Arte eszenikoak

Arriaga antzokia hilaren 17an zabalduko dute

Joaquin Atxukarro pianista izango da irekiera kontzertuko protagonista. Uztailaren 23ra bitartean hemeretzi ikuskizun emango ditu Bilboko antzokiak

Joaquin Atxukarrorekin hasiko du udako denboraldia Arriaga antzokiak. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2020ko ekainaren 3a
13:53
Entzun

Joan den igandean, maiatzaren 31n, Bilboko Arriaga antzokiak bere 130. urteurrena ospatzeko asmoa zuen, eta Joaquin Atxukarro pianistak eman behar zuen ospakizuneko kontzertua. COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisiak eta larrialdi egoerak ezinezko egin zuten emanaldi hori egitea, baina Arriaga antzokiak Atxukarro aukeratu du berriz irekiko duen egunerako. «Ez da kasualitatea bere belaunaldiko norbait izatea Arriagako ikuskizunei berriro ekiteko aukeratu dena, pandemiaren ondorioak gehien jasan dituen belaunaldiaren sinbolo moduan. Hori dela eta, Arriaga antzokiak Atxukarro maisuaren alde egin duen apustua sinbolo bat ere bada, arteak eta edertasunak abagune zailenak gainditzen dituela erakusten duen sinboloa, hain zuzen ere», adierazi du antzokiak ohar baten bidez. Hilaren 17ko kontzertuan, Bachen, Beethovenen, Brahmsem eta Liszten obrak interpretatuko ditu Atxukarrok.

Uztailaren 23ra arte Arriagak programatu dituen hemeretzi emanaldietako lehenengoa izango da hori. Gero etorriko dira, besteak beste, Asier Polo biolontxelo joleak Bach interpretatuz emango duen kontzertua (uztailaren 2an) eta Jone Martinez sopranoak eta Maite Maruri mezzoak Passamezzo Antico ensamble barrokoarekin batera Vivaldi interpretatuz eskainiko dutena (uztailaren 8an). Biak Calixto Bieito Arriagako zuzendariak zuzenduko ditu.

Gabriel Arestiren etxea defendituko dut (uztailak 9) poesia ikuskizuna ere Bieitok zuzenduko du. Gabriel Arestiren poemei egingo zaien omenaldia da, euskaraz eta gaztelaniaz, Miren Gaztañƒagaren, Itxaso Quintanaren, Mikel Losadaren eta Gabriel Ocinaren ahotsekin. Amaitzeko, uztailaren 14an, Bieitok berak Tiempos de Cabaret y Cambalache zuzenduko du, Gurutze Beitiarekin: Iñaki Maruri pianoan eta Jon Fresko perkusioan izango dituen antzerki-kabaret ikuskizuna, keinuan, imintzioan, oihuan eta zoramenean oinarritutako antzezlana.

Arriaga antzokiko beste ekoizpen lan bik figura handiak ekarriko dituzte. Alde batetik, Lucia Lakarra izango da. Matthew Goldingekin batera, Reencuentro en danza izeneko oroimeneko ikuskizuna interpretatuko du, Txaikovski edo Vivaldiren musikak Petipa eta Edwaard Liangren koreografiekin uztartuko dituen programan hainbat pieza integratuz. Ikuskizunak Bilbao Sinfoniettaren zuzeneko musika izango du. Uztailaren 7an izango da hori. Beste alde batetik, Bernardo Atxagak bere azkenengo sorkuntza lana estreinatuko du uztailaren 21ean: Pange lingua, voglio una pizza. Irakurketa elebiduna izango da parte batean, eta Joseba Apaolazak helaraziko dizkie itzulpenak eta oharrak ikus-entzuleei.

Antzerkia eta musika

Antzerkiari dagokionez, Patxo Telleria eta Mikel Martinez Ez Dok Hiruren bertsio akustikoarekin izango dira ekainaren 18an; eta Aitziber Garmendiak Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) interpretatuko du ekainaren 25ean.

Bestetik, gaztelaniazko hainbat antzezlan emango ditu Arriagak: Hoy, última función (ekainaren 24an), Desfasando que es gerundio (ekainaren 30ean), Ay, Carmela! (uztailaren 16an)eta Ramper, vida y muerte de un payaso (uztailaren 22an).

Musika izango da programazioaren beste zutabe garrantzitsu bat. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) lankidetzan, ganbera musikako bi kontzertu emango dira; bat Guridiren musikarekin, ekainaren 19an, BOSeko harizko bi laukotek interpretatutako zenbait piezarekin, eta bestea Beethoveni eskainitakoa, ekainaren 26an, BOSeko harizko beste laukote batek eta haizezko eta harizko zazpikote batek interpretatuta.

Gainera, ekainaren 23an, Vanessa Goikoetxea eta Mikeldi Atxalandabaso lehen aldiz elkartuko dira agertokian zarzuela programa eskaintzeko, Usandizagaren, Guridiren, Sorozabalen eta Arrietaren erromantzeen eta duoen interpretazioekin. Uztailaren 1ean, Alicia Amo sopranoak Beethoveni, Schuberti eta Mendelssohni eskainitako bloke bat izango duen errezitala emango du; bigarren partean, melodia sefardiak interpretatuko ditu. Eta uztailaren 15ean, Andeka Gorrotxategi tenorra izango da Arriagan.

Azkenik, Eñaut Elorrieta uztailaren 23an ariko da Bilboko antzokian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.