkitektura?
Herrialdearen araberakoa da hori. Hemen dezenteko ardura duzue, nire herrian ere bai... baina, batez ere, arkitektoek saiatu behar dute herritarrarengana iristen, herritarrari eroso sentiarazten. Arkitektura hezkuntza izatea garrantzitsua da. Finlandian badago haurrentzako arkitektura eskola bat, sortu berria da. Gizakia arkitekturan bizi da, eta harreman etengabekoa du. Beraz, hori lantzea eta garatzea probetxuzkoa izan liteke.
Juhani Pallasmaa. Arkitektoa
«Arkitektura ez da fantasia; errealitatea da»
Egindako lanengatik bezain ezagun eta laudatua da arkitekturaz egindako gogoetengatik. Egungo arkitekturak indibidualtasuna goratu eta kulturaren aurka egiten duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu