Mugarria izan zen, eta erro sendoak ditu dagoeneko. 2008an, arteari eta feminismoari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituzten Lourdes Mendez EHUko Artearen Antropologiako katedradunak eta Xabier Arakistain Arakis arte komisarioak, eta, harrezkero, mundu osoko andrazko artista, komisario, ikerlari, arte kritikari eta instituzioetako zuzendari mordo batek parte hartu du urtero. Egitasmoko hitzaldiak liburuetan jaso izan dituzte, salbu 2012tik 2017ra bitartekoak. Bete da zuloa, ordea: Bilboko Azkuna zentroak zazpi edizio horietako hitzaldiak bildu ditu orain Ikuspegi feministak produkzio artistikoan eta arte teorietan bilduman —zentro hartan egin zituzten jardunaldiok—. Hiru liburuki taxutu dituzte, eta testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eman.
Guztira, 50 bat lagunek parte hartu zuten 2012tik 2017rako jardunaldietan. Tartean, sona handiko artistak izan ziren Bilbon —hala nola Margaret Harrison, Orlan eta Ulrike Rosenbach—, eta Azkuna zentroak ondu zuen Judy Chicagori Europan eskainitako lehen erakusketa handia, 2015ean. Halako izenak batera ikusteak «zirrara» eragiten diola aitortu du Mendezek, eta parte hartzaile guztien «eskuzabaltasuna» balioetsi du jarraian, gonbidapena jaso eta berehala eman baitzieten baiezkoa. «Haien planteamendu artistikotik harago, uste dut solidaritate feminista erakutsi dutela».
«Zeure buruari galdetzen diozu artea ikasten duten andreekin zer gertatzen ote den, gizonak dira-eta gailentzen direnak belaunaldiz belaunaldi»
LOURDES MENDEZ EHUko Artearen Antropologiako katedraduna
Solidaritateaz gain, egitasmoaren beste ertz bat ere nabarmendu du EHUko katedradunak: aniztasuna. «Urte hauetan guztietan, nahi izan dugu artista gonbidatuek ez zezatela derrigorrez bat egin gure jarrera teorikoarekin. Uste dut hori dela ikuspegi feministen aberastasuna: ez dela kredo bat». Hortaz, hiru liburuki horiek «artxibo» bat osatzen dute, Mendezen irudiko, askotariko diziplinei heltzeko balio duen «tresna kutxa bat»: Artearen historiaz dihardute, baina baita soziologiaz eta filosofiaz ere, besteak beste.
Ezagutzeko grina izan zen jardunaldien ernamuina, Arakistainek oroitu duenez. «Feministok sarritan kezkatzen gara genealogiaz, gure aurretik egon diren emakumeez». Oparoa baita aitzindariek egindako lana, baita artearen esparruan ere. «Feminismoa Ilustrazioarekin batera sortu bazen, hainbat filosofok dioten bezala», hausnartu du komisarioak, «hirurehun urte baino gehiagoko ezagutza feminista dago jada pilatuta». Eta, halere, belaunaldi bakoitzak jakintza hori deskubritu beharra du aldiro, nekez transmititzen delako, Mendezen arabera, nahiz eta makina bat ekintza, ikastaro eta bestelako jarduera feminista egiten diren. «Topaketa hauek zoragarri funtzionatzen dute; iaz, laurehun lagun batu ziren. Eta ezin dugu utzi egitasmo hain indartsu eta inportanteak ezerezean gera daitezen».
Ikasleen %60
Eduki horiek oratu ahal izatea, begiratzea, irakurtzea, eztabaidatzea, azpimarratzea... Paperezko presentzia bermatuta egoteak bide ematen du teoria feminista eraikitzen segitzeko, katedradunaren esanetan. «Paperean publikatzeak antzinako zerbait dirudi, beste medio batzuek gainditutako zerbait, baina uste dut argitalpen honek garrantzi handiagoa duela gaur, duela hamar-hamabost urte izango zuena baino».

Transmisioaren ideia horrek ere nabarmen baldintzatu du ibilbidea. Arakistainek esplikatu duenez, hasieratik izan zuten argi egitasmoa hiru zutabetan bermatuko zela: diziplinartekotasuna, belaunaldiartekotasuna eta nazioartekotasuna. Izan ere, beharrezkotzat jotzen zuten hainbat belaunalditako feministak harremanetan jartzea ikastaro horien bitartez, ezagutza feminista eraginkorrago helaraz zedin. Eta premiazkoa zen, orobat, tokikotasunetik harago begiratzea, feminismoak izandako hedapena kontuan hartuta. «Feminismoaren hirugarren olatutzat daukagun hori, 1960ko eta 1970eko hamarkadetakoa, Atlantikoaren bi aldeetan gertatu zen. Beraz, interesgarria da hainbat nazionalitatetako eta ikuspegi geopolitikotako jendea bil gaitezen», gogoetatu du arte komisarioak. Horrez gain, pentsamendu feminista berez denez diziplinartekoa, jardunaldiek ere halakoak izan behar zuten. «Ezinbestekoa da hiru ardatz horiek batera lan egiten segi dezaten», Arakistainen irudiko.
Azkuna zentroak ez ezik, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere lagundu dute hitzaldiak liburu bihurtzen. Itziar Urtasun Bilboko Berdintasun zinegotziaren arabera, «erronka bat da emakumeen presentzia normalizatzea esparru guztietan, baina, batez ere, kulturan». Hiru liburukiotan jasotako lekukotzetatik ondoriozta daiteke oraindik bide luzea dagoela egiteko. «Parte hartu duten dozenaka emakumeek erakutsi dute sexuak, etnizitateak, arrazak eta klase sozialak zer-nolako eragina duten ekoizpen artistikoan».
«Feminismoaren hirugarren olatua Atlantikoaren bi aldeetan gertatu zen. Beraz, interesgarria da hainbat nazionalitatetako eta ikuspegi geopolitikotako jendea biltzea»
XABIER ARAKISTAIN, 'ARAKIS' Arte komisarioa
Mendez ere ezkor agertu da afera horri dagokionez, uste baitu egoera ez dela «nabarmenki hobetu» azken hamarkadetan. «Emakume artisten inguruko estatistikak atsekabegarriak dira». Arte Ederretako fakultateetako ikasleen %60 andrazkoak direla aipatu du. «Zeure buruari galdetzen diozu haiekin zer gertatzen ote den, gizonak dira-eta gailentzen direnak belaunaldiz belaunaldi. Hau da, koska bat dago oraindik; ematen zuen desagertzen ari zela, baina ez dugu lortzen erabat desegitea». Lanean jarraituko dute, edozelan ere: azaroaren 15ean eta 16an egingo dute Ikuspegi feministak produkzio artistikoan eta arte teorietan, 17. aldiz jada, EHUren Leioako (Bizkaia) campuseko auditoriumean.