Artikoak liluratuta

XIX. mendean, Ipar Poloaren gaineko istorioak ugaritu egin ziren Mendebaldean. Baita literaturan ere. Arthur Conan Doyle, Mary Shelley, Edgar Allan Poe, Jules Verne, Charles Dickens eta beste idazle asko erakarri zituen eremu horrek.

Arhur Conan Doyle 1880an joan zen Ipar Polora, Hope baleontzian. Bidaia hartan idatzi zuen kaierarena da argazkia. EFE.
2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hope baleontzia Eskoziatik ateratzekoa zen 1880ko otsailean, Ipar Polora heltzeko asmoarekin. Itsasoratzeko egun gutxi batzuk falta zirela, ordea, talentu handiko kapitaina buru zuen eskifaia medikurik gabe zegoen. Azken horrek, familia kontuak gorabehera, ezin izan zuen espedizioarekin bat egin. Haren tokia medikuntzako hirugarren urtea ikasten ari zen gazte batek bete zuen, Arthur Conan Doyle izenekoak. Hogei urte zituen lehen aldiz itsasoratu zenean; hogeita bat Ipar Polotik itzuli zenean.

Ezagun egingo zuten istorioak idatzi aurretik, Conan Doylek bi ipuin argitaratu zituen: fikziozkoa bata, nolabait benetakoak ziren gertaeretan oinarriturikoa bestea. Lehenengoan —The Captain of the Pole-Star (1883, Pole-Star-eko kapitaina)—, Artikorantz abiaturiko baleontzi bateko kapitainak burua nola galtzen duen azaltzen du prozesuaren lekuko den medikuntza ikasle gazte batek. Negua gainean duten arren, kapitainak iparralderantz zuzentzen du ontzia, harik eta izotzean harrapaturik geratzen diren arte. Berak bakarrik entzun ditzakeen ahotsei jarraituz, ontzia utzi eta heriotzarantz abiatzen da kapitaina, izotzezko paisaian barrena.

Sherlock Holmes detektibearen sortzailearen bigarren kontakizunak Ipar Poloaren gaineko bestelako ikuspegia agertzen du, ordea. The Captain of the Pole-Star argitaratu zuen urte berean, Portsmoutheko Literatur eta Zientzia Elkartean poloen esplorazioaren gaineko hitzaldia eskaini zuen egileak. Ipar Poloaren azterketa «giza ausardiarentzako erronka» zela eta hura aurrera eraman zezaketen gizonek «neurrigabeko adorea, beren buruak sakrifikatzeko borondate bikaina eta debozio handia» erakutsi behar zutela argudiatu zuen orduan. Hots, Artikoa «gizonarengan jainkotiarra» den horrentzako «entrenamendu eskola» iruditzen zitzaion.

Antzinatetik, poloek iritzi kontrajarriak eragin dituzte. Lurraren amaieratzat jo izan den espazioaren konkista helburu duin eta loriatsu zein ezinezko eta hilgarri moduan azaldu izan dute hainbat egilek. XIX. mendean, ordea, Ipar Poloaren gaineko istorioak aurreko garaietan baino maizago zirkulatzen hasi ziren Mendebaldean, hara espedizioan joandakoen eraginez. Batzuk, balea arrantzan abiatu ziren. Beste batzuek, Europa eta Asia arteko ibilbide laburrago bat aurkitzea zuten xede. Hirugarren talde bat ospearen bila joan zen.

Politikariak, negoziogizonak eta abenturazaleak ez ezik, Artikoaren fenomenoak Mary Shelley, Edgar Allan Poe, Jules Verne, Wilkie Collins, Charles Dickens eta beste hainbat egile ere liluratu zituen. Aldeak alde, egile horien lanetan poloak distopia moduan azaltzen dira, natura menperatzeko giza fantasia ez ezik gizateriaren beraren gainbehera markatzen duen espazioa. Edgar Allan Poek osatu zuen nobela bakarrean —The Narrative of Arthur Gordon Pym of Nantucket (1838, Nantucketeko Arthur Gordon Pymen narrazioa)—, protagonista matxinadatik, gosetik, sarraskitik eta kanibalismotik bizirik ateratzen da, eta itsaso polar batean bukatzen. Ur jauzi batek irentsita hiltzekoa denean, izaki erraldoi bat ikusten du, azalaren kolorea «elurraren zuri akasgabea» duena. Nonbait, Jules Verne amaiera horrekin gustura geratu ez, eta, An Antarctic Mystery nobelan (1897, Misterio antartikoa), Pym itsasotik erreskatatzen du, eta mendi batean hiltzen utzi.

Frankenstein ere bai

The Captain of the Pole-Star agertu eta sei hamarkada geroago, Mary Shelleyk Ipar Polorako bidean jarri zuen beste kapitain bat, Robert Walton: hara iristean, Victor Frankenstein izeneko doktorea erreskatatzen du izotzetik. Berak sortutako munstroa harrapatzeko asmoz abiatu zen Frankenstein Ipar Polora. Munstroak gizakien krudelkeriatik babesteko jo zuen hara, baita bere sortzailearen heriotza bultzateko ere, bai baitzekien bila joango zitzaiola. Gertaerak ez zaizkigu Frankensteinen beraren eskutik iristen, Waltonek Ingalaterrako arrebari idazten dizkion gutunen bidez baizik. Kapitainak, ordea, doktorearen istorioa kontatu ez ezik imitatu ere egiten du, hein handi batean. Frankensteinen antzera, harrokeria zientifikoak bultzatuta, polotik hurbil pasabide bat aurkituta «gizateria osoari azken belaunaldira arte» eskainiko zion «onura» sinetsita heltzen da Artikora. Eta Frankensteini gertatu bezala, Waltonen fantasiak amaiera tragikoa du. Arrebari bidaltzen dion lehen gutunetik bederatzi hilabetera, «izotz mendiek inguratuta» daudela eta haiek zanpatuak izateko arriskuan daudela idazten du. «Hotza ikaragarri handia da, eta zoritxarreko kamaradetako zenbaitek zerraldoan amaitu dute hondamendi honen erdian».

Nonbait, Ipar Poloa konkistatzeko aukerak ez zion beste eremuen konkistak eragindako dilema moralik pizten Britainia Handiari. Espazioaren zuritasunak eta ustezko hustasunak justifikatu egiten zuten eginkizun ohoragarri eta duin gisa. Chauvinismo ingelesak bultzatuta, milaka indigena hil ziren britainiar inperioaren izenean lurrak indarrez hartzearen ondorioz. Artikoan, jarrera berak hainbat indigenaren eta ingelesen heriotza eragin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.