Arnasgunerako zulotxoak

Viktor Jakimovski idazle mazedoniarra Euskal Herrian izango da bi hilabetez, Beste Hitzak programak ekarrita. Ekaitz Goienetxea bermeotarrak, berriz, amaitu du Esloveniako egonaldia.

Ekaitz Goienetxea eta Viktor Jakimovski, atzo, Victor Hugo museoan, Pasai Donibanen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Pasai Donibane
2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Maiatzaren 10ean heldu zen Viktor Jakimovski (Skopje, Mazedonia, 1994) Pasai Donibanera, Gipuzkoara. Egokitzen ari da pixkana-pixkana, inguruneaz bustitzen, paisaiaz, kulturaz, hizkuntzaz; dagoeneko lehen poema idatzi du bizi izandakoak kitzikatuta. Pasaia herriari berari eta Arkupe tabernari eskaini die lehen poema hori.

Izan ere, hori izango baitu egitekoetako bat datozen bi hilabeteotan: idaztea. «Poema liburu bat bukatu nahi nuke». Idazleentzat propio atondutako Hugoenea Etxean egongo da uztailaren 7ra bitartean. Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean martxan jarritako Beste Hitzak egitasmoak ekarri du Euskal Herrira. Hizkuntza gutxituetan eta hizkuntza txikietan egiten den literatur sorkuntza sustatzea du helburu egitasmo horrek. Esker oneko hitzak baino ez ditu lehen egun hauetan bildutako esperientziaz: «Herrialde zoragarria duzue, eta ohore handia da leku honetan izatea bereziki, nabaritzen baitut energia berezia dagoela; agian izango da Victor Hugo handiak hemen idatzi zuelako».

22 urte eskas izanagatik, poeta ez ezik aktore ere bada Jakimovski, eta 35 urtetik beherako idazleen artean nabarmendu da jada Eslovenian hainbat sariketa irabazita. Bere burua oraindik ez du esparru finko batera bideraturik ikusten, eta, horregatik, kazetaritza ikasketak ere egiten ari da. «Idazle gazte eta mazedoniar modura une berezia da hau niretzat. Indar handiko kultura eta hizkuntza da zuena, eta espero dut etorkizunean elkarrekin zerbait egin ahal izango dugula, kultur egitasmo gehiagotan elkar ikusiko dugula. Aukera polita dugu hizkuntza txiki eta gutxituetan idatzita dagoen literaturaren berri izateko, eta horiek garatzen laguntzeko».

Victor Hugo museoko aretoetako batean esan ditu hitz horiek Jakimovskik, eta mazedonieraz poema bat irakurri aurretik bere eskuinaldera begiratu du konplizitate keinuz. Han baita Ekaitz Goienetxea (Bermeo, Bizkaia, 1982), Beste Hitzak proiektuan parte hartu duen beste idazleetako bat. Mazedoniarra bezala, kazetaria da euskalduna ere, baina honek amaitua du bere esperientzia, Esloveniako Maribor hirian izan baitzen martxoaren 15etik hil honetako erdialdera arte.

Arnasguneak estalkian

Besteak beste, bere esperientziak blog honetan bildu zituen Goienetxeak: http:/bestehitzak.eus/ eus/blog/. Neguan «izozki ugari jan eta poesiarekin zoratzen den herrialdea» da Eslovenia, Goienetxearen hitzetan: «Poesia errezitaletara gonbidatzen gintuzten.Euskaraz errezitatzen nituen hainbat poema, nireak eta beste egile batzuenak, eta bukatu bezain pronto txalotu egiten ninduten, hizkuntza ulertu gabe ere. Baina eskertzen zuten euskararen musikalitate eta sonoritatea, hizkuntza berri eta oso desberdina baita beraien ikuspuntutik. Hainbatek erakutsi zidan interesa euskararekiko eta euskal literaturarekiko. Eta ispilu horren aurrean harro sentitzen da bat». Esaterako, harro sentitu zen Goienetxea esloveniarrei bertsolaritzaz hitz egin zienean: «Haiek harritu egin ziren bertsolaritzaren fenomenoarekin, eta haiekin batera ni neu ere konturatu nintzen zein gauza ederra den». Eta berdin harrotu zen Jose Luis Otamendiren Hautua poema irakurri zienean.

Esperientziarekin harro eta pozik itzuli da Euskal Herrira, baina baita «kezkarekin» ere: «Nola lortu hizkuntza hauen artean komunikazio handiagoa izatea, harreman zuzenago bat izatea, eta ez izatea hainbesteko menpekotasuna zubi lanak egiteko beste hizkuntza handiago batzuekiko, ingelesarekiko edo espainierarekiko». Hizkuntza nagusien estalki globalean nola egin arnasguneetarako zulotxoak alegia.

Bizipenak bete patrika itzuli da Goienetxea, eta ilusio nahiz proiektuak ere baditu esperientzia horretatik eratorriak. Mariborreko kaleetan egindako esperimentuari forma ematea da horietako bat: «Euskarazko kantu eta poema zati ezagunak jarri genituen, Txoriak Txori-eta, eta eskatu genion kaletik pasatzen zen edonori ahoska zezala inongo laguntzarik gabe. Grabatu egin genuen. Ea egiten dudan soinu muntatze bat». Gainera, ipuin baten proiektua garatzeko astia izan zuen: «Zientzia-fikzio soziolinguistiko bat da, ipuin futurista bat. Aldatzen ez bada, 2051 izango du izenburutzat».

Beste Hitzak luzera begirako proiektua izango da, 2019. urtera bitarte garatuko baita; Irlandan, Mazedonian, Eslovenian, Frisian eta Euskal Herrian egingo dituzte bi hilabete inguruko egonaldiak idazleek. Herrialde bakoitzak bi idazle aukeratuko ditu urtero, eta, aldi berean, beste biri emango die aterpe. Europako Batasunak 200.000 eurorekin lagundutako proiektua da Beste Hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.