Arrokiagako 'Ameriketan Eüskaldünak' pastoraleko karguak banatu dituzte

Rene Oihenart izango da datorren udan Arrokiagan taularatuko duten tragediako pertsonaia nagusia

Rene Oihenart —eskuinean— izango da Arrokiagako pastoraleko süjeta. GILLES XURI.
Arrokiaga
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Rene Oihenart, 42 urteko arrokiagatar semea izango da Ameriketan Eüskaldünak -Jose Mendiague pastorala izena eman dioten eta datorren udan taularatuko den tragediako sujet edo pertsonaia nagusia. Jean Bordaxar Arrokiagako kantariak idatzi du pastorala, eta uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean emango du 130 bizilagun besterik ez duen herriak. Obra horrekin, Bordaxarrek goraipatu nahi izan duen pertsonaia Joxe Mendiaga da (1845-1937), Argentina, Txile eta Uruguain bizi guztia igaro zuen olerkari, bertsolari eta euskaltzale sutsua. Mendiaga 18 urte bete arte Hazparnen (Lapurdi) bizi izan zen, gurasoekin Hego Amerikara erbesteratu egin zen arte. Atzerrian, haatik, ez zuen sekula galdu sorterriarekiko atxikimendua, euskararekiko zaletasun handia agertu baitzuen bere bizitza luze osoan. Euskarazko idazlan asko ondu zituen, batez ere olerkingintza eta bertsolaritza alorretan. Montevideoko Euskal Erria aldizkarian argitara eman zituen bertso eta olerki anitz, horietan Euskal Herriaeta euskal nortasuna goretsi zituelarik. Euskararen alde horrelako lan oparoa egin izanagatik, guztiz ezezaguna geratu zen Euskal Herrian, edo behintzat Piarres Xarriton euskaltzainak 1992. urtean haren idazlan oro liburu batean bildu eta argitara eman zituen arte.

Euskararen maitale eta zerbitzari handi baten figura jokatuko du, beraz, Rene Oihenartek. Aurtengo sujeta pastoral batean jada aritutakoa da, 1995. urtean Arrokiagak eman zuen Agirre presidenta pastoralean —Jean-Louis Davantek idatzitakoa—, turk, satan, baita lehen peredikuaren kantari ere izan baitzen. Aurtengo pastoralaren karguaren banaketa egin duen Jean-Fabien Lexardoi errejentak Beñat Larrori du aukeratu, aldiz, Joxe Mendiaga gaztearen kargua betetzeko. Horrek, gainerat, aita Rene Larrorirekin batera, lehen peredikua edo hitzaurrea abestuko du, pastoralaren lehen agerraldian. Rene Larrori bera ere pastorala bateko kargu handietara ohitutakoa da, zeren eta 2001. urtean Zalgize-Doneztebe eta Iruri herriek elkarrekin eman zuten Etxahun-Iruri pastoralean —Roger Idiart zenak idatzitakoa—, sujeta izan baitzen, Irurin ezkonduta izanda.Aita-semeek emango badute aurtengo pastoralaren lehen agerraldiko lehen peredikua... Maialen eta Maider Larrori bi alabek dute azken peredikua abestuko, uztailaren 29an. Larrori sendikoek eta pastoralak duten lotura estuaren lekuko ere, gogoratu daiteke 1995eko Agirre presidenta pastoraleko sujeta Pierra Larrori zena —Reneren anaia—izan zela.

Agerraldi bana

Barkoxek iaz eman zuenXahakoa pastoralaren ildoberari jarraituz, Jean-Fabien Lexardoik erabaki du bi agerraldietako lehen eta azken peredikuen emaileak aldatzea.Hala, agorrilaren 5eko agerraldian, Bernadette Agor eta Pascale Bidabe andereek kantatuko dute hitzaurrea, eta Alain Orabe, Jeannot Agor eta berriz ereRene Larrorik dute azkena abestuko.

Arrokiagak aurten eskainiko digun pastoraleko kargu garrantzitsu bat tokatu zaio ere Xantiana Etxebest gazteari, Joxe Mendiagaren emaztea zen Margarita Gandiola izango baita. Maule-Lextarreko auzapezaren alaba da —ama, aldiz, Arrokiagan hazitakoa da—, eta urte oparoa izango du Zuberoako kulturgintzan, zeren eta ikastolako ikasle ohiek apirila honetan eta maiatz hasieran emango dituzten maskaradetan buhamina anderea izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.