«Kargua hartu nuenean, ideia bikaina iruditu zitzaidan [Juan Crisostomo] Arriagaren omenezko ospakizun bat sortzea, festa moduko bat, poema musikal eta bisual bat». Orain urtebete hartu zuen Calixto Bieito opera eta antzerki zuzendari entzutetsuak Bilboko Arriaga antzokiko zuzendari kargua, eta hasieratik izan du buruan bueltaka konpositorea omentzeko ideia. Orain heldu zaio unea. Hain justu, 1806ko urtarrilaren 27an jaio zen Arriaga, eta urteurrenaren aitzakian, bi emanaldi egingo ditu antzokiak, ostiralean bat eta larunbatean bestea. Bideo irudiak eta musika uztartuko dituzte ikuskizunean, eta horregatik deitu ditu Bieitok «poema musikal eta bisualak». Saiorako beren-beregi egin du musika hautaketa Jon Malaxetxebarria musika zuzendariak, eta propio sortu ditu irudiak Sarah Derendinger zinema zuzendariak ere. Bieitok hartu ditu zuzendari artistiko lanak, eta antzokiarekin sortu duen lehen ekoizpen propioa izango da. Independentea izango da saio bakoitza, baina baita elkarren osagarri ere, eta izen bakarra jarri diete horregatik bi emanaldiei: Esclavos felices (Esklabo zoriontsuak).
Argia da Malaxetxebarria musika zuzendariak egin duen bereizketa. Batetik, Arriagak sortutako ganbera musikaren hautaketa bat eskainiko dute ostiralean La Ritirata, Ensemble 442 eta Bilbao Sinfonietta Cuarteto laukoteek, eta, beste aldetik, Arriagaren lan sinfoniko eta ahozkoa eskainiko dute larunbatean Bilboko Koralak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Marta Ubieta eta Naroa Intxausti sopranoek. Arriaga dira guztiak, baina ez Arriaga bera. Bi emanaldi izango dira ostiralean, 18:00etan bata eta 20:00etan bestea, eta saio bakarra izango da larunbatean, 20:00etan.
Malaxetxebarriak azaldu duenez, normalean Bilboko sortzailearen kanta instrumentalak programatu ohi dira emanaldietan, eta ahozko lanen hautaketa azpimarratu du horregatik. «20 urteak bete gabe hil zen, baina ahozko piezetarako baliatutako testuen muina atera, eta musika bilakatzeko gaitasun ikaragarria izan zuen».
Heldutasun hori bera aipatu dute Intxausti eta Ubieta sopranoek ere. 1825ean sortu zuen Agar desertuan aria jarri dute horren frogatzat. «Sinesgaitza dirudi hain gazte izanik zer-nolako heldutasunez landu zuen pasarte hori». Abeslariek azaldu dutenez, hiru mugimendu izango ditu larunbateko emanaldiak. «Kolore sorta zabala eskainiko du horrek». Piezak independenteak izan arren, saioak osotasunean batasun dramatikoa izango duela azaldu dute, gainera, Malaxetxebarriak eta Bieitok.
Arriagaren musikari aurkezpen «garaikidea» eman nahi izan diote, arduradunek zehaztu dutenez, eta horregatik jo dute Derendinger zinema eta telebista zuzendari suitzarrarengana. Berak sortu ditu bi saioetan ikusiko diren bideoak eta eszenografiak. «Hasieran pentsatu genuen ikuspegi politiko bat proposatzea, baina gero erabaki genuen ikuspegi propio bat eskaintzea, eta geure bizitzatik aritzea. Absurdoa landu dugu horregatik».
Urtero errepikatzekoa
Aurrez ere Bieitorekin maiz lan egindakoa da Derendinger, baina ezezagun zuen orain arte Arriagaren musika. «Oso ederra da, eta pasio handikoa», adierazi du. Asteak daramatza Bilbon emanaldietarako propio sortutako bideoak prestatzen, eta, azaldu duenez, egitasmoari izenburua ematen dion titulua erabili du bere sorkuntza lanetarako ardatz gisa: Esklabo zoriontsuak. Ezberdinak izango dira, halere, ostiraleko eta larunbateko emanaldietako bideoa eta eszenografia.
Kartoizko xafla zuri batzuk baliatuko ditu ganbera musikari eskainitako emanaldirako, esaterako. Zelda modukoak eta labirinto gisakoak osatuko ditu haiekin, eta lo dagoen jendearen proiekzioak egingo ditu kartoizko horma horietan. Larunbateko saiorako, ordea, bizitzaren zikloa azalduko duten bideoak proiektatuko ditu. «Bizitza sortzen denetik, heriotzaren unera arte».
Bieitok ez du nahi, ordea, omenaldiarena egun bakarreko lore izaterik. Urteroko bilakatu nahi du ekitaldia, dioenez. «Ez genuke aldiro berdina egingo; ez nuke urtero nik egingo, noski, beste artista batzuek baizik. Eta ongi legoke Arriaga beste konpositore batzuekin harremanetan jartzea, esaterako». Arriaga eta Mozart lotzea aipatu du aukeren artean zuzendariak, esaterako, eta adierazi du haren musika ezagunago egiten saiatuko dela. «Saiatuko gara Europak honi buruz jakindezan».
EMANALDIAK
Ostirala. La Ritirata Laukotea, Ensemble 442 eta Bilbao Sinfonietta Cuarteto taldeak. 18:00etan eta 20:00etan.
Larunbata. Marta Ubieta eta Naroa Intxausti sopranoak, Bilboko Korala eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa. 20:00etan.
Arriagaren baitako bi Arriaga
Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen piezekin hiru emanaldi egingo ditu Bilboko Arriaga antzokiak, ostiralean bi eta larunbatean bestea. Calixto Bieito aritu da zuzendari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu