Antzerkia

Arte sorkuntza alternatiboa sustatu zuen Mina gunearen memoria berpiztu du Libe Estebaranz antzerkigileak

Gune hartako kide izandako sortzaileen lekukotzak biltzen ditu 'Mina espazio' izeneko antzerki piezak, eta esperientzia hartan murgiltzen ditu ikusleak. Bilboko Pabiloi 6 aretoan emango dute bihar.

Nerea Lizarralde aktorea, Libe Estebarantz antzerkigileak sortutako 'Mina espazio' antzezlanean. LIBE ESTEBARANZ
Nerea Lizarralde aktorea, Libe Estebarantz antzerkigileak sortutako 'Mina espazio' antzezlanean. LIBE ESTEBARANZ
Inigo Astiz
2026ko otsailaren 14a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aldaketa estetikoa nahi genuen, gauza berrien bila hasteko premia ikusten genuelako». Ander Lipus antzerkigilearen hitzetan, egarri horrek bultzatuta sortu zuten Bilboko Mina gunea 1997an. Euskaldunon Egunkaria-ren Barkatu, ama gehigarriak bildu zituen haren azalpenak, gunearen ateak ireki eta egun gutxira. Apenas falta ziren bi aste Bilboko Guggenheim museoa inauguratzeko, eta bestelako kulturgintza eredu bat aldarrikatzeko hartu zuten Elhuyar kaleko 17.eko leku hura. Utopia eta Bestalde kolektiboek eta Mandragora antzerki taldeak abiatu zuten proiektua, eta era asanblearioan eta bazkidetza bidez iraun zuen martxan, harik eta 2000n Bilboko Udalaren huste agindua heldu, eta kideek bidea amaitutzat ematea erabaki zuten arte. Mugarri izan zen esperientzia hura, eta haren memoria berpiztu du orain Libe Estebaranz antzerkigileak. Esperientzia haren parte izandako sortzaileak elkarrizketatu, eta antzerki pieza dokumental bat sortu du haiekin. Mina espazio deitu du lana, eta bihar Bilboko Pabiloi 6 aretoan aurkeztuko du, eguerdian, Emergenteak zikloaren barruan.

Mina itxi eta zazpi hilabetera jaio zen Estebaranz, eta, beraz, ez zuen aukerarik izan proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Eta, halere, dioenez, beti izan du oso presente. Etxetik jaso zuen haren berri. «Gurasoak Likiniano elkartearen sortzaile izan ziren», azaldu du antzerkigileak, eta horrek lotzen du Minaren historiarekin. Likiniano kulturgune anarkista bat izan da, Bilboko Erronda kalean izan du egoitza urte luzez, eta, Estebaranzek gogoratzen duenez, Lipusek eta haren kideek bertan egin zuten Utopia kolektiboaren, hau da, gerora Mina gunea sortuko zuten taldeetako baten lehen bilera. «Irala auzoan bizi ginen, gainera», gogoratu du, «eta etxera bidean, Elhuyar kaletik pasatzerakoan, gurasoek beti erakusten zidaten non egon zen Mina gunea».

«Antzokian Mina gunea sortzea izango da antzezlanaren esperientzia, eta ikusle bakoitzak topatu beharko du zer den Mina gunea berarentzat»

LIBE ESTEBARANZ Antzerkigilea

Estebaranzek Dantzerti arte dramatikoaren eta dantzaren goi mailako eskolan egin zituen antzerki ikasketak, eta 2023an estreinatu zuen bere lehen antzezlana, Bilboko BAD jaialdian: Nire usaina galdu nuen eguna. Gogoratu duenez, garaitsu hartan sortu zitzaion Mina guneari buruzko pieza egiteko ideia ere, eta Lipus elkarrizketatzea izan zen lehen urratsetako bat. Informazioa jaso zuen, eta argi zuen gune horren memoria berreskuratu nahi zuela, baina ez zekien nola. Madrilen Zuzendaritza Eszeniko Garaikideko masterra egin, antzerki erlazionalaren berri izan, eta orduan argitu zitzaion bidea.

(ID_17703742980645) ANDER LIPUSEN ARTXIBOAn dagoen irudi bat, MINA ESPAZIOA 1997an,
Mina gunea, 1997an. ANDER LIPUSEN ARTXIBOA

Nolabait ere, Mina berpiztea da proposamenaren funtsa, eta, horretarako, antzezlana hartzen duen antzokia bera Mina gunea bilakatzen du Estebaranzen piezak. 25 urteko etenaren ostean ateak berriz ireki dituen gune horren bisitari bilakatzen dira ikusleak. Lehen-lehenik, antzezlana hartuko duen gunearen inguruan paseo bat emanda abiatuko da emanaldia aldiro, eta, ibilaldia egin bitartean, jatorrizko Mina guneko kide izandako hainbati egindako elkarrizketa txatalak entzun ahalko ditu ikusleak.

Minan murgiltzea

Lekuan lekuko antzokia bilakatuko da Mina gunea, eta, ibilaldiaren ostean, hura ezagutu eta esploratzeko aukera izango du publikoak. «Mina gunean bezala, erakusketa bat egongo da Pabiloi 6n ere, adibidez, Argiñe Ceballos artistak egindakoa, eta ikusleak aukera izango du hura ikusteko edo zerbeza bat hartzeko. Mina gunea sortzea izango da esperientzia, eta bakoitzak topatu beharko du zer den Mina gunea berarentzat».

Bi ordu inguru irauten du esperientziak, eta lau aktore izango ditu: Josu Iriarte, Maider Mulon, Nerea Lizarralde eta Ander Santxez. Eta, Estebaranzek dioenez, Mina gunea okupatu zuten sortzaileek sasoi hartan zuten adinaren bueltan dabiltza guztiak. Zehaztu duenez, ordea, aktoreek ez dute inoren rolik jokatzen antzezlanean, eta ez dute aurrez ikasitako testurik ematen ere. Pieza aktibatzea eta ikusleak gidatzea da haien lana.

«Proiektuko kideek utzi egin zuten gunea, baina ordurako dena apurtuta zegoen»

LIBE ESTEBARANZ Antzerkigilea

90eko hamarkadan, 300 metro koadro zituen Elhuyar kaleko Mina guneak, eta, hamaika diziplinatako sorkuntza lanei leku egiteko ez ezik, tailerrak emateko ere baliatzen zuten. Ander Lipusez gain, han izan ziren Alex Gerediaga, Nerea Castro eta Alicia Duran ere, besteak beste. Lehen urteak oso biziak izan zirela dio Estebaranzek, baina jarduna motelduz joan zela denborak aurrera egin ahala. «Gauza asko pilatu ziren», azaldu du antzerkigileak. «Batetik, prekaritate oso handian bizi ziren, eta zama bilakatuz joan zitzaien hori denborarekin. Baina horrez gainera, kolektiboko kide askok beren konpainia propioa ere sortu zuen, eta horrek zaildu egin zuen Mina gunea kudeatzea, lokal handia izanik. Eta, bestetik, Eyou Dinasen heriotza ere kolpe handia izan zen; Dinas asanbladako kidea zen, eta istripu baten ondorioz hil zen. Guztia pilatu zen, eta orduan jaso zuten Bilboko Udalaren eskutitza, 48 orduko tartean eraikina hustu behar zutela zioena».

Ixterako, apurtuta

«Utzi egin zuten gunea», gogoratu du Estebaranzek, «baina ordurako dena apurtuta zegoen». Eta, orain, apurtuta amaitu zen horren memoria berpiztea da antzerkigilearen erronka. «Kulturgintza alternatiboan militatu duen jendeak ezagutzen du haren historia, baina jende gazteak eta publiko orokorrak ez du haren berririk jaso, eta hori aldatzea izan da asmoa. Halako esperientzia erradikalak beti dira irakasgai interesgarri bat, eta iruditzen zait gazte sortzaileok halako istorioak behar ditugula, alternatibak sortzeko, instituzioetatik pixka bat aldentzeko, eta gure arteko kolektibotasuna aldarrikatzeko».

Iazko maiatzaren 30ean aurkeztu zuten lehenengoz obra, Bilboko El Nido lokalean, eta bigarren emanaldia izango da Pabiloi 6 aretokoa. Euskara hutsez zein euskaraz eta erdaraz aurkezteko moduan sortu dute antzezlana, eta hainbat emanaldi egingo dituzte hurrengo hilabeteetan. Iruñeko Katakraken izango dira otsailaren 27an, eta Bilboko Biran egingo dute saioa martxoaren 5ean, Loraldia jaialdiaren barruan.

(ID_17703739882965) LIBE ESTEBARANZ anterkigileak sortutako MINA ESPAZIO antzezlanek
Libe Estebaranz antzerkigileak sortutako 'Mina espazio' antzezlaneko irudi bat. L. ESTEBARANZ
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.