Artearen eragina, hitzez

Patxi Buldainen eta bere tailerrean ikasten aritutako sei ikasleren artelanak bildu dituzte Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, 'Lanak eta hitzak' erakusketan

Patxi Buldainek somierraren zatiak batuz egindako La burguesa ácrata (Burges akrata) pieza da erakusketako artelanetako bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Uharte
2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Artea amets bat da, baina kalitatezkoa», dio Patxi Buldain artistak. Parisen, abangoardien lapikoa izandakoan, egonaldia egin ondotik, sorterrira, Uhartera (Nafarroa) itzuli zen, eta 1980ko hamarkadan tailer txiki bat sortu zuen. «Ikasleei ez nien kopiatzen irakasten; eskulturak hausteko eskatzen nien, gero beste lan bat osatu zezaten», azaldu du. Tailer urratzaile haren ekarpena aldarrikatzen du martxoaren 19ra bitarte Uharteko Arte Garaikideko Zentroan bisita daitekeen Lanak eta hitzak erakusketak. Buldainen hiru lanez gain, bere ikasle izan ziren Koldo Agarraberes, Natxo Barberena, Pablo Juarros, Luis Morea, Arturo Navaz eta Oskar Paternainen lanak ere ikus daitezke.

Oskia Ugartek, Uharte Zentroko zuzendaritza taldeko kideak, azaldu duenez, Lanak eta hitzak erakusketa ez da ohikoa. 2016an zuzendaritzara iritsi zirenetik, arte sorkuntzaren prozesuetan dute fokua jarrita, batez ere. «Irizpideak apur bat aldatu ditugu oraingo honetan, baina Buldainen eskolako taldeen dinamika hori zentroan ere ematea nahi dugu», azaldu du.

Iruñerriko herri txiki bateko arte tailer txiki bati omen egiteko modua da, azken batean, erakusketa. Uharteko Gela aretoa bitan banatu dute. Batetik, ikasleen lanak daude, eta, bestetik, Buldainenak. Horrekin batera, artelanek eragiten dutena, ikusleek hitzez azaltzea nahi dute. Javier Garcia Clavel idazlea arduratu da hori kudeatzeaz. Sentipenak grabatu ondoren, artelan bakoitzaren azpian dagoen bozgorailu baten bidez entzuten dira. Modu horretan, atmosfera berezia sortu du artelan bakoitzaren inguruan.

Hitzak hautatzen lehenengoak artistak berak izan dira. Onartu dutenez, ez da haientzako batere erraza izan, baina Garcia Clavelen «desira filologiko» bete dute azkenean: «Gela hitzez bete nahi dugu, ahozkotasunak gainezka egiteko, eta erakusketa gela baten espazioa hitzari itzuliz».

Jolasa, hitzik gabe

Sorkuntza jolas edo probokazio modura ulertzen du Patxi Buldainek artea. Bere lanen aurrean jartzean, irri handi bat agertzen zaio aurpegian, sorkuntza prozesuko uneak gogoratuko balitu bezala. Uharterako hiru lan aukeratu ditu: La burguesa ácrata (Burges akrata), Capricho navarro (Apeta nafarra) eta Composición de Avelina (Avelinaren konposizioa). Ez ditu lan horiek definitu nahi izan. «Bakoitzak interpreta ditzala nahi duen bezala; interpretazio guztiek balio dute», dio. Hiru garaitakoak dira. Baina begiratu batean agerian geratzen da Buldain ez dela artista zurruna, material ezberdinak erabiltzea maite duela.

Artista modura bultzada izugarria eman zion artelanetako bat da Capricho navarro (Apeta nafarra). 1960ko hamarkadan Parisen saritu zuten lan horregatik. Garai hartan, «neskame» joaten ziren neska horietako bat da protagonista. «Begira zer-nolako ezpainak dituen, zein jostalaria den. Ikusi duzue bere begiratua», dio artistak. Orain obra moldatzea gustatuko litzaiokeela dio. «Goiz batean isipua hartu, eta berriz moldatuko nuke, beste modu batera aurkeztu».

Hain justu, hori proposatuko diote bisitariari. Buldainen lanen alboan, hutsik dauden kartoi batzuk daude horman jarrita. Uharten prozesuek duten garrantzia aintzat hartuta, bisitariak kartoi horietan margotzeko aukera izango du. Asmoa ez da artista uhartearraren obrak kopiatzea, nahi duenak nahi duena margotzea baizik. Buldain bera «harrituta» gelditu da proposamen hori ezagutu duenean; ideia asko gustatu zaiola dio.

Baina, neurri batean, hori bere tailerreko metodologiarekin bat doala irizten dio Natxo Barberenak. «Patxik buruari eragitea nahi zuen, libreagoak eta sortzaileagoak izateko». Ikasteko modu horrek bere artista izaeran zuzenean eragin duela uste du. Bere lanak Koldo Agarraberes, Pablo Juarros, Luis Morea, Arturo Navaz eta Oskar Paternainenak bezala, Gela aretoan egokitutako bigarren espazioan daude ikusgai.

Oskar Paternainek, Pablo Juarrosek eta Arturo Navazek Uharten erakusteko hautatutako lanei izenbururik ez jartzea erabaki dute, artistei sentitzen dutena hitzez adieraztea «asko kostatzen» zaiela argudiatuta. Bisitariaren pertzepzioa ez dutela baldintzatu nahi argitu dute. Hala ere, Pablo Garcia Clavelek hitzak grabatzeko egindako proposamena aintzat hartu, eta «ahalegin» hori egin dute.

Artea aldagarri

Euren lanen bidez, arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna aldarrikatu dute Buldainen eskolako artistek. Errealitate «gordinen» lekuko izan dira guztiak, eta horrek erabat markatu du euren sorkuntza. Nafarroan, oro har, artistek duten egoera «kaxkarra» salatu du Natxo Barberenak. Haren ustez, krisia «aitzakia» moduan erabili da artistak isiltzeko. Zailtasunak zailtasun, artea gizartea eraldatzeko tresnarik eraginkorrenetakoa dela defendatu du.

Iritzi horrekin bat dator Luis Morea. Sorkuntzatik bizitzea «oso zaila» dela salatu du. «Kultura ez da asko sustatzen. Hazten uzten ez zaion landare bat bezalakoa da. Batzuetan, produktu kimikoak botatzen zaizkio, existitu ez dadin». Neurri batean atsekabetuta sumatzen zaio Moreari. Buldainek bere eskolan «markes eta dukeez gaindi» bestelako arte bat posible zela sinetsarazi zien ikasleei, eta, errealitatearekin tupust egin dutela dirudi. Halere, artea «zoriontsu» izateko modurik «politena» dela defendatu du Moreak. Gainera, 90 urte betetzear dago Patxi Buldain, eta hari omenaldia egiteko modu paregabea dela irizten diote guztiek. Barberena: «Iruñerria kanpoan zegoen tailer txiki batean, margotuz amestu zitekeela erakutsi zigun guztioi, eta amets horiek Uharteko zentroan ikus daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.