Antzerkia

Artetxeren, Perezen eta Errastiren antzezlanak liburu bilakatu ditu Ganbila bildumak

Galder Perezen 'Hiru geltoki lurrun', Eneritz Artetxeren 'Isiltasuna' eta Kepa Errastiren 'Mami Lebrun' antzerki liburuek osatzen dute Susa argitaletxeak eta Ehaze elkarteak sortutako bildumako bigarren labealdia

Kepa Errasti, Eneritz Artetxe eta Galder Pereze antzerkigileak, beren liburuekin, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 09a
16:26
Entzun

«Oraindik ere antzokiak itxita ditugun honetan, paperezko oholtza izan nahi du Ganbilak euskarazko teatro ahotsentzat». Susa argitaletxeak eta EHAZE Euskal Herriko antzerkizaleen elkarteak iazko neguan jarri zuten abian euskal antzerkiari eskainitako Ganbila izeneko liburu bilduma, eta bigarren labealdia aurkeztu dute orain. Iaz egin bezala, hiru liburu argitaratu dituzte oraingoan ere: Eneritz Artetxeren Isiltasuna, Kepa Errastiren Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun. Bigarren hirukote honekin «egonkortze bidean» ikusten du jadanik proiektua Oier Guillan koordinatzaileak, eta, zehaztu duenez, «euskal teatroaren iraganari, orainari eta etorkizunari begira» egindako bilduma izatea du helburu. «Euskal teatroan ezinbestekoa delako transmisioa, datozenek hutsetik hasi direla senti ez dezaten».

Aurkezpen prentsaurrekoa aldi berean izan da digitala eta fisikoa, eta, horregatik, antzerki munduko hamaika sortzaile batu ditu hitzorduak, Bilboko Bira aretoko aulki guztiak betetzeraino. Bildumaren bueltan gertatzen ari den saretzearen froga ere bada hori, proiektuaren parte direnek iradoki dutenez. «Ahalegin kolektibo bat da hau». Iragarri dutenez, gainera, zehaztua dute hurrengo bi sortetan parte hartuko duten egileen taldea ere. Haien artean dira Erika Olaizola, Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturbe, Sarah Kane, Amancay Gaztañaga, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola. Bildumara harpidetzeko aukera ere badago, eta proiektuaren kide egitearen garrantzia nabarmendu du Guillanek. «Harpidetza ezinbestekoa da bildumarentzat, antzerkian publikoa ere ezinbesteko den bezala». www.ganbila.eus orrialdean dago horretarako aukera.

'Isiltasuna', Eneritz Artetxe, Dxusturi teatroa

Eneritz Artxeren bi antzezlan biltzen ditu argitaratu berri duten Isiltasuna lanak: liburuari izenburua ematen dion Isiltasuna da bata, sekula taularatu gabea; eta Karramarroa izenekoa bakarrizketa da bestea, 2016an estreinatua. Lehen pieza oholtzan gustura ikusiko lukeela esan du egileak, baina pozik azaldu da bi lanak paperean argitaratu direlako. «Zure lanaren aurrean egoteko aukera ematen dizu honek, eta zeure buruari balioa emateko».

Laia izeneko antropologo bat da Isiltasuna piezako protagonista. Hitzaldi bat eskaintzera doa, eta hitzaldi horren bidez erakutsiko ditu antzezlanak pertsonaiaren bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko tentsioa, zeren eta, egileak azaldu duenez, publiko aurrean esaten duena eta egunerokoan egiten duena ez baitoaz beti bat. Artetxek esan duenez, buruan bueltaka zerabiltzan hainbat gai landu ditu lanean: adiskidetasuna, amatasuna, dibortzioa, feminismoari buruzko ikuspegi jakin bat, haurren aurkako bortizkeria ezkutua, udaletxeetako politika...

Bakarka landutako testua izan da Isiltasuna, eta, aldiz, beste ertzean kokatu du egileak Karramarroa antzezlanaren sorkuntza prozesua. «Hasi ginen ideia batzuen inguruan taula gainean inprobisatzen, Pablo Ibarluzearekin batera, baina bat-batean iritsi ginen leku batera non ez genuen gauza handirik argi ikusten, eta bertan behera utzi genuen antzezlana». Baina justu orduan agertu zen Antton Luku antzerkigilea, «aingeru bat bezala», eta hark proposatutako hainbat testuri tiraka lortu zuten berriz ere proiektua martxan jarri, eta, azkenean, taularatzea. Prozesu horregatik guztiagatik izendatu du lana «Frankenstein testu bat».

'Mami Lebrun', Kepa Errasti, Xake produkzioak.

«Argi nuen amonari omenaldi bat egin nahi niola». Kepa Errastiren kasuan, hori izan zen lehen bultzada, eta hari tiraka sortu zuen Mami Lebrun antzezlana. 2016an estreinatu zuten lehenengoz, eta hamaika emanaldi eskaini ostean, Donostiako Antzerki Saria ere irabazi zuen 2018an. Beste emanaldi sorta bat ere izan zuten ondoren, eta bidea amaitutzat eman ostean heldu da orain liburua. Errastik azaldu duenez, «polita» izan da lanaren hasiera-hasierako testua taldean nola eraldatzen zen bizitzea, eta, gero, berriz ere, azken emanalditik liburura nola pasatu den ikustea. «Betirako gelditzen den zerbaiten modukoa da antzezlana liburuan izatea».

Heriotza du gai nagusia antzezlanak, eta bi plano uztartzen ditu kontakizunak. Hil berri den amonari omenaldia egin nahi dion aktore bikotea dago, batetik, eta, aktore horiek berek jokatzen duten amonaren gaztaroko istorioa, bestetik. Tartekatuz doaz biak, eta joko horren kalitatea nabarmendu du Guillanek. Euskalkiarekin izan du zalantza Errastik. Izan ere, bizkaieraz zuen berak harremana amonarekin, eta, doinu eta erritmo hori idatzira nola eraman izan du lanetako bat.

Getari Etxegaraik zuzendu zuen taularatzea, eta Errastik berak, Ane Pikazak eta Ainara Ortegak antzeztu zituzten rol nagusiak. Pikazak egin du, horregatik, liburuaren azaleko irudia, eta Ortegak hitzaurrea idatzi dio.

'Hiru geltoki Lurrun', Galder Perez.

Nagusiki umore tonuan da ezagun Galder Perez aktore eta antzerkigilea, baina, Guillanen hitzetan, bestelako autore bat topatuko du irakurleak Hiru geltoki lurrun liburuan. Perezek egindako deskribapenaren arabera, «abiadura handiko hiru drama» biltzen ditu liburuak: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the reccord. Erabat independentea da haietako bakoitza, baina, nolabait ere, osotasun bat sortzen dute hirurek elkarrekin, egilearen ustez. «Oso geltoki intimoetan gertatzen diren antzezlanak dira hirurak, eta hirurak oso politikoak».

Gay sauna batean kokatuta dago Lurrun minez, esaterako, eta hiru pertsonaiaren arteko sexu, botere eta bortizkeria harremana kontatzen du. Cafe Bar Bilbaok antolatutako antzerki lan laburrentzako saria irabazi zuen lanak iaz, eta ozta-ozta iritsi ziren haren aurrestreinaldia egitera aurtengo Loraldian. Koronabirusaren eraginez, bertan behera gelditu zen jaialdia, ordea, eta lehen jendaurreko saio hartan gelditu zen proiektua. Iragarri dutenez, azkenean, urriaren 2an egingo dute estreinaldia, Bilbon bertan.

Benetako gertakari bat du oinarri Lau metrora izeneko pieza laburrak. Mozal legearen aurkako pintaketa bat egiten zebilen mutil bat harrapatu zuen tren batek 2017an Usurbilen (Gipuzkoa), eta koman egon zen gaztea denbora batez, eta, hain zuzen, gertakari hori kontatzen du antzezlanak. Ospitaleko gelan kokatu du pieza Perezek, eta ama eta tren gidaria ditu alboan. «Errua, mina, erantzukizuna, erabaki politikoak... gauza pila bat elkartzen dira gela txiki horretan».

Liburuko azken lana da komikoena: Off the record. Kazetaritzaren mixeriak eta elite politikoaren zigorgabetasuna ditu ardatz lanak. «Komedia politikoa da», azaldu du egileak, «komedia beltza, baina sekulako drama kontatzen duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.