«Wroclawn enbaxadore izan ginen, eta orain hemen, Donostian, anfitrioiak izatea dagokigu», azaldu zuen atzo Jaime de los Rios media-artistak, Donostia 2016k Kultur Hiriburutzak eta Etxepare Euskal Institutuak, Wroclaw 2016 Kultur Hiriburutzarekin lankidetzan, antolatutako Joan-etorriak truke programaren berri emateko Donostiako Tabakalera gune kulturalean egindako prentsaurrekoan. Programa horren barruan, Ainara LeGardon musikariarekin eta Eneko Gil koreografo dantzariarekin batera, De los Riosek egonaldi artistikoa egin du Wroclawn (Polonia), eta egunotan Poloniako hiru artista daude Donostian, gisa berean, egonaldi artistikoa egiten eta bakoitza bere proiektu artistikoa lantzen: Anna Nosowicz, Aleksandra Walaszek eta Gerard Lebik. Bigarren ekitaldia du aurtengoa Joan-etorriak programak. Iazkoan, Matxalen de Pedrok, Goiatz Labandibarrek eta Maialen Sarasuak egin zuten egonaldi artistikoa Wroclawn.
Gerard Lebikek atzo arratsaldean aurkeztu zuen Joan-etorriak truke programaren barruan egin duen lana —Haizearen orrazia. Denboran izoztutako soinua soinu-eskultura—, 2016 Gunean. Bihar, berriz, gainerako bost artistek aurkeztuko dituzte bakoitzak berea, 2016 Gunean eta Kaxilda liburu dendan. Lehenik, Ainara LeGardonen Desira anitz, zementu anitz performancea ikusteko aukera izango da Kaxildan, 18:30ean. Ondoren, 19:30ean, erakusketa kolektiboa irekiko da 2016 Bulegoan: Anna Nosowiczek Elgoibarko Herri Eskolako ikasleekin osatutako Erretratuak argi instalazioa; Jaime de los Rios eta Ainara LeGardonen Poktploketc performancea; eta Aleksandra Walaszeken Panorama proiektua. Lanen sortze prozesua erakusten duten ikus-entzunezkoak ere jasoko ditu erakusketak. Azkenik, 20:00etan, Eneko Gil Alberdik Bruno. Kanela koloreko dendak dantza soloa aurkeztuko du.
Pidgin baten moduan
Pidginkultura Plugin proiektuan, Jaime de los Riosek «euskara-poloniera ikusizko hiztegia» sortzeko asmoa garatu du Wroclawn, ezinbestekoak diren 500 hitz baino gehiago bilduta, hots, pidgin baten moduan, horretarako erabiltzaileen laguntza bilduz Twitter plataformaren bitartez. Wroclawko 4.000 erabiltzaile baino gehiagoren artean sortua da obra, De los Riosek azaldu duenez. Euskarazko eta polonierazko hitz bikote bakoitza Euskal Herriko eta Poloniako irudi banarekin nahastuta ageri dira De los Riosek osatu duen hiztegi sui generis-ean.
Eneko Gilek Bruno. Kanela koloreko dendak dantza soloa sortu du, Bruno Schulz idazle poloniarraren Sklepy Cynamonowe (1934, Kanela koloreko dendak) ipuin liburuko pasarteetan eta unibertsoan oinarrituta. Horretaz gain, Wroclawko hainbat koreograforekin eta bideogile batekin elkarlanean aritzeko aukera ere eman dio Joan-etorriak programak.
Ainara LeGardonek egindako lanak Desira, zementu du izenburu, eta ahotsa, objektuak eta gorputza batzen ditu, soinuzko obra bat sortzeko. Wroclawko nahiz Donostiako soinuak jaso ditu, emaitzen interpretazioa eskaini eta dena grabatu. Horrez gain, egonaldiaren ondorioz, LeGardonek Avant Art Festival jaialdian parte hartzeko aukera izan du, Dariusz Jackowskirekin eta beste hainbat artista poloniarrekin batera, musikariak batzuk, ikus-entzunezkoen arloko sortzaileak besteak. Vox Machinatione izena eman diote sortu duten proiektuari, eta jarraipena izango du datorren urtean, grabazioen eta kontzertuen bitartez.
Solasaldiak oinarri
Anna Nosowiczek Donostiako eta Elgoibarko (Gipuzkoa) herritarrekin solasaldietan osatu du bere lana, Erretratuak. Pintorea izan arren, kasu honetan, haren erantzuna ez da margolan bat izan. Donostian eta Elgoibarren izandako solaskideen berezitasunetan oinarrituta, argi instalazio bat sortu du, berak sortutako teknika baten bidez, plastikozko poltsetan sartutako mosaiko argiztatuekin. Horretaz gain, mediazio-dinamika bat garatu du Elgoibarko Herri Eskolako ikasleekin. Poloniako kulturaz mintzatu zitzaien Nosowicz, eta ikasleek hainbat gairi buruzko beren ikuspegiaren berri eman zioten.
Aleksandra Walaszek Wroclawn zehar ibiltzeko audio-gida bat lantzen ari zen, eta pentsatu zuen interesgarria izan zitekeela Wroclawko eta Donostiako soinuak batzea proiektu batean. Horrela sortu zuen Panorama. Soinuzko obra bat da funtsean, hainbat pertsonarekin izandako elkarrizketak jasotzen dituena, hiru hizkuntzatan —euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez—, eta objektuekiko harremanak ere erakusten dituena.
«Eduardo Txillidaren eskulturetatik denbora nola erauzi ikertzen» saiatu da Gerard Lebik, Haizearen orrazia. Denboran izoztutako soinua soinu-eskultura sortzeko prozesuan. Horretarako, Txillida-Leku bisitatu, Txillidaren testuak irakurri eta galdera asko planteatu ditu. «Uste dut erantzun batzuk aurkitu ditudala», adierazi du artistak. «Emaitza burdinazko soinu-eskultura handi bat da. Eskultura, makina edo robot baten moduan, berotu egiten da, burdina goritu arte. Ondoren, makina gelditu egiten da, eta obra lehengo tenperaturara itzultzen da. Txillidaren obretatik denbora nola erauz daitekeen erakusteko erabiltzen dudan hizkera sinboliko bat da».
Artista, enbaxadore eta anfitrioi
'Joan-etorriak' programaren bigarren ekitaldian parte hartu duten sei artistek beren lanak aurkeztu dituzte.Haiek ezagutzeko aukera izango da, bihar, 2016 Gunean eta Kaxildan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu