Arte hezkuntza aztertu du Artiumek protagonisten begietatik

'Edonor denok inor ez' erakusketa zabaldu du Artiumek. Euskal Herriko arte hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak aztertu ditu 1978tik 1991ra bitarte.

ARTIUM-Edonor denok inor ez
Elena Mendizabal artistaren obra bat, Artiumeko erakusketan ikusgai. RAUL BOGAO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Euskal Herrian 1978tik 1990eko hamarraldiko lehen urteetara arteak eta hezkuntzak izandako instituzionalizazio prozesuei erreparatu die Gasteizko Artium museoak erakusketa berrian. Duela bi urte arteak eta hezkuntzak izan zuten harremanaz ikusgai jarri zuten erakusketaren jarraipena da. Orduko hartan, 1960ko eta 1970eko praktika esperimentalak ardatz hartu zituzten, eta orain, berriz, arreta berezia jarri diete arte ikasleek hezkuntza prozesuetan egindako ekarpenei. Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991 izeneko erakusketa irailaren 1era arte izango da ikusgai A2 aretoan.

Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Bergarak egin dituzte komisario lanak. Areto zabal batean bildu dituzte piezak. Eta artelanak ez ezik, dokumentuak, argazkiak, filmak eta bideoak, afixak, aldizkari eta egunkariak eta margoak ere ikus daitezke. Hiru artistak erakusketarako propio berriztatu dituzten artelanak ere badaude: Itziar Elejalderen Beso instalazioa, Monica Ortuzarren Acceso III Cuna eskultura, eta Juancal Ballestinen titulurik gabeko margolana. Hiru artelan horiek lehen aldiz paratu dituzte museoan.

1978tik 1990era sormen artistikorako martxan jarri ziren zortzi gune eta proiektu dira erakusketaren ardatzak: Bilboko Errekaldeberriko Herri Unibertsitatea; Bilboko Unibertsitate Autonomoaren Hedapen kulturaleko lantegiak; Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatea; Minimalismoa eta figurazio berria; Bilboko Udal Aurrezki Kutxako Kultura Gela; Donostiako Bideo Jaialdia; CINT Gasteizko Udalaren Irudi eta Teknologia Berrien Zentroa, eta Arteleku. Onandia: «Arte hezkuntzarekin lotutako proiektu horietan eskutik joan ziren ikasleen parte hartzea eta instituzionalizazio prozesuak».

Hain justu, arte ikasleen ikuspegia lehenetsi dute erakusketan. Hala, orotariko dokumentazioa eta artelanak baliatu dituzte testuingurua ulertzeko eta ikasleen eta artelanen arteko «zuzeneko esperientziak» azaltzeko, Onandiaren hitzetan. Eta, horretarako, duela bi urteko erakusketan Jorge Oteiza artista abiapuntu gisa erabili zuten bezala, orain Juan Luis Moraza artistak Donostiako Artelekun antolatutako Cualquiera todos ninguno mintegian inspiratu dira.

«Arte hezkuntzan eskutik joan ziren ikasleen parte hartzea eta instituzionalizazio prozesuak».

MIKEL ONANDIAKomisarioa

Arteleku 1987an zabaldu zuten, eta zeregin garrantzitsua izan zuen artisten eta teorikoen ikastaro eta lantegien bidezko prestakuntza gune gisa. Artiumek mintegi haren izenburua bere egin, euskaratu eta erakusketarako erabili du. Are, arte arloko hezkuntza praktikei buruzko erakusketa berri baten ardatz ere izango da aurrerago, eta, azaldu dutenez, hori izango da «hirugarren kapitulua».

Bikoko Arte Ederren Goi Eskola

Erakusketak ikerketa mardula dauka oinarrian. Bergararen hitzetan, «ikasketa prozesu» bat izan da, eta garai hartako «arte ikasleen begietatik» egin nahi izan dute arte hezkuntzaren instituzionalizazio prozesuaren azterketa.

1978. urtean kokatu dute erakusketaren hasiera. Orduan bilakatu baitzen Bilboko Arte Ederren Goi Eskola fakultate zena EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatea. Hainbat ikuspuntutatik aztertu dute gertaera hori, baina bereziki arreta jarri diete eredu akademiko hertsietatik kanpoko irakaskuntza molde berri bat eskatzen zuten ikasleen eta hezkuntza sisteman parte hartze zuzenagoa galdegiten zuten artisten aldarrikapenei.

Testuinguru horretan garatu ziren EHUren Unibertsitate Hedapenerako Ikastaroak ere, eta horien artean zeuden Luis Maria Iturrik zuzendutako antzerki lantegia. Bideo eta argazkien bidez erakutsi dute lantegi horretako ikasle askok nola parte hartu zuten Akelarre konpainiak urte haietan egin zituen lanetan, adibidez, Irrintzi obra taularatzean.

Aretoko bitrina batzuetan ikus daitezke Bilboko Errekaldeberriko Herri Unibertsitateari lotutako argazki eta argitalpenak. Auzo horretako familia elkartearen ekimenez sortu zen herri unibertsitatea, eliteentzat bakarrik zen irakaskuntzarekin kezkatuta. Urte horietan, mugimendua zuten irudien inguruko trebakuntza funtsezkoa bihurtu zen. Horren erakusle izan zen, besteak beste, 1988an Gasteizen zabaldutako Irudi eta Teknologia Berrien Zentroa (CINT). Han ibilitako ikasleen bideo instalazio, idazki eta afixak bildu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.