Zuzenean joz «izugarri gozatzen» du Wilko Johnsonek, «horregatik jarraitzen dut». Diskoak egitea ez zaio horrenbeste interesatzen Dr. Feelgood talde mitikoaren lider ohiari. «Gaur egun, Interneteko deskargekin eta, ez daukat oso garbi disko bat grabatzea merezi ote duen». Ordea, zuzenean jotzea «plazera» dela dio. «Hainbat tokitara joateko aukera ematen dit». Bilboko BBK aretoan izan zen atzo, Musik Legends zikloaren barruan izan zen. Adierazi zuenez, «klasiko gisa kontuan har zaitzaten gauza bi baino ez dira behar: aspaldiko garaietan arrakasta eduki izana eta gaur egun beltzez janztea».
Zikloaren antolatzaileek ez dakite datozen hiletan ekarriko dituzten musikariak beltzez janzten ote diren. Alabaina, zalantza zirkinik ez dute. «60ko eta 70eko hamarkadetan arrakasta itzela izandakoak dira denak», nabarmendu du Jose Pascual Otaola Spasky-k. Ian Anderson (otsailaren 8an), Marianne Faithfull (apirilaren 5ean), John Mayall (ekainaren 14an), Albert Lee (ekainaren 24an) eta Bill Wyman (uztailaren 11n) ariko dira Bilbon uda bitartean.
Musik Legends ekimenak segida izatea nahi dute antolatzaileek, udazkenean eta neguan ere «musikaren historian lorratza utzitako klasikoak» ekartzen ahaleginduko dira. BBK aretoan 500 lagunentzako tokia dago. Hortaz, formatu txikiko emanaldiak izango dira. «Hurbilekoak eta intimoak», ziurtatu du Spaskyk. «Artista hauek espazio zabal eta handietan ikusi izan ditugu, baina hemen bestelako harremana izango da musikarien eta ikusleen artean: zuzenagoa eta beroagoa».
1963tik The Rolling Stoneseko bateria dena, alegia, Charlie Watts ekarri nahi dute Musik Legends ziklora. Datarekin arazoak izan dituzte, ordea. Eguna zehaztu orduko jakinarazi egingo dutela esan du Spaskyk. Halaber, The Rolling Stonesen ibilitako beste musikari bat ekarri nahian dabiltza antolatzaileak, 1974ra arte jardundako Mick Taylor gitarrista, hain zuzen.
«Arrakasta eduki izana eta beltzez janztea nahikoa da klasikoa izateko»
Wilko Johnsonek ireki du Musik Legends zikloa, eta laster izango dira Bilbon Ian Anderson eta Marianne Faithfull
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu