Artea

Arteleku zentroak bere hastapenetan egindako ekarpena bistaratu du Artium museoak

1987 eta 2002 bitartean Artelekuk sorkuntza garaikidean, pedagogian eta esperimentazioan egindako bidea ikusgai dago erakusketa batean. Artxiboa berreskuratu, eta memoria kolektiboari ahotsa eman dio museoak.

Artium museoko Plaza aretoan ikusgai dauden obretako batzuk. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Artium museoko Plaza aretoan ikusgai dauden obretako batzuk. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko uztailaren 4a
16:01
Entzun 00:00:0000:00:00

1987an ireki zituen ateak Arteleku Arte eta Kultura Garaikidearen Zentroak Loiola auzoan, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, eta 2014an itxi zuten. Arte garaikideari tokia egitea izan zuen helburu nagusi, eta norabide eta egiteko modu batzuk zehaztu zituen: esperimentazio eta ekoizpen artistikotik abiatuta, pedagogia eta ezagutzen transmisioa hartu zituen ardatz, eta 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan erreferentzia bat izan zen sorkuntza artistikorako. Zentro aitzindaria izan zen, gisa horretako zentrorik ez zegoelako orduan Euskal Herrian.

Zentro haren lehen hamabost urteak aztertu ditu orain Gasteizko Artium museoak izaera dokumentala eta esperimentala duen erakusketa baten bidez: Artelekun zehar, 1987-2002. Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat du izenburu. 2026ko urtarrilaren 11ra arte bisitatu ahalko da museoko Plaza aretoan.

Artium museoak jardun artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskaini dizkien erakusketen hirugarren eta, oraingoz, azken kapitulua da Artelekuri eskainitakoa. Gaur zabaldutako erakusketak jarraipena ematen dio 2022an ikusgai jarritako Pentsatzeko leku bat izenekoari —1957 eta 1979 bitarteko hezkuntza jarduera esperimentalak landu zituen— eta iaz zabaldutako edonor denok inor ez deitutakoari —1978 eta 1991 bitartean prestakuntza artistikoa instituzionalizatzeko prozesuak jorratu zituen—.

«Artearen eta bizitzaren arteko mugak lausotzen zituzten esperientzia kolektibo ugari dokumentatu dira»MIKEL ONANDIAKomisarioa

Erakusketaren abiapuntua Arteleku zentroaren artxiboa da. Haren gainean lan mardula egin dute Sergio Rubira, Mikel Onandia eta Leire Bergara komisarioek, Artiumeko lantaldearekin elkarlanean, eta artxibo grafiko, ikus-entzunezko eta dokumentu sorta zabala bildu dute: margoak, eskulturak, argazkiak, bideo instalazioak... Artelekuk sorkuntza garaikidearen, pedagogiaren eta esperimentazioaren inguruan artikulatutako lan moldea bistaratzen du bildumak, «artearen eta bizitzaren arteko mugak lausotzen zituzten esperientzia kolektibo ugari dokumentatuta», Onaindiak azpimarratu duenez.

Gordailuak, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak, museoari utzitako artxiboarekin osatu dute bildumaren zati handiena, baina Artiumen eta Tabakaleraren hainbat lan eta beste zenbait funts osagarri ere erabili dituzte, hala nola Isabel Azkarateren eta Ricardo Iriarteren argazkiak. «Ahots ugariren erresonantzia kutxa bat izan zen Arteleku, eta bide beretik ondu dugu erakusketa koral eta polifonikoa», Bergarak adierazi duenez. Artelekuri buruzko «memoria kolektiboa» eraikitzeko aletxo bat jarri nahi izani dutela erantsi du Rubirak.

Pentsamendu kritikoa eta ezagutza kolektiboa

Onandia komisarioak gaurko aurkezpenean nabarmendu duenez, Artelekuren irekierak «mugarri» bat ezarri zuen arte garaikidearen ulerkeran; izan ere, ez zen soilik leku fisiko baten sorrera izan, Euskal Herrian arte garaikidearen ulermen eta praktikarako «paradigma berri baten» abiapuntua ere izan zen. Sorkuntzarako gune bat baino gehiago, pentsamendu kritikorako eta ezagutza kolektiborako plataforma bat. Jarduera ugari antolatu zituzten bertan, batez ere tailerrak, mintegiak eta erakusketak, eta, 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan, «erreferentzia» bat izan zen sorkuntza artistikoan, haren esanetan.

«Ahots ugariren erresonantzia kutxa bat izan zen Arteleku, eta bide beretik ondu dugu erakusketa koral eta polifonikoa»LEIRE BERGARAKomisarioa

Zentroaren lehen etapari erreparatu dio erakusketak, irakaskuntza bide alternatiboak, diziplinartekotasuna eta autonomia artistikoaren alde egindako apustuan indarra jarrita. Aldi horretan definitu zuen Artelekuk bere lana. Hasierako urteetan, serigrafia, litografia, harria, eskultura eta gisako diziplinetan oinarritutako tailerrak izan zituen oinarri, eta horien lagin zabal bat ikus daiteke erakusketan.

Hasieratik, Artelekuk interes handia izan zuen lengoaia eta teknologia berriekiko, eta ordura arte inoiz landu gabeko ikus-entzunezko lanak egin ziren han. Besteak beste, Bosgarren Kolektiboak (1986-1990) antolatutako Tolosako Bideoaldia jaialdiaren irudiak daude bilduman, bai eta Iñigo Arroyok, Iñigo Salaberriak eta Gabriel Villotak zuzendutako argazkigintzaren eta bideoaren inguruko tailerrenak ere.

Hortik aurrera, berriz, esperimentazio formal eta kontzeptualagoek hartu zuten protagonismoa, eta Angel Bados, Txomin Badiola, Eva Lootz, Pepe Espaliu, Antonio Muntadas eta halako artistek gidatutako tailerrek euskal sorkuntza garaikidearen belaunaldi oso baten praktika artistikoa eta posizionamendu politikoa definitu zuten.

Hala, erakusketan tokia dute Muntadasek proposatutako Hiriaren esku-hartzeak tailerreko lan batzuk (1994), Corine Diserens komisarioak eta Francis Gomilak zuzendutako Talkak tailerreko beste batzuk (1995) eta Espaliuren ardurapean izan zen Kondarreko borondatea tailer aitzindariaren beste hainbat. Lehen bi tailerrek artearen mugak museotik haratago eramatea planteatu zuten, eta hirugarrenak, aire zabalean egindako ekintzen bidez, performatibitatearen eta memoria kolektiboaren arteko harremanak esperimentatu zituen.

Arteleku-Artium
Leire Bergara, Sergio Rubira eta Mikel Onandia komisarioak, Artiumeko erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Feminismoaren eta artearen arteko elkargune berriak esploratu zituzten garai horretako tailer batzuen lanak ere ikus daitezke erakusketan —adibidez, Erreakzioa kolektibo feministaren Zure begietarako bakarrik—, bai eta nazioarteko artisten diskurtso berrien inguruko obrak ere —postmodernitatea, gorputzaren politika, desmaterializazioa eta espazio publikoaren erabilera berriak hizpide hartutakoak, besteak beste—. Halaber, Artelekurekin lotura izan duten pertsona batzuei elkarrizketak egin dizkiete, eta erakusketan ikusi eta entzun daitezke. Besteak beste, Fernando Galvano, Izaskun Irizar, Gabriel Villota, Iñaki Imaz, Ion Munduate, Estibaliz Sadaba, Antoni Muntadas eta Alicia Txillidari egin dizkiote.

Garai hartan bazen Artelekun sortzen zen material hura guztia argitaratu eta gizartearen esku jartzeko borondate argi bat, eta hala sortu zen Zehar aldizkaria. Erakusketaren izenburuak «keinu bat» egiten dio aldizkari horri. Eta ez da keinu bakarra. Erakusketa bat hitzak propio erabili dituztela azaldu du Rubirak: «Artelekuk egindako ekarpena hain izan zen zabala, ezen aurrerantzean bestelako erakusketak egongo direla pentsatu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.