Arteari eta arriskuari buruzko topaketak antolatu zituen aurreko azaroaren 27an Moving Artists delako GGKE garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak. Ixone Sadaba artistak eta Ignacio Rodriguez Tucho abokatuak sortutako erakundeak gatazkak dauden tokietan bizi diren artisten mugikortasuna du helburu. Era berean, gure inguruko artistek gatazkak dauden tokiak ezagutu ditzaten da beste helburuetako bat.
2017. urtean erakundea sortu zenetik Euskal Herriko artista askok hartu dute parte mugikortasun programetan; batez ere Iraken menpe dagoen Kurdistanera bidaiatu dute, eta, aldi berean, Kurdistan, Libano edo Gazako artistei egonaldiak eskaini dizkie Euskal Herrian. Truke horren helburua artistak gatazkatik ateratzea da, beren lana aurrera eraman dezaten eta, tarte batean behintzat, eguneroko arriskuak ahaztu ditzaten. Europarrontzat inguruan ditugun gatazkak ezagutzea ere aberasgarria da, batez ere kultura ezberdinak ezagutzeko eta, nola ez, menperatutako herriek bizi dituzten egoera latzak ulertzeko.
Aurreko asteko topaketetan azpimarratzeko moduko atala galdera baten bidez egin zen: Gatazka garaietan arteak ba al du zentzurik? Adibidez, hitz egin al daiteke Gazako arteari edo artistei buruz genozidioa gertatzen ari den bitartean? Ezinaren ondorioz egindako galdera izaten da askotan, ni bezala jende askok kultura bigarren mailakotzat jotzen dugulako larrialdi garaietan. Gainera, guztiok entzun dugu inoiz Adornoren hausnarketa:Â Auschwitz ondoren poesiak zentzurik ba ote zuen.
Hala ere, Teja elkarteko kidea zen Manuela Oterok esandakoak asko hunkitu ninduen. Herri baten kultura eta artea desagerraraztea herri hori behin betiko ezabatzea izango litzateke; horregatik, Israelen gerra estrategia da Palestinako artistak eta kultura suntsitzea, horrela Palestina bera mapatik eta historiatik desagerraraziko lukeelako. Berehala ulertu nuen zein inportantea den artista palestinarrei edo gerra bizi duten beste tokietako artistei aterpea eskaintzea gure artean, hiru hilabetez gutxienez aldendu daitezen suntsipenetik eta eraiki dezaten kultur zatitxo bat, ez bakarrik materiala, mentala ere bai.
Era berean, oso mingarria egin zitzaidan Ignacio Rodriguez abokatuaren ahotik entzutea arte jardun desberdinak zirela Afganistango talibanen jomuga zaurgarriena. Irudien kontrako borroka hasi zutenetik, artistek dute arrisku handiena, emakumeekin batera.
Horretan lanean dabiltza Moving Artists elkartea eta beste talde batzuk: traba administratibo gaindiezinei aurre egiten, bortxak zauritutako lurralde horietatik jendea ateratzen eta, ahal den neurrian, gurera ekartzen; nahiz eta askotan, topaketen izenburuak zioen modura, artea arriskuarekin elkartzen den.