Valeria Luiselli idazlearen (Mexiko Hiria, 1983) La historia de mis dientes nobelak (Nire hortzen historia; Sexto Piso, 2014) Jumex museoak emandako enkarguan du abiapuntua. Hasieran, Mexiko Hiriko museo horren inguruko katalogo bat idaztea zen egin beharrekoa, baina azken emaitza irudia eta hitza gurutzatzen dituen nobela jolasti bat da. Ezohikoa enkarguaren emaitza, eta ezohikoa museoa bera ere. Jumex edari-enpresa erraldoia da, eta haren jabea mezenas gisa hasi zen arte garaikideko bilduma eratzen. Bilduma osatua eta adituen laguntzaz hornitua da, eta munduko garrantzitsuenetako bat bihurtu da: 1960 ondorengo arte internazionala zein Mexikokoa biltzen ditu, arte kontzeptualaren eta pop artearen izen nagusiak erakutsiz.
Munduan badira fabrika jakin batek ekoizten duen produktuaren historia kontatzen duten museo ugari, baina Jumex museoa bakana da, fabrikari atxikita museo garaikide bat sortu duelako. Eta fabrikaren kontzeptuak badu oihartzunik arte garaikidean: azken finean, Andy Warhol-ek bere estudioa The Factory izendatu zuen. Artista estatubatuarraren lan esanguratsuak daude Jumexen bilduman.
Luisellik testuingurura egokitu zuen lan egiteko modua. Nobela, XIX. mendeko eleberrien antzera, atalka dago antolatua. Atalak batera argitaratu baziren ere, bakoitza langile-talde bati irakurri zitzaion, eta haien iritzi eta erantzunen arabera moldatu zuen idazleak testua. Nobelaren amaieran langileen izen-zerrenda ageri da. Testuak etengabe nahasten ditu goi-kultura eta herri-hizkera. Amaieran, Jorge Ibarguengoitia idazlearen aipu batek nobelaren eraikuntza azaltzen du: «Gure arbasoengandik jaso dugun ezkontza-soinekoa da gaztelania, eta osorik gordetzera behartuta gaude... baina antzinako ezkontza-soinekoek funtzio bakarra dute: jantzi eta geure burua gorpu gisa ikustea. Naftalinan gordetzea baino askoz hobea da soinekoa moztea alkandorak egiteko».
Collage linguistiko horren isla da Luiselliren nobela: estilo bizia, kale-hizkerarekin nahasia. Hizkuntza-estilo zatika osatzen da testua, eta irudiek eta testuek beste collage batzuk sortzen dituzte barruan. Testuak Daniela Franco artistaren diseinua eta ilustrazioak ditu. Mexikoko tradizio grafikoaren «soinekoa moztu eta alkandorak sortzen» ditu Francoren lanak. Eta badira erreferentzia gehiago. Aipatutakoez gainera, aipatzekoak dira Julio Cortazarrek Julio Silvarekin egindako lankidetza Último round liburuan (Azken round-a; 1969), eta Margo Glantzen Las genealogías lanean (Genealogiak; 1981) argazkiek duten erabilera ere. Cortazarren liburuak almanaka baten estetika du, collage modura, eta pop iruditeria hori ere presente dago Luiselliren nobelan; Glantzen lanean agertzen den genealogia-iruditeria, berriz, bertsio surrealistan ageri da La historia de mis dientes kontakizunean. Bai Cortazarren liburua, bai Glantzen lana, nolabait limoi-zukuz idatziak daude Luiselliren obran.
Enkantegilearen hortz-bilduma
Gustavo Sanchez Sanchez Carretera da nobelaren protagonista. Luisellik enkantegile bat aukeratzen du, eta ez komisario bat, artearen munduarekin lotura mantenduz, baina ikuspegi xumeago bat emanez. Carretera pertsonaia hiperbolikoa da: bere buruaz dio munduko enkantegilerik onena dela, baina inork ez dakiela, oso zuhurra delako. Kontalari petoa da, eta etengabe istorio autonomoak harilkatzen ditu bere monologoan.
Pertsona ezagunen hortzen bilduma du, gehienak idazleenak, baina tartean Marilyn Monroerenak ere bai. Gezurtia eta tranpati samarra denez, irakurleak berehala ikasten du haren testigantza ez dela guztiz fidagarria. Hortzak irudi literario gisa ez dira ohikoak: banpiroen hortzak literarioak badira ere, ez dira lurtarrak, eta oro har hortzek protagonismo txikia izan dute literaturan, nahiz eta gizakiaren denboraren arrastoak zizelkatzen diren haietako bakoitzean. Salbuespen garaikide bat litzateke Zadie Smith-en White Teeth (Hortz zuriak; 2000).
Luiselliren xedea ez da hortzen genealogia bat egitea, baizik eta hortzak narratiboki baliatzea. Hortzak kontalari bihurtzen dira, kontakizuna jolasean aurrera eramanez, eta, aldi berean, metaliterarioak dira. Esate baterako, Enrique Vila-Matasen hortzen deskribapena haren kontakizunen isla da. Hortzez gain, etengabe erabiltzen dira idazleen izenak pertsonaia arruntak izendatzeko; horrela, bigarren mailako lehen pertsonaia Julio Cortazar bera da, testuan bizilagun gisa agertzen dena, ez idazle gisa. Izendatzea testuaren jolas literarioa da, eta hala agertzen dira Ruben Dario, Miguel Unamuno eta beste hainbat.
Bildumazalearen bulkada
Beraz, nobela ez da hortzen errepresentazioaren historia, ezta Jumex arte-bildumarena ere. Orduan, zer da Luiselliren nobela? Irakurriz, irakurleak zer den asmatzen duen artefaktua. Carretera protagonista showman-ak ez ditu objektuak maite haien balio materialagatik; aitzitik, bakoitzak bere barnean isilean gordetzen duenagatik estimatzen ditu. Artelan onak sekretu bat gordetzen du beti.
Hala, hortzak ez dira metafora hutsak, baizik eta artefaktu zifratuak: bakoitzak gordetzen duen misterioaren bidez, arteaz dihardu nobelak. Azkenean, Valeria Luisellik ez zuen katalogo bat idatzi, bildumazalearen bulkadaren motorra baizik.