Aintzane Usandizaga.

Arrautza

2025eko abuztuaren 24a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00
(ID_17546458326785) Udako narrazioa Aintzane Usandizaga
EXPRAI

 

Mikeli

 

Aita!

Iritsi da unea. Nabari zaio ahotsaren larritasunean, irrikan.

Aita! Grabatu egin behar dudala!

Telefonoa irudikatu dut bere esku txiki koipetsuetan. Badakit dardara egongo dela gero irudietan, ez duela enkoadrea ondo egingo.

Ez duzu nahiago zu ateratzea?

Begitartea uzkur begiratu nau, baina krakatekoak ostu dio arreta.

Aaaa!

Leherketa bat espero balu bezala egin du garrasi, eskuak aurpegira eraman. Ez da ezer berezirik ikusten, ordea: usoaren gorputzak hartzen du habia guztia, gure leihoko loreontzia, alegia. Bertan errundako arrautza ezin dugu ikusi ere egin. Krakatekoa garbi entzungo da bideoan, hori bai.

Deitu Aroari!

Ezin diot orain deitu, telefonoa grabatzen ari da.

Ba gelditu. Uou!

Krakateko handiagoa. Dardara sumatu daiteke usoaren azpian, zerbait mugitzen ari da. Aroak ere uou egiten du; ez dakit haurrak neskalagunari ala neskalagunak haurrari kopiatu dion ohitura. Halaxe egin zuen arrautza ikusi genuen lehen aldian ere. Aroak. Nik disimuluan deitu nion, pzzz, Aroa, begira, eta leiho ertzeko loreontzi lehortuan zetzan arrautza seinalatu. Aroak uou ozen hura bota zuen, gehiegizkoa erabat, akaso nire misterio tonua ere neurriz kanpokoa izan zen, ados, baina ez uou hura bezainbeste, haurra ere egongelara etorri baitzen korrika uou haren arrastoan. Aroak leihoa parez pare zabaltzean, baina, umeari arrautzak ez zion ezer askorik esan; hortik laster txita bat jaioko da bota zion arte Aroak, uou haren senitartekoa zen beste tonu batekin eta, orduan bai, begi-ahoak parez pare zabaldu zituen.

Dena ari zara grabatzen?

Baietz ba. Begira! Ikusi nola ari den mugitzen.

Aroaren entusiasmoari eutsi beste erremediorik ez nuen izan. Batera azaldu genion haurrari hegaztiren batek bertan egin zuela habia, errun arrautza, eta amari egun batzuetan lasai etortzen utziz gero, molestatu gabe, txorikume bat jaioko zela bertatik.

Zergatik arrautza bat bakarrik? Kaxan gehiago etortzen dira.

Barre egin nuen ateraldiarekin. Ai ze pena, esan zuen Aroak, ze deskonektatuta dauden haurrak naturatik gaur egun.

Umea oheratu ondoren esatekotan egon nintzen. Aroa, uso baten arrautza da hori. Baina banekien zer erantzungo zidan, banekien usoak arratoi hegalariak dira esaldi maiztuak berarekin ez zuela funtzionatuko eta azkenean arrazoia ematen bukatu beharko nuela esaten zidanean usoak zikinak badira gizakion erruagatik dela.

Esango niokeen gustura zenbat kostatu zitzaidan pisu hau topatzea, zenbat kostatzen ari zitzaidan auzotarrak neureganatzea. Kontu bitxia, bizilagunekin erraz moldatzekoa izan bainaiz beti, banatu aurretik Irene baino abilagoa nintzen halakoetan, baina auzo hauek ez ziren errazenak izaten ari. Hasieratik begirada mesfidatiak sumatu nituen, hirugarrengo pisukoa hurbildu zitzaidan arte esanez nolako zortea nirea, alderdi historikoko etxe hartan sartu nintzela abantaila guztiekin eta betebeharrik gabe, azken izurrite eta fumigazioen gastu eta enbarazuak amaitutakoan, hain juxtu. Eta hain juxtu horren tonuak bazirudien makurkeria bat egozten zidala. Arratoiak izan zituztela ezkaratzean lehenengo, usoak gero: lurreko eta aireko erasoa. Lurrekoa eta airekoa! errepikatzen zuen gizonak, makulua buru gainean astinduz, haserre. Nirekin, usoekin ala arratoiekin ezin jakin. Irribarrea eskaini nion, besterik ezean, esker oneko agertu nahian. Jator.

Aroari zera esan esan ezinda geratu nintzen: gure loreontziko arrautza usoarena bazen bizilagunek begitan hartuko gintuztela erremediorik gabe (pluralean hitz eginda kasu gehiago egingo zidakeen, akaso), 'zerbait egin' behar genuela. Baina 'zerbait egin' hori zer zen galdetuko zidan begi urtsuekin eta ez nintzen ausartuko ezer gehiago zehazten. Gainera, nola jakin behar nuen nik usoaren arrautza ote zen, txoriez ideia zipitzik izan gabe. Lau zirinengatik merezi ote zuen txoritxo bat hiltzeak; umearen, neskalagunaren ilusioa ez aipatzeagatik.

Hori guztia pentsatu baina ez nion Aroari ezertxo ere esan. Baina Ireneri bai.

Aizu, zer da arrautzaren kontu hori?

Haurra jasotzera etorri zela ataritik bota zidan galdera Irenek, umeari zapatilak lotzen ari zela, txikiak ezkerreko begia oraindik telebistan itsatsirik.

Habiatzat hartu du txori batek gure loreontzia eta arrautza errun digu.

Eskolan aztoratuta dauzkazue. Irakasleak eskatu dit arrautza kraskatzean bideoa grabatzeko. Nik argi esan diot: zure habia, zure bideoa.

Ez zuen zertan asmo gaiztorik egon esaldi horretan, ondo moldatzen gara Irene eta biok, haurraren kontuekin eta bai. Hori erantzuten dut nik, behintzat, norbaitek oraindik dibortzioaz galdetzen didanean. Berak berdina esango du, pentsatzen dut. Haurraren kontuekin eta bai. Bizilagunekin, Aroarekin, umearekin arrautzaren kontua nola nahaspilatu zen kontatu nion azkenean, ulertuko zuelakoan, aholkuren bat eman, lagundu…

Noski usoa dela. Zer bestela? Haurrak ikusi aurretik bota behar zenuen. Animo.

Eta alde egin zuen, irribarre ezagun bat ahoan.

Irakaslearekin hitz egitea erabaki nuen, zerbait bururatuko zitzaion. Baina hain zegoen ilusionaturik. Hain zen atsegina. Denak zeudela txoritxoaren jaiotzaren zain. Polita izango zela haurrarekin hori bizitzea. Eskolako laguntxo guztiekin. Gero txoritxoa etxean hartuko duzue?

Ez nuen horretan pentsatu. Gero bat zegoenik. Nire kezka txori-amaren zirinetan zegoen, bizilagunen begirada ilunetan, ez geron, ez txoritxoan. Gero zer?

Gero, hasteko, bizilagunaren bisita. Aroa etxean haurrarekin bakarrik zegoen batean, gainera. Esan zion ezkaratzean ohartuak zirela usoei etortzen uzten geniela, jaten ematen omen genien eta dena zirintzen ari zirela ostera. Kostatuak kostatu ondoren. Baina noski, guk zer jakingo genuen. Makulua dantzan imajinatu nuen bizilaguna. Oso oldarkorra izan zela eta larrituta zegoen Aroa. Ez arrautza desagerrarazteko adina, ordea. Irene izan balitz…

Uso-ama mugitu egin da loreontzi-habian, agerian utzi du txorikumea. Itsusi amorratua da, ile ziztrin batzuk baino ez ditu, begi gorri itsuak eta ahoa irekitzen du etengabe. Kamera haurraren aurpegirantz mugitu dudanean nabarmena izan da haren narda keinua ere. Gero lumak atera eta polit-polita izango da esan diot, leun-leun. Ez dut konbentzitu.

Sarrerako atea entzun da. Giltza sarrailan lehenengo, Aroaren ahots alaia danbatekoaren ondoren. Kamera harantz bideratu dut, txoritxo itsusitik aldenduz.

Uou desberdina izan da gaurkoa. Lehorra, motza. Aroaren aurpegian ezagutzen ez nuen keinu bat ikusi dut pantailaren bestaldetik. Zalaparta itzela entzun da berehala, patioan, eztanda baten modukoa. Kameraren atzetik leihora begiratu dudanerako ez dago loreontzirik erlaitzean.

Oso itsusia zen. Makila daukan gizonak esan dit arrautzatik itsusi ateratzen bada hil egin behar dela, dena kakaz bete aurretik.

Grabazioa eten dut. Azken segundoak moztu ditzaket, bidali aurretik.

aintzane usandizaga

(Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988) Artearen Historia gradua ikasi zuen, eta, idazlea izateaz gain, beste arlo batzuetan ere jardun du; gidoigintzan eta arte hezkuntza eta kultur bitartekaritza proiektuetan, besteak beste. Kabitu ezina (Elkar, 2019) izan zen haren lehenengo nobela. Horretaz gainera, bi album ilustratu ere kaleratu ditu: Etxe honetan (Pamiela, 2019) eta Esther Ferrer eta denbora (Pamiela, 2022). Lehenarekin Etxepare saria lortu zuen 2019an, eta 2021ean, Ikastolen Elkartearen Juul saria eman zioten. Haur eta gazte literaturako lan bat —Ez duzu sinetsiko (Txalaparta, 2023)— eta ipuin liburu bat —Zomorrotu (Elkar, 2023)— ere baditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.