Artelekutik Kalostrara

Arte eskola esperimental batek hartuko du Artelekuren lekukoa pedagogiaren arloan.«Artistek artistekin» ikasiko dute

Xabier Gantzarain eta Ikerne Badiola, atzo, Kalostran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Artelekuk bere zikloa betiko itxita, Kalostra arte eskola esperimentalak hartuko du aurrerantzean haren lekukoa pedagogiaren arloan, Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan. «Artista gazteei eta artista izan nahi dutenei» zuzendutako eskola esperimentala izango da Kalostra, baina oro har «artista orori irekia», Xabier Gantzarain eskolako egitasmoaren koordinatzaileak azaldu duenez.

Sei hilabeteko ikastaroak eskainiko ditu —urtero bi—, eta haietako bakoitza bi hiruhilekotan banatuko da. Ikastaro bakoitzak 15 ikasle izango ditu gehienez, eta sei, zazpi edo zortzi artistak osatutako klaustroak gidatuko ditu ikastaroaren nondik norakoak, aldez aurreko programarik gabe, diziplinak zehaztu eta mugatu gabe, parte hartzen duten ikasleen nahien eta premien arabera, etenik gabeko elkarrizketan, artearen ikuspegi ireki batekin beti.

Kalostrako ikasketak EHUren Leioako campuseko Arte Ederren Fakultatekoen «osagarri» izatea espero du Gantzarainek. Baina ez da ikasleen lana akademikoki ebaluatuko, eta ez da ikastaroaren amaieran titulurik banatuko. «Asmoa da ikastarora datorren artistak bere lana egiteko aukera izatea, klaustroa osatzen duten artistak laguntzaile dituela». Horretarako, ikasleak ez du zertan aldez aurretik proiektu bat izan.

Lehenbiziko ikastaroaren arduradunak artista ezagunak dira, Artelekuko tailerretan aritu eta gero artearen munduan ibilbide oparoak eginak gehienak: Ana Laura Alaez, Ibon Aranberri, Jon Mikel Euba, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Sergio Prego eta Maria Luisa Fernandez. Beste artista ezagun batzuek ere parte hartu dute eskolaren sorreran, Txomin Badiolak, Azucena Vieitesek Pello Agirrek eta Avelina Moyak, besteak beste.

Ikasle izan nahi dutenek eskaria egin dezakete dagoeneko, eta onartuak izanez gero 300 euro ordaindu beharko dute matrikula. Ikasleek prest egon beharko dute ikastaroak irauten duen sei hilabeteetan goiz eta arratsaldez aritzeko Kalostran. Artistaren curriculumari baino garrantzi handiagoa emango zaio, ikasleak aukeratzean, prestasunari eta motibazioari. Lehen ikastaroa martxoaren 2an hasi eta abuztuaren 7an amaituko da.

«Artistek artistekin ikasteko eskola esperimental bat da Kalostra», Gantzarainek azaldu duenez, «barrura begira egingo duena lana, astia eta lekua emango dizkiona artearen praktikari, artearen berezko balioa praktikan berean dagoela sinetsita, ez audientzietan, ez diruetan. Jarrera estetikoa baino gehiago, jarrera poetikoa hartzen du oinarri, eta belaunaldien arteko harremana, testuingurua bera, transmisioa eta ikasketa prozesu kolektiboa indartu nahi ditu, esperientzia konpartitu baten bidez».

Artistek hartuko dute eskolari forma emateko ardura, klaustroan bilduta, eta «eskolaren bizkarrezurra» horixe izango da. «Ez da, halere, goitik beherako eskola bat, badakienak ez dakienari irakasteko leku bat. Aitzitik, ez dakigun horixe da gehien interesatzen zaiguna. Harreman zuzenarekin, etengabeko elkarrizketaren bitartez ager dadin, eta denok denon artean ikasi ahal dezagun».

Kalostra «eskola esperimental bat» izango da, «artisten eskola bat, artistek artistekin ikasteko», Ikerne Badiolak Kultura diputatuak azaldu duenez. «Aurrekaria Arteleku da, eta batez ere han landu zen proiektu pedagogiko jakin bat. Baina aldi berean zeharo bestelakoa da. Beste garai eta beste behar batzuei lotua jaio da. Artearen testuingurua asko aldatu da, eta paisaia berrira egokitu beharra dago».

Artelekuren lekukoa

Santa Teresako klaustroan izango du gune nagusia eskolak, hots, beste hitz batez esanda, kalostran, eta hortik dator eman dioten izena. Gainera, aintzat hartu dute Kalostra hitzaren anagrama dela Art Skola. 175.000 euroko aurrekontua izango du 2015ean Kalostra arte esperimentaleko eskolak, Artelekuri emandako laguntzari dagokiona. Artelekuko liburutegia —eta Artelekuk aterpetutako beste gune eta programazio batzuk— Tabakalerara eramanak dituzte, eta Artelekuren historia amaitutzat eman daiteke jada.

«Arteleku bere horretan amaitu da, baina haren espirituak eta legatuak hor jarraitzen du», azaldu du Badiolak. «Tabakalerak hartuko du neurri batean haren lekukoa. Hura izango da kultura garaikidearen zentroa. Artelekuko liburutegia bertan dago, eta programazioa ere Tabakaleraren esku geratu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.