Musika

Arriaga: desagerpenaren ertzetik memoria kolektiborako dantzan

Bihar beteko dira berrehun urte Juan Crisostomo Arriaga konpositorea hil zenetik, eta, haren musika ezagun egin bada ere, haren figuraren eta haren lanaren parte handi batek ilunpetan dirau oraindik.

Gora Somera elkarteak 2015ean Juan Crisostomo Arriagari egindako omenaldia, haren sortetxe izandakoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Gora Somera elkarteak 2015ean Juan Crisostomo Arriagari egindako omenaldia, haren sortetxe izandakoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko urtarrilaren 16a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahanzturarekin dantzatutako bals bat dirudi Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen bizitzak; bi pauso itzalean, eta, gero, azkena argitara. 1806an jaio zen, Bilboko egungo Somera kaleko 12.enean, eta 20 urte betetzeko hilabeteren faltan hil, Parisen, 1826ko urtarrilaren 17an. Justu, duela berrehun urte. Ondoan seniderik izan gabe eta hilarri propiorik gabe ehortzi zuten, Montmartreko edo iparraldeko hilerri deitutako horretan, hobi komun batean. Geroari papur biografiko eskas batzuk baino ez zizkion utzi, eta, adituen hitzetan, «maisulan» izendapena merezi duten obra multzo murritz bat. Baina bidea kolpez eten zitzaion etorkizun handiko artista baten distira ez ezik, haren ondarearen inguruko utzikeriaren laidoa ere biltzen du Arriagaren historiak. Izan ere, bai Euskal Herriko eta bai nazioarteko hainbat orkestrak eta musikarik interpretatzen dituzte hala haren kuartetoak nola Esklabo zoriontsuak operaren obertura, baina gaurdaino iritsitako haren musikak isiltasun aro luze bat ere igaro behar izan du, eta, tarteka, baita erabateko desagerpenaren muga laztandu ere.

«Zuretzat ez ezik, galera zorigabeko hau zorigaizto lazgarri bat da musikaren artearentzako ere». Pedro Albeniz musikari eta Arriagaren lagunak hitz horiekin deskribatu zion konpositorearen aitari zer-nolako galera zen semea hil izana. 1866an haren kuartetoei buruzko lore sorta ederra utzi zuen idatzita Arriagaren irakasle izan zen Francois Joseph Fetis konpositoreak: «Zaila da imajinatzea kuarteto hauek baino ezer originalagorik edo dotoreagorik, ezer hain era puruan idatzitakorik». Gerald Abraham musika adituak Gioachino Rossinirenak baino nabarmenagotzat jo zituen Arriagaren kuarteto horiek 1986an argitaratu zuen historia musikalean, eta Sharon Kay Hoke musikologo estatubatuarrak ere «maisulan» izendatu zituen, sasoi bertsuan Iowako Unibertsitatean konpositoreari buruz aurkeztutako doktore tesian. Eta, halere, Arriagaren bizitzari dagokionez, ilunpea da nagusi.

Jakina da 1821eko irailaren 26an joan zela Parisera, esaterako. Dokumentatuta dago kontserbatorioan izan zuen harrera beroa, eta nolabaiteko sona izan zuela ere ondorioztatu dute ikerlariek, besteak beste, Parisko sinadura biltzaile baten bilduman haren sinadura ere topa baitaiteke. Jakina da Saint Honore kaleko 314. ean hil zela ere, baina, datu hotz gutxi batzuk gorabehera, apenas geratzen den haren bizitza pertsonalari buruzko hari muturrik. Eta, ondorioz, gutxi izan dira haren biografia idazteko saiakera egin duten egileak ere.

Ahaztua eta galdua

Barbara Rosen idazleak 1989an Nevadako Euskal Ikasketen Programarekin argitaratutako Arriaga, the Forgotten Genius da lan bakan horietako bat, eta Ramon Rodamilans piano jotzaile, piano salerosle eta musika ikerlari bilbotarrak 2000. urtean kaleratutako En busca de Arriaga da bestea. Konpositorearen kalitate artistikoa nabarmentzen da bi lanetan, baina, era berean, ezin iheskorrago ageri da euskal konpositorearen figura ere. Jenio ahaztu bat da Arriaga, lehenaren tituluan, eta galdutako norbait, bigarrenarenean.

Juan Crisostomo Arriagak berak 1817an egindako marrazkia, erdian bere burua irudikatuta.
Juan Crisostomo Arriagak berak 1817an egindako marrazki bat, erdian bere burua irudikatuta.

11 urte baino ez zituela sortu zuen Arriagak bere lehen obra, eta, gaztetasun horregatik, adituek eta zaleek behin baino gehiagotan baliatu izan dute Amadeus Mozarten figura Arriagarena nabarmentzeko; eta, hain zuzen ere, vienar konpositorearen jaiotza aipatuz abiatzen du Rosenek bere biografia ere. Kasualitatez, Mozart ere, Arriaga bezala, urtarrilaren 27an jaio baitzen. «Justu 50 urte geroago, egun berean eta ordu berean, lanean ari ziren ume bati jenio musikala emateko ardura duten indar misteriotsuak. Txingar jainkotiar batek mende erdia eta Salzburgotik Bilbo urrunerako bide osoa gurutzatu balitu bezala izan zen».

Rosenen hitzetan, ordea, «jenio goiztiar bat baino zerbait gehiago» da Arriaga. «Benetan originalak izan ziren XIX. mendeko konpositore talde hautatu bateko kide izan zen».

Rodamilansek itzalei segika deskribatzen du bere burua En busca de Arriaga liburuan. Onartzen duenez, konpositoreari buruzko biografia bat idaztea izan zuen asmoa hasieran, baina, hari buruzko datuak urriak zirela ikusirik, «eraikin amaitua» erakutsi beharrean «aldamioak» erakustearekin konformatu behar izan zuen, dioenez. Izan ere, ikerlariak gogoratzen duenez, ezin urriagoak dira konpositoreari buruz gorde diren datuak. Eta, horregatik, hari buruzko biografia bat baino gehiago, hari buruz eraiki diren mitoek duten oinarri eskasa azaleratzeko ariketa bat ere bada liburua.

Arratoi arteko operak

Rodamilansek nabarmentzen duenez, esaterako, ez da Arriagaren eskutitz bakar bat ere gorde. Haren senideek idatzitako edo haren senideei idatzitako zortzi eskutitz baino ez dira ezagutzen, eta, horietaz gainera, ezer gutxi gehiago. Parisko Musikako eta Deklamazioko Errege Eskolako irakasleek Arriagaren garapen akademikoari buruz egindako oharrak, eta, batez ere, Francois Joseph Fetis konpositore eta irakasleak 1866an kaleratutako Biographie des musiciens testuan Bilboko sortzaileari buruz idatzitako laudoriozko oharra.

Eufemismorik gabe, Arriagaren ondarea «abandonatua» izan zela esaten du Rodamilansek sortzaileari eskainitako biografian. Hil eta gutxira, konpositorearena izandako biolina, beste hainbat objektu, eta partitura eta eskuizkribu multzo bat biltzen zituzten bi kutxa helarazi zizkieten senideei Paristik. Baina ez dirudi haiek zaintzeko mira handirik izan zutenik, eta, gerora ere, kutxa horiek urteak eman zituzten etxez etxe eta eskuz esku. Tarteka, komeni baino giro hezeagoetan. Inoiz, baita arratoi artean ere.

Arriagak sortutako lehen piezetako baten partiturak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Arriagak sortutako lehen piezetako baten partiturak. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Fetisen biografien berrargitalpenak abiarazi zuen Arriagaren figura gogora ekartzeko bidea, konpositorea hil eta berrogei urtera. Irakasle izan zuenaren laudorioen bidez piztu zen konpositorearen inguruko interesa, lehenik Bilbon, eta, urteurrenez urteurren, partiturak argitaratuz joan ahala, lurralde gehiagotara joan zen lilura zabaltzen. Orduan heldu ziren omenaldiak, argitalpenak, kontzertuak eta, gerora, baita disko sorta nabarmen bat ere.

Arriagari eskainitako museo xume bat ere ireki zuten Bilboko Bidebarrieta liburutegiaren lehen solairuan, 1959an, baina 1983ko uholdeen ondorioz amaitu zen haren ibilbidea. Lehen solairuan egonik, urak ez zuen ondarea hondatu, baina, geroztik, Bidebarrieta liburutegian dagoen Arriagaren funtsaren parte bilakatu da bilduma.

Galdutako piezak

Bizirik zen artean, kuartetoen partiturak baino ez zituen argitaratuta ikusi Arriagak. Ph. Petit musika argitaletxe prestigiotsuak kaleratu zituen, gainera, eta azalduta lan horien kalitatea ikusita lehenbailehen argitaratzekoak zirela. Haren beste lan batzuk, berriz, txatalka edo hutsuneekin heldu dira gaurdaino. Esklabo zoriontsuak operaren parte bat baino ez da ezagutzen, adibidez, eta, adituen kalkulatzen dutenez, desagertuta daude Bilbon sortutako hamahiru pieza oso gutxienez.

1983an piztu zen itxaropen izpi bat. Madrilgo Kontserbatorioko Liburutegiko zuzendariak Arriagarena izan zitekeen eskuizkribu baten berri eman zuen El País egunkarian. Ikerlarien azterketek, ordea, berehala baztertu zuten aukera hori. Grafia ez zen harena. Eta, Rodamilansen hitzetan, dagoeneko ezin da Arriagaren musika galdua azaleratuko den esperantza handirik izan.

Euskal Mendelssohn bat

Arriaga, the Forgotten Genius liburuan dioenez, Rosenek ez du uste Arriagaren lanetan «euskal» kutsuko elementurik dagoenik. Baina, hain zuzen ere, euskal herritarra izanik, Arriagari begiratzeko emankorragoa iruditzen zaio Felix Mendelssohn konpositorearen ispilua Mozartena baino. Arriagak baino hiru urte gutxiago zituen, eta hura ere gazte hasi zen konposatzen. 1825ean Parisen izan zen, gainera, eta, Rosenen hitzetan, baliteke bi artistek topo egin izana ere. Baina, idazle estatubatuarraren ikuspegitik, sakonagoa da Arriaga eta Mendelssohn batzen dituena. Haien jatorriak problematizatu egiten du konpositoreek Alemaniako eta Espainiako historiografietan duten lekua. «Mendelssohndarrak juduak ziren, eta arriagatarrak euskaldunak. Eta, gaur egun Mendelssohn alemaniar konpositorea 'alemaniartzat' jotzen ez den bezala —Wagner ez bezala, kasurako—, Arriaga ere ezin da espainiar konpositore 'espainiartzat' hartu».

Baina, Rosenen liburuan, bada bi konpositoreen arteko desberdintasunei buruzko aipamen mikatzago bat ere. Izan ere, idazlearen hitzetan, bizialdian antzekotasunak izan zituztela pentsa daitekeen arren, «dramatikoa» da bi sortzaileen heriotzen arteko aldea. Rosenek gogoratzen duenez, Beethovenek berari egin baino omenaldi, goresmen eta kontzertu gehiagorekin egin baitzitzaion agurra Mendelssohni, eta, aipatzen duenez, Viktoria erreginaren zein Saxoniako eta Prusiako erregeen doluminak ere jaso zituen haren sendiak. «Juan Crisostomok errege eta erreginarik gabe konformatu behar izan zuen, oroitarririk eta kontzerturik gabe, familiarik eta lagunik gabe, eta, are, baita hilarririk gabe ere». 

Sorkuntzak ahitu ote zuen. Hori da Arriagari buruzko beste kondairetako bat, baina, kasu horretan ere, apenas dagoen hipotesi horri heltzeko ezer. «Beste edozein gizon jeniodun bezala», sorkuntzak Arriaga «tormentatu» egiten zuela utzi zuen idatzita Fetisek, euskal sortzailearen irakasle izandakoak. Eta Arriagaren aitari heriotzaren berri emateko eskutitzean, Pedro Albenizek aipatzen du bularraldean minen bat zeukala. Baina hori da dena, eta, beraz, biografoak ere ez dira urrunago joatera ausartzen. Hortaz, hil zenetik berrehun urte beteko diren honetan ere, hala baino ezin da ikusi Arriagaren figura, tarteka agertzen, eta gero, beste bi pausoz, berriz ere desagertzen. Memoria kolektiboan bai, baina baita ahanzturarekin dantzan ere.

lA rITIRATA oRKESTRAK ARRIAGA OMENDUKO DU BIHAR, BILBON

Haren heriotzaren bigarren mendeurrenaren efemeridea ez da oharkabean joan, eta urtea hasi zenetik hainbat omenaldi jaso ditu Juan Crisostomo Arriaga konpositoreak. Euskadiko Orkestrak haren hainbat pieza jo ditu urtea hasteko kontzertuetan, eta Bilboko Arriaga antzokiak haren musikak lagundutako bisita gidatu bereziak antolatu ditu. La Ritirata orkestrak ere omenduko du konpositorea. Haren lanik ezezagunenak ez ezik garaikide izandako beste hainbat konpositoreren lanak ere biltzen dituen programa prestatu dute horretarako. Bihar emango dute kontzertua, Arriaga antzokian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.