Bilbon jaio zen Ramiro Pinilla, 1923an, baina Bilbokoa adina da -edo Bilbokoa baino gehiago- Getxoko Andra Mari auzokoa. Batetik, auzo horretako Arrune (jatorriz Arrigunaga) baserrian eman zituelako haur izan zen garaiko udak. Bestetik, eta batez ere, udako egonaldi horiek finkatu zutelako, oso neurri handian, bere nortasuna eta munduari buruzko bere ikuspegia. Pinillaren obra literarioa ere oso estu lotuta dago auzo horrekin, Arrigunagako hondartzako parajearekin bereziki.
Arrune baserria, izan ere, Arrigunagako hondartzaren aurrean zegoen. Gaur egun, etxebizitzak daude baserria egon zen lekuan. Baserrian bizi zen familiak ez zuen inolako ahaidetasunik Ramiro Pinillaren familiarekin, baina baserriko familiak apopilo hartzen zuen Ramiro Pinillarena -Ramiro Pinilla aita, Margarita Garcia ama, Ramiro Pinilla idazlea bera eta Rafael anaia gazteagoa- 36ko gerraren aurreko uda haietan.
Bilboko Uribitarte kalean egiten zuen lan idazlearen aitak, Trueba Y Pardo enpresaren bulegoetan. «Aitarenaren pareko edo maila bereko soldata zutenen familiek ez zuten uda kanpoan pasatzen», Ramirok garai hura gogoratuz dioenez. «Baina gure aitak ez zuen erraz etsitzen, eta nola edo hala familia uda kanpoan pasatzera eramaten zuen. Ez zuen dirua aurrezten. Dirua bankuari ematea baino nahiago zuen ondo pasatzeko erabili. Ondo pasatzeko berak eta bere familiak».
Arrigunagako hondartzan «askatasuna» aurkitu zuen Ramiro haurrak, eta askatasun hori are preziatuagoa zitzaion askatasunaren ifrentzua ezagutzea egokitzen zitzaiolako uda amaitu, Bilbora itzuli eta Santiago Apostoluaren ordenako fraileen eskolara joan beharra iristen zitzaionean. Oso gogorra egiten zitzaion hiriburura itzultzea. «Irailaren 30a iristen zenean, askatasunetik fraileen ikastetxe bateko giro itogarrira pasatzen nintzen».
Juanito, «Tarzan txiki bat»
Arrune baserriko seme batek, Juanitok, izadiarekin harreman zuzena zuten kontu asko irakatsi zizkion Ramiro haurrari. Bera baino zazpi urte zeharragoa zen Juanito, eta Ramirok mira handia zion, ia-ia jainkotzat hartzen zuen. «Izadiari lotuta zegoen. Landan bizi zen, eta landan egiten zuen lan. Ehizan eta arrantzan aritzen zen. Tarzan txiki bat zen».
Haurtzaroa amaitu eta gero ere «adiskide handia» izan du Ramirok Arruneko Juanito, iaz hil zen arte. «Nire bizitzako une nagusietan lagundu egin zidan. Ez genuen askotan ikusten elkar, ez genituen txikitoak hartzen elkarrekin. Bataren edo bestearentzat zailak ziren uneetan baino elkartzen ez ziren adiskideak ginen».
Inguruko beste haur askorekin ere elkartzen zen jolaserako Ramiro Arrigunagako uda haietan. Hondartza ondoko gazteluaren hondakinen artean Bisonte zigarroak erretzen zituztela gogoratzen du, leku hartara itzulitakoan. «Zigarroak erretzen, nagusiak eta filmetako pertsonaiak imitatzen genituen».
Kanpotarrekin ez, baina beren artean euskaraz egiten zuten baserriko bizilagunek, eta Ramiro haurra euskaraz entzundakoa ulertzeko gauza izatera iristen zen. Baina gero, Bilbon, ahaztu egiten zitzaion Arrunen eta Arrigunaga inguruetan ikasitako euskara guztia. «Esaten zutena ulertzera iritsi nintzen, baina ez nuen inoiz euskaraz hitz egin».
«Baserria hor zegoen», dio Ramirok, orain etxebizitza multzo batek hartutako lekua seinalatuz makuluarekin. «Errekasto bat jaisten zen hor, eta kanaberadi handi eta berdea zegoen». Lekua asko aldatu den arren, erreferentzia nagusiek hor jarraitzen dute: hondartza eta batez ere La Galeako labarra. Argazki zaharretako forma bera erakusten du La Galeak, eta goiko haize errota ere ez da oso ezberdin ikusten.
Gerrarekin, etena
Arrunen zegoen Ramiro 36ko gerra hasi zenean. Nahiz eta ordurako 13 urte izan, gerraren tragediaz ez zen asko ohartu. «Hemen, Getxon, ez zegoen gerrarik. Gerraren arrasto bakarra zeruan zegoen: Bilbo bonbardatzera zihoazen hegazkinak ziren. Baina haiek ere pasatu baino ez ziren egiten. Sirena hotsak entzuten genituenean, hondartzako kobazulo batzuetara jotzen genuen gordetzera han inguruan bagenbiltzan, baina larritasun handirik gabe».
Gerraren ondoren, ordea, aitaren irabaziak gutxitu egin ziren, eta Ramiroren familiak ezin izan zuen uda Arrigunagan pasatzen jarraitu. Urte batzuk geroago, bakarrik itzuli zen batzuetan Ramiro Arrigunagara, «bainatzera, buelta bat ematera eta eguna pasatzera». Baina ordurako amaitua zen haurtzaroko Arrigunagaren magia. «Egun batean Arruneko familia bisitatu nuen, eta inguruko beste pertsona batzuk ere bai. Baina bestelako kolore batzuekin ikusi nituen. Jabetu nintzen beste era batean tratatzen nindutela, pertsona nagusi bat tratatzen den moduan. Babestu beharreko txikia izateari utzia nion dagoeneko. Kolpe gogorra izan zen».
Koke biltzaileak
Haurra zela Arrigunagan ikusitako errealitate batean oinarrituta idatzi zuen Ramirok, urte batzuk geroago, Las ciegas hormigas, 1960ko Nadal saria irabazi zuen nobela. «Labe Garaietan erabilitako koke ikatzaren hondakina itsasontzietan sartu eta itsaso zabalera botatzen zuten, eta hondartzara hurreratzen zenean jendeak koke erabili hura jasotzen zuen. Jendeak la zaborra deitzen zion. Koke hark ez zuen indarrik Labe Garaietan egin beharreko lana egiteko, baina balia zitekeen etxeko sukaldeetarako. Premia handia zegoen, eta jendeak aukera hura aprobetxatu nahi zuen».
Las ciegas hormigas nobela argitaratu zenean, herritar batek kalean geldiarazi eta kargu hartu zion, esanez ez zuela halakorik kontatu beharrik. «Ez zidan esan kontatzen nuena gezurra zela», dio idazleak. «Ezin zidan gezurra zela esan, neuk neure begiekin ikusia nuelako. Baina lotsa sentiarazten zion errealitate hura gogoratzeak, eta trapu zikinak etxean garbitu behar direla esan zidan».
Arrigunagako hondartzatik kilometro bat baino pixka bat gehiagora dago Ramiro Pinillaren egungo eta azken 52 urteetako etxea, eta ez da inondik inora ere kasualitate hutsa gertutasun hori. Haurtzaroko oroitzapenek bideratu zuten Getxoko Andra Mari auzoa hautatzera, lur saila erosi eta etxea eraikitzeko. «Saiatu nintzen hondartzatik gertuagoko lur saila erosten, baina oso garesti zeuden ordurako».
Arrigunagako hondartza eta haren ingurua, Getxo oro har, horixe da Ramirok bere obra osatzeko behar izan duen geografia guztia. Getxo ez da beste lekuak ez bezalakoa. Baina nire lekua da, eta nik lur hau maite dut. Askotan esaten didate: 'Berriro ere Getxo! Beste nonbaiteko istorioak kontatu behar hituzke!' Baina ez dut besterik behar. Zertarako? Bere txikian, Getxo mundu oso bat da, eta hemen, munduko leku guztietan bezala, denetarik aurki daiteke, milaka eta milaka gai. Mundu bat den neurrian inoiz ez da amaitzen, eta beti aurki daitezke istorio berriak Getxotik irten gabe».
Biografia laburra
Ramiro Pinilla 1923an jaio zen, Bilbon, eta Getxoko Andra Mari auzoan bizi da egun. Nadal saria irabazi zuen 1960an, Las ciegas hormigas nobelarekin, eta narratiba arloko Espainiako Kritikaren Saria ere irabazi zuen gero, nobela horren bidez. 1971n Planeta nobela sariketako finalista izan zen, Seno nobelari esker. Verdes valles, colinas rojas trilogiako lanekin (La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro) sari garrantzitsuak eskuratu ditu, hala nola gaztelaniazko literaturako Euskadi Saria, 2004an, eta narratiba arloko Espainiako Kritikaren Saria eta Espainiako Sari Nazionala, 2006an.
Hegazkin batek metrailatua
Bilbo bonbardatzera zihoazen hegazkinek ez zioten ia inoiz Getxori edo Getxoko inori erasotzen. Ia inoiz ere ez. Baina batzuetan bai. «Hegazkin multzo bat pasatzen ari zela, ama, anaia eta hirurok hondartzako kobazulo batean gordetzera jo genuen. Iritsi baino lehen, multzoko hegazkinetako bat -Stuka bat izango zen seguru asko- besteetatik bereizi eta gure gainetik pasatu zen, gu atzetik metrailatuz». Zorionez, ez zien zauririk eragin. Eraso hark zulo ikusgarriak utzi zituen hondartzako haitz batean. Gaur egun ezin dira arrasto haiek ikusi, duela urte batzuk hondartza garbitzeko erabili zen hondarraren azpian ezkutatuta baitago haitz hura.
«Haurtzaroko oinarriak betiko irauten du»
Haurtzaroa funtsezko garaia da, Ramiro Pinillaren ustez. «Bizitzaren aurreneko zazpi urteetan osatzen da pertsona, eta oinarri horrek betiko irauten du». Rainer Maria Rilkerekin ados dago: «Gizakiaren benetako aberria haurtzaroa da». Xehetasun txiki bat gaineratzen dio hala ere esaldi horri: «Gizakiaren benetako aberria haurtzaroa da, aberririk izatekotan». Ramiro Pinillaren kasuan argi dago aberri horren kokapen geografikoa: Getxoko Arrigunagako hondartza eta ingurua. «Oso zoriontsua izan nintzen Arrigunagan, eta hura hartzen dut nire aberritzat, han sortu baitira nire geroko amodio guztiak».