Artista

Irati Bazeta: «Arraroa iruditzen zitzaidan euskarari buruzko erakusketa bat egitea euskararik gabe»

Iazko Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen Bazetak 'Harien isla' proiektuarekin, eta aurtengo azokako lehen egunean zabaldu du erakusketa, Durangoko museoan.

Inigo Astiz
Durango
2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza bat irudikatzea nahikoa ez, eta hizkuntza baten zapalkuntza artelan bilakatzeko erronka jarri dio bere buruari Irati Bazeta artistak (Abadiño, Bizkaia, 1999). Euskararen zapalkuntza, zehazki. Gizarte Hezkuntza ikasketak egin zituen EHUn, baina umetatik izan du gustuko margotzea. Euskara jendeari buruzko artelanez osatutako proiektu batekin irabazi zuen iaz Durangoko Azokaren Sormen Beka, eta, urtebeteko lanaren ostean, aurtengo azokako lehen egunean inauguratu du Harien isla erakusketa.

Hasieratik izan zenituen argi ikusezin den hori ikusgarri bilakatzeko erabiliko zenituen estrategiak?

Kolore batzuek badute euren sinbolismoa. Urreak boterea irudikatzen du, adibidez, eta, justu, hor aurreko koadroan [keinu egiten dio begiez], urdin ilunez margotutako izaki goibel moduko bat ikusten da. Kontzientziarik ez duen izaki bat irudikatu nahi nuen horrekin, eta haren gainean halako botere moduko bat dago [urre kolorez egindako marra batzuek irudikatzen dute]. Hartaz kontziente ez bazara, konturatu gabe zapalduko zaitu. Horrela irudikatu dut euskararen zapalkuntza hor, baina, era berean, kontzientzia hartzea ere irudikatu nahi nuen.

Hain justu, salaketaren eta aldarrikapenaren artean dabil erakusketa osoa.

Ezin da izan salaketa bakarrik; eraikitze bat ere behar da.

Erakusketan badira bi alde horiek islatzen dituzten bi koadro. Birika bat irudikatzen du batak, kolore goibel xamarra duena, eta egiturazko zapalkuntza irudikatzen duten zenbait hitz: hala nola zentsura, zonifikazioa eta debekua. Eta justu alboan bihotz bat dago, koloretsuagoa.

Bai, irudi koloretsu horren bidez, euskalgintzak egindako lana eskertu nahi izan dut, lan hori gabe ez ginatekeelako gaur egun hemen gauden moduan egongo. Eta orain pizkunde bat edo bultzada bat behar dugu.

Larrialdi linguistikoa oso presente izan duzu.

Ez da erraza horrelako kontzeptu handi bat ekartzea. Birikaren bidez, arnasguneen galeraren ideia landu nahi izan dut.

Zapalkuntza linguistikoaren irudikapena faltan sumatzen zenuen?

Behin lagun batek esan zidanez, zu zapalkuntza egoera batean bizi zarenean, eta hori denean normaltasuna zure egunerokoan, zure egunerokoaren parte bihurtzen duzu, eta ez zara kontziente izaten. Ideia hori inportantea iruditzen zait, ze zapalkuntza zer edo zer oso sotila bihurtzen denean, zerbait zuzena ez denean, oso zaila da identifikatzen.

Margolan batzuk figuratiboagoak dira, baina badira abstraktuagoak diren beste batzuk ere, eta, irudiez gainera, esaldiak ere tartekatu dituzu. Hasieratik pentsatutako estetika bati jarraitu beharrean, buruan zenuena esateko balio zizuna hartu duzu?

Lehenengo, ideia izan zen, eta gero etorri zen estetika. Hori izan zen ordena. Hori izan da. Berakatzak eta tipulak batzeko erabiltzen diren sareak ere erabili ditut, adibidez.

Eta esaldi asko ere bai.

Arraroa iruditzen zitzaidan euskarari buruzko erakusketa bat egitea euskararik gabe. Igual posible da, baina niretzat arraroa zen. 

Publikoarentzako mezu zuzenak ere badituzte lanek. Ispiluak jarri dituzu, eta esaldiak idatzi bertan. Bisitariak bere burua ikusten du, eta ondorengo esaldia irakurtzen du aldi berean: «Kolektiboki zer egingo dugu euskararen alde?».

Bakarrik ezin da. Niretzat, kolektibotasuna garrantzitsua da, eta kolektibotasun hori aktibatzea ere bai.

Azken piezan bere gogoetak idatziz uzteko gonbita egiten diozu bisitariari. 

Hona datorrenak hor jar dezake bere hausnarketa edo bere erantzuna. Zer egingo dugu euskararen alde? Lana hona datorren jendeak bukatzea eta gero biltzea da nire asmoa. Hilabete egongo da erakusketa hemen, eta ekarpen denak bertan geratuko dira denbora horretan. Jendearen ekarpenekin borobilduko da lana.

Zure lehen erakusketa da hau, eta Durangoko Azokan egin duzu.

Bertigo handia sentitu nuen beka eman zidatenean. Umetatik etorri naiz, urtero. 

Eta zer izan da beka hori jasotzea?

Bekak baliabide materialak ematen ditu, baina baita pentsatzeko denbora ere. Beka jaso ez banu, ez dakit horrelako lanak egiten hasiko ote nintzatekeen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.