Artea eta euskara uztartzeko

Aby Warburgen 'Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria' euskaratuz abiatu du Sans Soleil argitaletxeak Txinpartak bilduma.Walter Benjaminen artikuluak euskaratu nahi ditu orain

Juan Luis Zabala
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Artearen eta euskararen arteko harreman orain artean ez oso joriei bultzada bat ematea du xedeen artean San Soleil argitaletxeak, eta xede horri begira sortu du Txinpartak saila, sail horren arduradunak, Iraitz Urkulok, dioenez: «Benetan urriak dira euskaraz irakur daitezkeen arte kritikako liburuak. Txinpartak bildumaren bidez, euskal merkatuaren gabezia horri aurre egin nahi genioke, hutsune hori artearen historia, zinema, literatura, argazkigintza, filosofia, eta beste hainbat diziplinatako erreferentziazko lanekin bete, alegia».

«Artearen alor ezberdinak aintzat hartuko dituen erreferentziazko corpus zabal eta aberatsa» osatzeko ahalegin horri, berriz, Aby Warburg arte historialariaren Sandro Botticelliren 'Venusen jaiotza' eta 'Udaberria' saiakeraren euskarazko itzulpena argitaratuz ekin dio Sans Soleil argitaletxearen Txinpartak bildumak, eta Iraitz Urkulo izan da itzultzaile lanaren egilea.

Txinpartak saileko hurrengo bi argitalpenak, arduradunen asmoen arabera, Walter Benjaminen bi artikulu antologia izango dira, bata literaturaren inguruko artikuluekin osatua, eta bestea, historia eta filosofiaren ingurukoekin; horiek ere, euskarara itzulita. Bi liburu horiek argitaratu ahal izateko, Verkami-n Walter Benjamin euskaraz: bi artikulu antologia izeneko finantzaketa kolektiborako kanpaina abiatu dute.

Eskola ikonografikoaren sortzailetzat jotzen da Aby Warburg arte historialaria (Hanburgo, Alemania, 1866-1929), nahiz eta eskola hori ezagutarazi zutenak Erwin Panofsky eta E.H. Gomrich izan. Sans Soleil argitaletxeak Txinpartak bilduman kaleratu berri duen liburuan, Warburgek Sandro Botticelli margolari italiarraren (1445-1510) bi margolan nagusietako bi —Venusen jaiotza eta Udaberria— Antzinateko eta Italiako lehen Errenazimentuko artearen argitan aztertzen ditu, antzak nabarmenduz eta eraginak agerian jarriz.

Warburgen liburuak bi testu ditu sarrera gisa. Batetik, Rafael Garcia Mahiques Valentziako Unibertsitateko doktoreak Warburgen ibilbideari eta obrari buruz idatzi du; bestetik, Ismael Manterola Ispizua EHUko irakasle eta BERRIAko arte adituak liburua euskal arte kritikako argitalpenen eta, oro har, euskal artearen testuinguruan kokatzen duen hitzaurrea taxutu du.

Sans Soleil argitaletxeak kaleratzen dituen liburuen kasuan, hitzaurreak garrantzi handiko elementuak dira beti. «Are gehiago euskarazko bildumaren kasuan», argitaletxearen sortzaileetako batek, Gorka Lopez de Munainek, dioenez. «Gaiak gutxitan landu direlako, irakurleek sarrera sakona, ikuspegi zabala eskainiko diena merezi eta ezinbesteko dutela pentsatzen dugu».

Obra originalak eta itzulpenak argitaratzen ditu Sans Soleilek. «Itzulpenen kasuan erreferentziazko obretara jotzen dugu», ohartarazi du Lopez de Munainek. «Obra originalen kasuan, hainbat adituk autoreek bidalitako lana aztertzen dute, edukiaren kalitate zientifikoa eta egokitasuna, ekarpenaren berritasuna eta interesa, eta antzeko irizpideak aplikatuz».

Irabazi asmorik gabe

Ander Gondra Agirrerekin batera sortu zuen Gorka Lopez de Munainek Sans Soleil, iaz. Arte historialariak dira biak, gasteiztarrak. Irabazi asmorik gabeko proiektua da. «Ikasketek eta lanak Euskal Herritik kanpora, Polonia, Argentina, Italia edo Ingalaterrara eraman gaituzte, eta arte diziplina askotako espezialistak ezagutu ahal izan ditugu», azaldu du Gorka Lopez de Munainek. «Gaur egun, egitasmoak munduan zehar barreiatutako artearen esparru askotako adituak biltzen ditu, eta ekarpenik egiteko prest dagoen orori irekia dago».

«Irabazi asmorik gabeko argitaletxea garen neurrian, dirurik ez galtzea beste helbururik ez du Sans Soleil argitaletxeak», Urkulok, Txinpartak sailaren arduradunak, dioenez. «Orain arte publiko zabal bati zuzendutako liburuak eta lan espezializatuagoen argitalpena txandakatuz bizirik irautea lortu dugu, eta asmoa hala jarraitzea da».

Beste bide bat «gutxieneko salmenta kopuruak» ziurtatzen dizkieten enkarguak dira, Urkulok dioenez. «Esaterako, unibertsitatean, agerikoak dira arteari buruzko euskarazko bibliografiaren gabeziak». Argitaletxearen webgunean (www.sanssoleil.es helbidean) bada harpidedun egiteko aukera ere. «Tirada txikien alde egiten dugu, eta liburu bakoitzaren salmentatik ateratako irabazia oso txikia bada ere, argitalpen berriak finantzatzeko adina ateratzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.